Andoaingo iragan gatazkatsua ikertuko duen txostena lantzea adostu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 11a, 02:00

Udal ordezkariek agerraldi bateratua egin dute Andoainen emandako "hilketak, giza-eskubideen bortxaketak eta  beste indarkeria ekintzen memoria" jasotzeko txostena egingo dutela iragartzeko. Argituz elkarteak jaso du txosten hori lantzeko enkargua.

Ana Carrere alkateak, udal ordezkari guztien izenean, adierazpena irakurri du:

"Duela bi urte Andoaingo Udaleko alderdi politikoek bakea eta bizikidetzaren inguruko elkarrizketa eraikitzaile bat bultzatzeko prozesu diskretu bati ekin genion. Mahai horrek egindako lanaren fruitu izan dira Memoriaren eguna ospatzeko adostutako testuak eta gai honen inguruko lehen zinema zikloa.

Zentzu honetan, prozesu honi esker, gure arteko desadostasunak lantzen ari gara aniztasunarekiko errespetua ardatz hartuta.

Prozesu honen baitan alderdi politiko guztiek erabaki dugu Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkartearekin batera Andoainen gertatutakoaren inguruko txosten bat egitea, hilketak, giza-eskubideen bortxaketak eta gure iragan gertuan gertatutako beste indarkeria ekintzen memoria jasotzeko. Elkarte honek dagoeneko eginak ditu horrelako txostenak Gipuzkoan eta bizikidetza mahaiak bizikidetza bultzatzeko eta herri mailako memoria politikak lantzeko tresna egokia izan daitekeela deritzo. Alderdi politiko guztiek enkarguaren irizpideak adostu ostean, Argituz Elkartea arduratuko da bere kabuz eta modu independentean txostena osatzeaz.

Jabetzen gara txostena gaiak lantzen jarraitzeko abiapuntua izango dela, eta datu berriak eman nahi dituzten pertsonen ekarpenekin aberasteko aukera egongo dela. Hala ere, 2018an zehar Andoainen aurkeztea espero dugun txosten hau egitea aukera bezala baloratzen dugu alderdi guztiok".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!