Joseba Larrarte arraunlaria, Kaikurekin itsasoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 11a, 02:00

Bost denboraldi egin zituen Joseba Larrarte billabonatarrak San Pedro taldean arraunlari, 2005 urtetik 2009ra. Kaiku taldean ari da azken denboraldian.

Aurtengo denboraldian Bizkaia aldera egin duzu jauzi. Nolatan sortu zitzaizun Kaiku taldean hasteko aukera? 

Ez nuen inondik inora espero, baina Jose Luis Kortaren deia jaso nuen Kaikun hastera animatuko al nintzatekeen galdezka. Etxean hergometroa dut eta jakinaren gainean zegoen forma mantentzen nuela. Kortak berak deituta, kirol mailan irabazteko aukera gehiago izan nezakeela pentsatu eta aurrera egitea erabaki nuen. Etxean nahiz lagunek ere animoak eman zizkidaten. Beste urte batzuetan ere izan ditut arraunera bueltatzeko aukerak, baino ez naute hainbeste motibatu. Kaiku kluba goi mailan egon da beti eta bertan hasteak ez du irabaziko duzunik esan nahi, baina erakarri egiten du.

 

Arraunlari berri ugari bildu zarete Bizkaitarra trainerura aurten. Zer moduz ekin diozue bideari?

Iazko denboralditik gaur egunera jende asko joan da Kaikutik. Iaztik sei lagun izango dira eta gainerako guztiak berriak gara. Talde berria sortu dugu eta horrek bere alderdi on eta txarrak ditu. Helburuak ere ez dira agian lehen Kaikuk zituen bezainbestekoak, taldea berria izanik, blokea ere osatu egin behar baita eta lehen urtean konjunto hori bilatzea oso zaila izaten da. Baina giro polita dugu taldean eta gustura gabiltza. Leku ezberdinetako arraunlariak bildu gara: Galiziakoak, malagarra, hego amerikarra, bizkaitarrak, gipuzkoarrak… Klub ezberdinetan ibilitako jendea. Aberasgarria da hori, baina bakoitzak gure arraunkera dugunez, zaila da denak bateratzea.

 

Zer moduz entrenatzaile berriarekin, Jose Luis Kortarekin?

Lehendik bistaz eta entzutez bakarrik ezagutzen nuen eta, egia esan, ez neukan berekiko oso ikuspegi onik. Baina aurten ezagutzeko aukera izan dut eta kontrakoa dela ikusi dut. Gurekin oso ondo jokatzen du, errespetuz eta jator. Lehen zakarra eta gogorra ikusten nuen, baina ez da ez bata eta ez bestea. Agian adinak aldatuko zuen… Hori bai, tarteka bere jenio bizia ateratzen du eta poxpoloa bezala pizten da. Ezagutu ondorenean, alderdi positiboak ikusi dizkiot Kortari. Entrenatzaile bezala, asko daki. 

 

Aurre-denboraldia bukatu eta denboraldiari ekin diozue berriki…

Azaroan hasi ginen entrenatzen eta orain artean ia egunero aritu gara. Uztailaren 1ean ekin diogu denboraldiari eta irailaren erdian amaituko da, azken estropadarekin batera. Orain arte aurre-denboraldiko estropadak izan dira, liga hasi aurreko estropadak. Entrenatzaile bakoitzak bere frogak egiteko baliagarri izaten dira eta motorrak berotzen hasteko modua.

 

Zer moduz joan da aurre-denboraldia?

Aurre-denboraldiko beste estropada batzuetan emaitza kaskarrak izan genituen, baina ekainaren 11koa irabazi egin genuen Lekeitioko uretan. Bakoitzak bere garrantzia ematen die emaitza horiei, baina hortik ezin dugu goi-goian ibiliko garenik ondorioztatu.

 

Zein helburu duzue 2017ko denboraldiari begira?

Klubaren helburuak ez dakizkit garbi, baina guk, arraun talde bezala, ohorezko tandan egoteko helburua jarria dugu; lau onenen artean, alegia. Behin hor egonda, ea denboraldia aurrea doan bezala, estropadaren bat edo beste irabazteko gai garen. Baina jakin badakigu oso zaila dela. Hondarribiak urte mordoa darama arraunlari berdinekin eta oso talde sendoa da. Urdaibaik baja dezente izan du, baina oso arraunlari onak ekarri ditu, eta Orio bera ere, punta-puntan ibiliko da. Hiru horiekin batera, laugarrena gu izatea nahiko genuke, baina badakigu laugarren postu horretarako gogoz talde gehiago ere badagoela eta zaila izango dela.

 

Arraunean, onenen artean zabiltza lehian. Orain hamabi urte arraunean hasi zinenean pentsatuko al zenuen halakorik?

Zazpi urtez geldirik egon naiz, arraunik egin gabe, tarteka beteranoekin estropadaren batean parte hartu arren. San Pedron aritu nintzen bost urteetatik hiru egin nituen goi mailan eta aurtengoa goi mailako laugarrena da. Lagun taldea kirola egiteko asmoz hasi ginenean, ez zitzaidan halakorik burutik pasa ere egin. Zazpi urtez arraunik egin gabe egon arren, har hori beti izan dut barruan; uda iritsi, estropadak ikusi eta inbiria puntua sentitzen nuen. Begira jarrita, ordea, urtea oso luze joaten da. Arraunak oso polita ematen du udako hiru hilabetean zehar, baina aurreko beste zortzi hilabetetan ez da arraunaz inor gogoratzen. Oso gogorra da hori; gu entrenatu eta entrenatu ari garen bitartean, ez baita ezer ikusten.

 

Asteartetan izan ezik, egunero entrenatzen duzu. Sestaora joan beharko duzu gainera! Goizez lana eta arratsaldean kirola… Nola moldatzen zara?

Uretako entrenamenduak Sestaon egiten ditugu eta lehorrekoak, neguan zehar, herrian bertan egiteko aukera izaten dugu. Hasieran hiru egunez joaten nintzen Sestaora, baina behin denboraldia hasita, astean sei egunetan joaten naiz uretan ibiltzeko. Hiru gipuzkoar gara taldean eta elkarrekin joaten garenez, horrek erraztu egiten du bidaia. Hala ere, lana eta entrenamenduak lotzea zaila da. Lantokian lanaldi murriztua eskatu nuen, baina goizean lan egin ondoren, arratsaldeko entrenamendua, ez da erraza etxekoekin bateratzeko ere. Entrenamenduaz gain, denbora asko igarotzen dugu bidaian. Etxetik arratsaldeko 17:00etan abiatu eta 23:00ak paseak izaten dira itzultzerako. Ordu asko dira eta urtea luze egiten da; gora-behera asko izaten da. Uda iritsitakoan, zailena egin ondoren, politena etorriko den esperantza izaten da. Ea urte guztian eginikoak merezi duen orain.

Nola antolatzen dituzue lehorreko entrenamenduak?

Asteko planifikazio osoa bidali egiten digute eta etxean bertan egiten dugu. Gero, egindakoa frogatzeko argazkia-edo bidaltzen diegu arduradunei. Modu horretan ez dago haraino joan beharrik. Hergometroa, gimnasioa eta korrika egiten dugu lehorreko entrenamenduetan eta urte hasieratik bukaerako entrenamenduek ez dute zerikusirik. Hasierakoetan bolumena lantzen dugu intentsitatea baino gehiago. Urtea aurrera doan bezala, intentsitatea bolumena baino gehiago.

 

2009 urtean Aiurrik eginiko elkarrizketan, “arrauna kirol gogorra da eta gauza asko alde batera utzi behar bada ere, tira egiten du” adierazpena egin zenuen. Berdin pentsatzen jarraitzen duzu, beraz...

Dudarik ez dago, bestela ez nintzen hasiko. Sentsazio onekin itsasoan ibiltzea gauza ederra da, baina kontrakoak ere izaten dira. Konpetizioa gustatu egiten zaigu eta lehia horrek harrapatu egiten du. Ni beti izan naiz lehiakorra eta hainbeste urtean geldirik egon ondoren, halako aukera sortuta, aurrera goaz; ikusi egin behar zer gertatzen den. 

 

Aurrera begira ere, arraunean jarraitzeko asmotan al zara?

Aurtengo denboraldiari begira nago eta aurtengoa bukatuta, nahikoa izango dut momentuz. Aurrera begira, ez daukat jarraitzeko inolako esperantzarik. Urtea oso gogorra egin zait; gogorra egiten da eguna joan eta eguna etorri bakarrik entrenatu beharra eta baita haruntza joan beharra ere. Gainera, 39 urte egingo ditut. Adinez ere behetik gora goaz. Ea aurten, Kortarekin, banderaren bat irabazteko zortea dudan. 

 

Teknologia

Pultsometrodun ordulariekin entrenatzen dute arraunlariek itsasoan eta bertan jasotzen dituzte datu guztiak. Pultsazioak neurtu eta prestatzaile fisikoari bidaltzen dizkiote gero, hark bere azterketak egin ditzan. “Datu horiei esker lasaiago edota gogorrago ibili behar dugun esaten digu. Garai batean ‘beti a tope’ ibili behar zela esaten zen, baina gaur egun frogatuta dago txarra dela horrela ibiltzea; ez baita formarik hartzen beti dena emanda”. 

Betidanik gustatu izan zaio Josebari hergometroa eta 2015ean, beteranoekin ibiltzeko entrenatu ahal izateko erosi egin zuen. “Gogorra da oso, baina ordubetetxo bertan ibiliz gero, pasada ederra hartzen da eta fisikoki mantentzeko balio du”. Hergometrotik itsasorako jauzia, ordea, handia da: “Hergometroak fisikoki sasoian jartzen laguntzen badu ere, uretan teknika behar da eta hori ez da hergometroan lantzen, inondik inora. Guk San Pedron arraunkera bat geneukan eta Kaikun beste bat daukate. Fisikoki jarri naiz, baina besteen arraunkeran jartzea kosta zait gehiago, ohitura batzuk hartuta baineuzkan lehendik”, adierazi du. 

 

Laburrean

Itsasoa: Donostiakoa. Paraje zoragarria da eta itsasoan, kaletik kalera alderik gutxiena izango du. Itsaso zabalean egiten da arraun. Baldintza horiek berezi egiten dute Donostia.

Txapelketa: Kontxa. Sortzen den giroagatik. Prestigiorik gehien duen bandera da Kontxakoa, arraunaren olinpiada. Arraunlari bati beti egiten zaion galdera, ‘zenbat Kontxa irabazi ditu?”. Irabazitako Kontxen arabera katalogatzen da arraunlaria. Ligak ere indar handia hartu du, baina ez Kontxak adinakoa.

Bandera ospakizuna: San Pedrorekin ACTko bi bandera irabazi genituen azken urtean. Baina denboraldia bukatu arte ez genuen ospatu, nahiko gogorra baikenuen entrenatzailea. 

Arrauna ez den beste kirolik? Gogoko dut bizikleta, baina kirol guztiak gustatzen zaizkit; baita ping-ponga ikustea ere, olinpiadatan.

Igeriketa beharrezko… Jakin badakit igerian, baina ez dut egiten. Igerian ez dakiten arraunlariak ezagutu ditut. Zaila bada ere, behin trainerua irauli egin zitzaigun San Pedron eta oso gaizki pasa zuen batek baino gehiagok. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!