Alatzne Etxaburua, berriz txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 11a, 02:00

Gipuzkoako azkartasunezko sega txapelketako irabazle izan da zizurkildarra. Aizkoran, segan, trontzan…, maila bikainean ari da.

Zizurkilgo Nekola baserriko belazean ospatu zuten, ekainaren 25ean, Gipuzkoako azkartasunezko sega txapelketa. Zortzi gizonek eta lau emakumek hartu zuen parte, ikuskizun polita eskainiz. Bi zizurkildar ere baziren tartean; Alatzne Etxaburua eta Peio Argaia. Biek ere lan bikaina egin zuten gainera; txapela jantzi zuen Alatznek, bigarren postuan sailkatu zen Peio.

Azkar eta txukun

Pozik dago Alatzne egindako lanarekin. Alaitz Imaz, Ainara Otamendi eta Irati Astondoa zituen aurkari. Belar saila ahalik eta denborarik gutxienean ebakitzea da txapelketaren funtsa, baina azkartasunaz gain, txukun aritzea ere garrantzitsua da. “Saila txukun uzten ez baduzu, segundoak gehitzen dizkizute. Horregatik, azkar egitea garrantzitsua da, noski, baina nire helburu nagusia txukuntasuna izaten da. Aurtengo txapelketan oso ondo atera zaizkit gauzak; oso penalizazio gutxi jaso nuen eta horrek eman zidan garaipena”. 

Ekaineko azken asteburua bete-betea izan zen Alatznerentzat. “Goizean aizkora erakustaldia izan nuen Tolosako Sanjuanetan, eta bezperan beste bi erakustaldi. Igande arratsaldeko txapelketara neka-neka eginda iritsi nintzen. Saioa hasitakoan, ordea, nekea ahaztu eta gustura aritu nintzen lanean”. Peio Argaia herrikideak jantzi zion txapela Alatzneri, asteburua amaitzeko modu borobila. 

Kirolari petoa

Aizkoran, segan, trontzan…, hainbat herri kiroletan aritzen da Alatzne. Entrenamendu saio mordoa egin beharra ekartzen dio horrek: “Segan entrenatu behar badut, segan aritzen naiz, aizkoran prestatzeko, aizkoran aritzea da hoberena. Uda aldean ez dut bestelako prestakuntza fisiko apartekorik egiten. Herri kirol bakoitzean aritu eta aritu, hori da, nire ustez, prestakuntzarik onena”.

Aizkoran ondo ikastea da Alatzneren hurrengo erronka. “Duela bi urte hasi nintzen aizkoran, eta oraindik trebatzen ari naiz. Horretarako, aizkoran aritzea da modurik egokiena eta horretan nabil, buru-belarri. Nahiko estu hartzen dut nire burua, eta ez naiz erraz konformatzen egindakoarekin, eskerrak ingurukoen laguntza eta animoak izaten ditudan”, azaldu du Alatznek irribarretsu.

Talde lana

Igor Esnaola da Alatzneren gidari eta prestatzaile nagusia. Eskertza hitzak ditu Alatznek Igorrentzat, “izan ere, ikaragarri daukat berari eskertzeko. Entrenamenduetarako egurrak prestatzen dizkit, aizkorarekin eman beharreko kolpeak gidatzen dizkit, erakustaldi eta txapelketa guztietara etortzen da…, nire kirol ibilbidea ezinezkoa izango litzateke berak hori guztia egingo ez balu. Igorrek beti esaten dit herri kiroletan talde lana funtsezkoa dela, ezinezkoa dela bakarka aritzea eta egia da, baina berak egiten duen lana eskertzekoa da”. 

Etxekoen babesa ere badu: “Xanti senarra belarra biltzen aritzen da ni segan aritzen naizenean, gurasoak eta seme-alabak ere animoak ematen aritzen zaizkit etengabe”. Alatznek azpimarratu duenez, “hori guztia ez da urrearekin ere ordaintzen”. 

Txapelketa eta erakustaldien atariko urduritasunak momentu txarrak pasa arazten dizkio: “Lehia hasi edo plazara atera aurretik, oso urduri jartzen naiz eta gaizki pasatzen dut. Epailearen txistu hotsa entzun ondoren, ordea, nire lanean murgiltzen naiz erabat. Ez dut inguruko zalaparta eta animorik entzun ere egiten; Igorren gomendioak eta etxekoren baten ahotsa besterik ez”. 

Pozik dago Alatzne herri kirolen munduan jaso duen babesarekin. “Egindako lana eskertzen eta balioan jartzen duen jende askorekin egin dut topo”.

Apustu gogoangarria

2015eko ekainean jokatu zuten bi emakumeren arteko lehendabiziko apustua. Irati Astondoak eta Alatzne Etxaburuak, aizkoran eta segan neurtu zituzten indarrak. Etxaburua izan zen garaile. Oroitzapen politak ditu Alatznek egun hartaz; “prestakuntza garaia gogorra izan zen, eta oso urduri ibili nintzen eguna iritsi aurreko astean. Nolanahi ere, egun horretan bizitutakoa errepika ezina izan zen, hunkigarria”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!