Ongietorria Ali Salem Saharako haurrari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 11a, 02:00

11 urteko Ali Salemi ongietorri ofiziala egin diote Andoaingo Udaletxean eguardian. Bi hilabeteko egonaldia egingo du Andoainen, Saharako herriarekin elkartasuna erakutsiz urtero egin ohi den egitasmoari eutsiz.

Ana Carrere alkateaz gain ekitaldian parte hartu dute Marijose Izagirre (EAJ), Maider Lainez (PSE-EE) eta Olga Hernandez (Ganemos), zinegotziek, Udaleko Ongizateko teknikari Ana Sanzek, Sahara-Hurria elkarteko Miren Erkiziak, eta nolaz ez, Iraola Treku familiako kideek, Ali Salemen bizikide izango direnak hurrengo bi hilabeteetan. 

Ali mutil-koskorra nahiko ezaguna da Andoainen jada, etortzen den bigarren urtea baitu familia berberarekin. Ekainaren 24an heldu zen herrira hain zuzen, Sanjuan jaien ospakizunak bete-betean zirela, eta irailaren hasiera arte egongo da bertan.  

Bestalde, Andoaingo Udalak Saharako beste bi haurren udako egonaldia ordaindu du. Haur horiek Tolosako aterpetxean egingo dituzte oporrak.    

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!