Harria. Maitasun istorioa, uztailaren 15ean Amasako kultur etxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 11a, 02:00

Amasa-Villabonako Udalak, Amasan ekintza kulturalak urte osoan sustatzeko bideari ekinez, Iñaki Perurena naparraren emanaldi berezia antolatu duela iragarri du, datorren larunbatean, uztailaren 15ean.

"Euskal Herri osoan oso ezaguna den harrijasotzaile eta aktore leitzarra, harriarekin datorkigu oraingoan ere, ez ohiko moduan ordea. Arratsaldeko zortzietan hasita, harriarekin izan duen istorioa modu berezian azalduko digu ordubete inguru irauten duen emankizun poetikoan. Harria metafora, adibide eta hausnarketa bihurtzen dituen emankizunarekin batera erakustaldia ere egingo du", jakinarazi dute udaletxeko kideek.

Iñaki Perurenarentzat, "harria urteetako bidelaguna izan da, bizi oso bat daramat harriarekin eta berarekin jarraitu nahi dut". Ezingo luke sufritu bere harri gainean hautsa ikustea sufritu, baina era berean, "hautsak harrotu nahi nituzke, arnas berritzeak bizia ematen dit eta ingurukoek ere neurri batean hori bizitzea nahiko nuke", dio leitzarrak.

Maite Izagirre alkateak, berriz, “egunero ikusten ez den ekitaldi berezi”  honetan parte hartzeko gonbitea luzatu die amasar eta billabonatar guztiei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!