Leitzaran harana, udan bisitariak hartzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 10a, 02:00

Eskaintza zabala du martxan Leitzarango Bisitarien Etxeak. Familian, lagunartean, bikoteka, taldean…, guztientzako moduko ekitaldi sorta dute prest. Naturgune paregabea barru-barrutik ezagutzeko aukera ematea da helburu nagusia. Otietako parkean dago Leitzarango Bisitarien Etxea, Andoaingo herrigunetik bi kilometro eskasera.

Oinez edo bizikletaz gerturatzeko aukera eskaintzen du horrek. Joan zen urtetik, Bizi Biziki enpresak kudeatzen du Bisitarien Etxea. Maddi Sarasolak eta Miren Arrigainek eman dute bertan lantzen dituzten ekimenen berri. “Leitzaranera gerturatzen direnei, gunearen inguruko informazioa zabaltzea da helburu nagusia. Horretarako, ekintza ezberdinak antolatzen ditugu urtean zehar; maila ezberdinetako kirol jarduerak edota baita ekintza lasaiagoak ere”, azaldu dute.

Martxotik azarora egoten da zabalik bisitarien etxea. “Asteburu eta jai egunetan zabaltzen dugu udaberrian zein udazkenean. Udan, berriz, haurren eskolako oporraldiarekin batera, egunero irekitzen ditugu ateak, 10:30etatik 18:30etara”. Geroz eta gehiago dira Bisitarien Etxera gerturatu, eta bertako eskaintza zabalaz gozatzen dutenak. 

 

Eskaintza finkoa

Leitzaran Bisitarien Etxeak eskaintza zabala du, horietako batzuk finkoak, noizbehinka antolatzen direnak besteak. Finkoen artean dago Uraren Interpretazio Zentroa. Bisitarien Etxean bertan dago interpretazio gunea. Leitzaran bailara biotopo babestua da, eta interpretazio gunean, bertako flora eta fauna ezagutzeaz gain, ondare industriala eta kulturala ere ezagut daitezke. 

 

Ibilbideak

Ibilbide ezberdinak egiteko informazioa ere zabaltzen dute Bisitarien Etxeko kideek, nola oinez, hala bizikletaz. Maddi Sarasolak azaldu duenez, “maila guztietara egokitutako ibilbideak prestatzen ditugu. Bailara pixka bat ezagutzeko eta umeekin egiteko moduko paseotxoak, edota kanaletan barrena ibiltzeko ibilbide luzeagoak, Adarrara igoera, etab.”. Bizikletaz egiteko ibilbide ezberdinak ere badituzte prest. “Ibilbide nagusia bide berdea da, Lekunberrira doana. Bestelako ibilbideak egitera gerturatzen den jendea ere badago, ordea; Adarrara, esaterako”. 

 

Alokairua eta transferra

Bizikletak alokatzeko aukera ere eskaintzen dute Leitzaran Bisitarien Etxean. “Hogeita hamar bizikleta baino gehiago ditugu, heldu zein haurrentzat. Aukera polita izan daiteke inguru hauetan barrena ibiltzeko”, azaldu du Mirenek. Transfer zerbitzua ere eskaintzen dutela azpimarratu dute elkarrizketatuek. “Bide berdean barrena ibili nahi dutenek, bereziki haurrak dituztenek edota bizikletan ibiltzeko ohitura handirik ez dutenek, nahiago izaten dute Lekunberritik abiatu, Andoain aldera jaisteko. Nahi izanez gero, geronek eramaten ditugu Lekunberrira, eta noski, baita bizikletak ere”.

Otietako atsedenlekuan dago Bisitarien Etxea, “horregatik, gerturatzen diren bisitari asko, atsedenlekura etorritakoak izaten dira. Uraren Interpretazio Zentroa bertan dugunez, bisitalditxoa egiteko aprobetxatzen dute, umeekin etortzen direnek bereziki”. 

 

Orientazio jolasa eta kanaling

Kirol jardueren eskaintza geroz eta zabalagoa da. Orientazio jolasa egiteko aukera, esaterako, zabalik dago. “Mapa topografikoa erabiliz, puntu zehatz batzuk bilatu behar dira. Familientzako jolas egokia da hau, oso ondo pasatzen dute”. 

Kanaling izeneko jarduera berri-berria da. “Neoprenoa jantzita, kanaletan barrena egiten den ibilaldia da, kanalaren albo batetik batzuetan, kanalaren barruan sartuta beste batzuetan. 3-4 orduko iraupena du jarduera honek, oso bide ederretan barrena”. Udan egiteko oso ekintza erakargarri izan daiteke kanalinga. 

Slow adventure

Kirolarekin hain lotuta egon gabe, inguruaren interpretaziorako ekimenak ere martxan dituzte Bisitarien Etxean. Ibilbide tematikoak dira horren adibide. “Leitzaranek dituen baliabideak ezagutarazteko baliagarriak dira, eta batere zailtasunik gabekoak. Leitzarango biotopoa eta inguruko fauna eta flora, kultur ondarea eta kondaira mitologikoak ezagutzeko aukera eskaintzen dute”, azaldu du Maddik. 

Mirenek azpimarratu duenez, ‘slow adventure’ terminoari ondo egokitzen zaio Bisitarien Etxeko eskaintza. “Modu lasaian ingurunea ezagutzeko pentsatutako ekintzak dira; gure helburua ez da adrenalina igoaraztea, Leitzaran ezagutuz gozaraztea baizik”. 

 

Agenda oparoa

Ekintza finkoez gain, bestelako ekintza batzuk ere antolatzen dituzte hilabetero: “Arrantza ikastaroak, tren berdea, GPS ikastaroa, ukendu tailerra, txakurren eguna…, webgunearen bidez ematen dugu prestatutako agendaren berri”. Erabat berritu dute webgunea, eta aldaketa nabaritu dute bai bisitarien kopuruan, baita jatorrian ere: “Lehen oso inguruko jendea bakarrik gerturatzen zen, Andoain eta Donostia bitartekoa. Webgunea berritu genuenetik, asko nabaritu dugu beste zenbait tokitako jendea ere etortzen hasia dela: Bizkaia, Gasteiz…, eta tarteka baita urrutiagokoak ere”, azaldu dute. 

Leitzaran bailararen irisgarritasuna azpimarratu nahi izan dute Maddik eta Mirenek. “Trenez Andoainera gerturatu, eta bi kilometro eskas oinez eginda gisa honetako paraje batera iristeko aukera izatea, primerako aukera da. Horrek asko errazten ditu gauzak”, dio Maddik. “Gure aldetik, bestalde, ahalik eta eskaintza irisgarriena osatu nahi dugu: bizikleta egokituak eskainiz, esaterako. Atsedenlekuaren ingurua oso ondo egokituta dago gurpildun aulkientzat, baina pixkanaka harago joan nahi genuke horretan ere”. 

Uda sasoian, eguraldi onarekin gerturatzen zaie jende kopururik handiena, baina Maddik Leitzaranek izan dezakeen beste puntu erakargarri bat azpimarratu nahi izan du: “Euria ari duenean, urjauzi txikiak sortzen dira edonon. Bustitzeko beldurra galdu, eta Leitzaranen barrena paseotxo bat egiteko gomendioa luzatu nahi dut; ingurune magikoa da”. 

Informazioa

www.leitzaran-andoain.eus-en edota sare sozialetan aurki daiteke Leitzaran Bisitaren Etxearen eskaintzaren inguruko informazio osoa. 

Zerbitzu hauetaz guztietaz gozatzeko, hobe izaten da aurrez erreserba egitea. 943 300 929 telefono zenbakira deitu behar da horretarako, edota info@leitzaran-andoain.eus helbidera idatzi. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!