Elixabet Gorriti, behien artean trebatzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 10a, 02:00

Zizurkilgo Irizibar baserrian ari da lanean gazte nafarra. Esne-behien munduak erakarrita gerturatu zen duela hiru hilabete, gustura ari da lanean. 

Ez gaude baserriko lanetan neska gazte bat ikusten ohituta. Nolaz iritsi zara Zizurkilgo Irizibar baserrira?

Nekazaritza eta abeltzaintzako ikasketak egin nituen Iruñean, eta praktikaldia Lacturale enpresan burutu nuen. Lagun batek esan zidan Gipuzkoako baserri batean langile baten bila zebiltzala, eta froga egitera animatu ninduen. Asteasun baditut ezagunak, eta haiei deitu nien, baserria non zegoen galdetzeko. Irizibarrera gerturatu, nagusiekin hitz egin, eta lanerako hartu ninduten. Hiru hilabete daramatzat bertan, oso gustura. 

 

Baserriko lanetan aritu izan al zara aurrez?

Uharte-Arakilgoa naiz, eta aitak esnetarako ardiak ditu. Umea nintzenean, beste animalia batzuk ere izaten genituen etxean; larre-behiak edo txerriak, esaterako. Mundu horretan hazi izan naiz eta ardiekin lan egitea ere egokitu zait, gurasoei laguntzeko. Gazte garaian ez nuen ezer jakin nahi etxeko ardiez. Ileapaintzaile ikasketak hasi nituen, baina berehala konturatu nintzen mundu hori ez zela niretzat egina. 18 urterekin, langabezian nengoela, aitarekin mendira joaten hasi nintzen, ardiekin laguntzera. Orduantxe konturatu nintzen oso gustura ibiltzen nintzela lan horretan, ondo pasatzen nuen aitari laguntzen eta ikasketak ere zentzu horretara bideratzea erabaki nuen. Botak eta arropa zaharrak jantzi, eta ukuiluan lan egitea gustatzen zait, baita mendian ere. Ez dut nire burua egunero bulego batean sartuta ikusten. Nolanahi ere, hortxe dut nire hurrengo erronka, izan ere, ez bainaiz batere ondo moldatzen ordenagailuekin; nekazal ustiakuntzatan, internet bidez egin behar dira kudeaketako kontu asko, eta horretan trebatu beharra daukat. 

 

Oso ezberdina al da ardiekin edo behiekin lan egitea?

Badago aldea, bai. Praktikaldian zehar ikasi nuen behiak gobernatzen, aurrez ez nuen ia esperientziarik. Hiru hilabete daramatzat Irizibar baserrian eta oraindik ikasten ari naiz. Belarretan aritzeko hemengo modua, esaterako, oso ezberdina da. Sail gehienak aldapatsuak dira eta eskuz lan handia egitera behartzen gaitu horrek. Ni sekula aritu gabea nintzen horretan. Oso esperientzia ona izaten ari da, asko ari naiz ikasten. 

 

Nolakoa da eguneroko lana?

Goizean 06:20 inguruan joaten naiz ukuilura. Goizeko jetzialdia prestatzen dut lehendabizi, eta ondoren, jetzi egiten ditugu behiak. Iluntzean prozesu berdina errepikatzen dugu. Gainerantzean, egunean zehar bestelako lanak egiten ditut; txekorrak tokiz mugitu, belarratara joan, erditzeak zaindu, behiak nola dauden begiratu, ondo jaten ari ote diren behatu... Egiteko ezberdinak izaten ditut egunean zehar.  

 

Zer esaten dizute ingurukoek zure lanbidea dela eta?

Etxekoak harrituta daude, kanpora ateratzeko erabakia hartu dudalako. Duela urte batzuk ez nuen pentsatu ere egingo etxeko lanak utzi eta kanpora joango nintzatekeenik. Praktikaldia egin ondoren, ordea, garbi ikusi dut oso onuragarria dela lanerako modu ezberdinak ikustea, esperientzia berriak bizitzea eta ikastea. Nire erabakiaren berri jakin zutenean, harriduraz hartu bazuten ere, orain pozik ikusten naute eta haiek ere pozik daude. Momentuz ez dira bisitan etorri, baina udan zehar etorriko direla iruditzen zait. Gustura erakutsiko diet zertan aritzen naizen. 

 

Anaia-arrebarik ba al duzu? Etxeko lanbideari eusten al diote haiek ere?

Lau anaia-arreba gara eta guztiak bestelako lanbidetan aritzen dira, nahiz eta etxean ere laguntzen duten, noski. Nik argi dut baserriko lanari eutsi nahi diodala, nahiz eta ez dakidan ardiekin, behiekin edo beste ustiakuntzaren batekin jarraituko dudan. Momentuz, ikastea eta frogatzea egokitzen zait, eta horretan ari naiz. 

 

Ez da ohikoena emakume gazte bat baserriko lanetan ikustea…

Geroz eta gehiago gaudela esango nuke. Nire lagunen artean, esaterako, batek baino gehiagok egin du hautu hori. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!