Garagardo azoka, Txermindik Irrintzi elkartera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 10a, 02:00

Aurten ez da Garagardo azokarik izango Txermingo ikastola azpian, baina oturduak eta garagardoa dastatzeko aukera eskainiko dute uztailaren 14tik 16ra Irrintzi elkartean.

Garagardo azokaren XXI. edizioa ez da, ohi bezala, Txermingo ikastola azpian izango. Formatu txikiagoan izanagatik, ordea, azokako eskaintzez gozatzeko aukerari eutsi egingo zaio antolatzaileen egoitzan, Kale Nagusiko Irrintzi elkartean. Elkarteko egungo lehendakari Gaizka Ezeizak eta lehendakari-orde Borja Aranzabek aldaketa horren arrazoiak azaldu dituzte. “Zubimusu ikastolan obrak egin behar dituzte eta zuzenean eragiten digute lan horiek, obrek mugatzen diguten espazio hori oso garrantzitsua baita guretzat. Toki horren faltan, espazioa eta azpiegitura egokitu beharra geneukan, baina asko eragiten zigun bai aforo aldetik eta baita lan egiteko moduari begira ere”, argitu du Borja Aranzabek. Zubimusu ikastolako berrikuntzak, Irrintzi elkarteko kideek azokarako sukaldea jartzen zuten gunean egingo baitira eta ez zaie oso txukuna iruditzen egoera horretan janaria maneiatzea. “Espazioari begira aldaketa asko egin beharra zegoen eta denboraz ere juxtu samar genbiltzan”, gaineratu du Gaizka Ezeizak.

 

Berreskuratzeko nahia

Irrintziren Garagardo azokak oihartzuna ez ezik, hedadura handia hartu du azken 20 urteetan eta maila hari erantzuteko hari mutur asko lotu behar da, “antolaketa oso konplexua da eta lege aldetik ere, eskaerak gero eta zorrotzagoak dira. Aforoa handia da eta errespontsabilitatea ere bai. Obren gaiak aurten azokarik ez egiteko erabakian eragin zuzena badu ere, faktore asko hartu dugu kontuan”, azaldu dute. Esaterako, obrez gain, lehen barra jartzen zuten tokian, Zubimusu ikastolako larrialdietarako eskailera jarrita dago egun eta barra ere lekuz aldatu beharrean zeuden. “Baldintzatu gaituzten faktore asko geneukan eta ez arriskatzea erabaki dugu aurten. Izan ere, azken urteetan irabaziak jaitsi egin baitira, alkoholemia kontrolen ondorioz jendeak gutxiago edaten duelako edota krisiak eraginda... Irabaziak jaitsita, ikastola obretan egonda, aforoa murriztuta, eta hori guztia aurreikusteko denbora gutxi edukita, obrak bukatu arte itxarotea erabaki dugu”, azaldu dute Ezeizak eta Aranzabek. Obrak bukatu ondoren hartuko dituzte erabakiak, irailean gaia aztertzen hasita, bideragarritasun plana egingo dute. Bazkideen artean bozketa egin eta gero, gauza bat argi geratu baitzaie; bazkideen gehiengoak Garagardo azokari eusteko gogoa duela. “Irrintziko bazkideen aldetik, Garagardo azokarekin aurrera jarraitu nahi dugu. Hurrengo urtean berriz ere, betiko azoka berreskuratzen saiatuko gara, baina aurten etenaldia behar genuen, ezin baikenuen ero-eroan arriskatu”, diote.

Herritarren estimua

Aurtengoan geldialdia izango da, baina inondik ere, ez azokaren bukaera. Eta esan bezala, aurten ere garagardoa nahiz azokako menua dastatu eta lagunartean biltzeko aukera izango da uztailaren 14tik 16ra Irrintzi elkartean, nahi duen orori irekita “ostiral gauean, larunbat eguerdi eta gauean nahiz igande eguerdian menu itxia eskainiko dugu elkarteko bi jantokietan eta, patioan, barra jarriko dugu garagardoa dastatu ahal izateko”. Hogei urteko tradizioa eraldatu egingo da beraz, baina ez dute etengo. 

Azokaren geldialdiaren inguruan, elkarrizketatuentzat positiboena, herritarrek azoka nola estimatzen duten ikustea izan da. “Jende asko gerturatu zaigu azken asteotan azokaren inguruan galdezka; harrigarria egin zaigu jendearentzat zer nolako pisua duen eta nola baloratzen duten ikustea. Dudarik gabe, kontuan hartzen da eta aurten ez egiteak zeresana piztu du”. Festen aurreko asteburuan, hogei urtez antolatu da azoka segida-segidan eta, dudarik gabe, Santio jaietarako motorrak berotzen hasteko lagungarri zen. “Gure belaunaldikook Garagardo azoka lehenik eta segidan festak bizi izan ditugu. Villabonak, Santioen ondoren, daukan hitzordurik garrantzitsuena da Garagardo azoka eta ez egiteak min eman dio bati baino gehiagori; guri, lehenengo”, argitu du Aranzabek.

 

aurten Irrintzi elkartean

Villabonakoa Gipuzkoan sortutako Garagardo azokarik zaharrenetakoa da eta, baita urtetan gehien iraun duena ere. Oihartzun handia izan du herrian nahiz kanpoan. “Beste herrietan azokak antolatu izan direnean, Irrintzi elkartera deitu izan dute orientazio edo laguntza eske. Dudarik gabe, ondoko herrientzat erreferentzia izan da gure azoka”. Etenaldiarekin, antolatzaileek bezala, herritarrek eta tabernariek ere pena hartu dute. Jende asko bildu eta mugimendu handia sortzen baitzuen azokak herrian, bai Txermin auzoan nola Kale Nagusian edota Berrian ere. Baina guztiek ere, lasaitua hartuko dute, txikiagoa izan arren, azokari eutsi egingo zaiola jakitean. “Azoka Txermin auzoan izanda, hango tabernetan bereziki mugimendu handia sortzen zuen, baina baita herriaren erdialdean ere. Aurtengo eskaintzak ere herri mailan mugimendua sortuko duela espero dugu, herritarren aldetik erantzun ona izango duela. Jende askok egun horietan lagunartean biltzeko ohitura zuen eta ohiturarekin jarraitzeko aukera izango du aurten ere”.

 

Erreserbak aurrez

Uztailaren 14, 15 edo 16an Irrintzi elkartean otorduak egiteko, Iru Aldeta tabernan edo Irrintzi elkartean (19:00-21:00) eros daitezke sarrerak, 40 euroan, bi lagunentzat. “Azoka elkartean bertan izateak badu bere prestigio puntua. Batzuek ez dute Irrintzi elkartea ezagutuko eta gure elkartea erakusteko modua da”, Borja Aranzaberen ustez. Eta nork daki, “gerturatzen direnetako batzuk agian animatuko dira bazkide egitera”. Egun horietan zehar nahikoa lan izango dute Irrintziko bazkideek, baina lehen lanean 150 lagun aritzen baziren, 20ren batekin moldatuko direla aurreikusten dute orain. “Lan handia izango dugu asteburuan, baina Txermingoarekin alderatuta askoz ere gutxiago. Otordu bakoitzean 120 bat lagun biltzea zenbaki polita iruditzen zaigu, 50-60 ukondo zerbitzatzea. Hortik gora eromena litzateke, baina ikusi egin behar zer nolako erantzuna izaten duen”. Guztiz esperientzia berria izango da elkarteko eskaintza eurentzat eta ondo neurtu nahi dute guztia. Horregatik emango diote garrantzia erreserben gaiari. 

 

Garagardo asteburua

Uztailak 14, ostirala: Afaria eta dastaketa.

Uztailak 15, larunbata: Bazkaria, afaria eta dastaketa.

Uztailak 16, igandea:  Bazkaria eta dastaketa.

 

Menu itxia: 

4 saltxitxa, gula errazio 1, ukondo 1, izozki 1 eta 4 garagardo (2 pertsonentzat). Prezioa: 40 euro.

Garagardoa: 

Lau garagardotara murriztuko da eskaintza: Bi arrunt eta bi berezi. Arrunta: 3 euro / Berezia: 3,5 euro.

Erreleboa

Irrintzi elkarteko belaunaldi berak bideratu du orain artean azokako martxa nagusiki. Erreleborik etorriko ote da aurrera begira? “Belaunaldi aldaketa mantsoa izaten ari da Irrintzi elkartean, azken bizpahiru urteotan zazpi bat gazte berri egin da elkarteko bazkide, baina dudarik gabe, lanerako gogoz gauden bazkide gazte gehiago bilduko bagina, errazago egingo genuke aldaketa hori. Betiko bazkideak ari dira lanean eta hogei urteren ondoren, batzuk nekatu egin dira dagoeneko, besteak gogoz daude oraindik. Pixkanaka bagoaz, baina elkarteari jende gaztea bazkide egitea falta zaio. Ea tipi-tapa, pixkanaka berritzen garen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!