Kalitate handiko lanentzat Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 11a, 02:00

Ortzadar gehigarriak, Eguna egunkaria historikoak, Iñigo Astizek eta Maite Mutuberriak, eta, Goiena Telebistako Kulturrizketak saioak jaso dituzte XXIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak.

[Argazkiak]

Hona, nortuzk jaso dituzten Xabier Laka eskulturgileak egindako oroigarria:

Bi Aipamen Berezi

Noticias taldeak larunbatero argitaratzen duen gehigarriak jaso du bata, eta, 1937ko urtarrilean kaleratu zen Eguna egunkariak bestea. Epaimahaiak Ortzadarrek 20 urtetan asterik aste euskarazko literatur eta kultur sorkuntzaren berri euskaraz eman izana azpimarratu dute. Egunari dagokionez, mugarri izan zelako euskarazko kazetaritzaren premiaren kontzientzian. 1937ko urtarrilean 1ean atera zen kalera lehenbiziko aldiz, eta 139 zenbaki egin zituen jarraian, jazarraldi faxistak 1937ko ekainean eragotzi zion arte. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbaok jaso du saria, bertako artxiboan gordetzen baita zenbaki guztin bilduma osoa.

 

Sari Berezia

Epaimahaiaren Sari Berezia: Iñigo Astiz kazetariarentzat eta Maite Mutuberria ilustratzailearentzat izan da, Koxitenean izenburua duen erreportaje liburuagatik; erreportajeak Berria egunkarian argitaratu ziren lehenbizi, eta liburu batean bildu gerora. Iñigo Astiz “kontalari bikaina, ausarta, orijinala eta zorrotza” dela aipatu du epaimahaiak. Eta zera erantsi, besteak beste: “Kixoteren inguruan egindako sortak bere idazkuntzaren abilezia erakusten du, kazetaritzan bestelako kontatzeko erak posible direla erakutsiz”. Mutuberria ilustratzaileak, berriz, “era modernotasunez blaitu du Kixoteren bila egindako bidaiaren kontakizuna”.  

  

Kazetaritza Saria

Goiena Telebistako Kulturrizketak izeneko saioak jaso du Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. La taldea, honakoek osatzen dute: Mikel Ezkerro, Andoni Bodes, Jagoba Domingo, Txomin Madina, Monika Montero eta Oihane Agirre.

Kulturrizketa “Europako edozein telebistak izan lezakeen saio modernoa da” epaimahaiaren aburuz. “Bizi garen garai bizkorretan pausaldia egiteko aukera ematen du modu atsegin eta entretenigarrian, eta aldi berean arinkeriatik urrun”.  

Azkenik, Kazetaritza Berria Saria, 27 urtez azpiko kazetarientzat bideratutako saria alegia, hutsik uztea erabaki du epaimahaiak, oso lan gutxi aurkeztu direlako atal horretara.

Epaimahaia, Maria Gonzalez, Goizalde Landabaso, Goio Arana eta Xabier Landabideak osatu dute, Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko Euskara eta Langileriako zinegotzia epaimahaiburua izan delarik, eta Patxi Baztarrika Udal Euskara Teknikaria, berriz, idazkaria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!