Joxelu Zubeldia: "Arriskua eta beldurra sentitzen dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 10a, 02:00

Atzo iluntzean Iruran N-1 errepidean, Villabonarako norabidean, kamioiaren eta Lurraldebuseko TSST lineazko autobusaren artean gertatu zen istripuan 17 pertsona zauritu ziren. Joxelu Zubeldia TSSTko autobus gidari eta prebentzio arduradunak hitza hartu du:

Argazkiak

Dirudienez, autobus-geltokian geldirik zegoen autobusa atzetik gogor jo zuen edariak garraiatzen zituen kamioiak eta, talka latzaren ondorioz, errepide bazterreko hesia gainditu eta Laskibarko lurretan geratu zen autobusa. Autobus barruko bidaiariek sekulako ikara sentitu zuten. Bidaiarietako asko billabonatarrak ziren, -zazpi behintzat bai-, eta zauritu larriago eta arinagoak daude haien artean. Gehienek etxean igaro dute gaua, baina ospitalean ere bai zenbaitek. Guztiak ere gainetik izua kendu ezinik.

Arriskua eta beldurra 

Lurraldebuseko TSST autobusen gidari eta prebentzio arduradun Joxelu Zubeldia asteasuarrak, Aiurri aldizkariari jakinarazi dionez, atzo iluntzean Irurara gerturatu zenean "inpotentzia" sentitu zuen. "Inpotentzia, behin eta berriz salatu izan dugulako egoera hori eta beldurra sentitzen genuelako gune horretan. Arriskua eta beldurra". Ez du ulertzen nola XXI. mendean halako autobus-geltokirik egon daitekeen N-1 errepidearen erdian. "Laskibarko geltokian autobusa geldirik badago, bi kamioi ez dira sartzen errepidean. Kamioi gidariek ulertzen dute gure beldurra, baina geltoki hartatik abiatzen garenean bozina jotzen digute maiz, oso arriskutsua baita irteera eta guk burua jaitsi behar izaten dugu bidaiarien aurrean". Pertsonekin lan egiten dutela gogoratu du eta pertsonak merezi duen bezala eraman nahi dituztela alde batetik bestera, "ez ditugu trasteak garraiatzen". Autobus gidarientzat oso gogorra da arriskuan eta beldurrez lan egin beharra eta zer esanik ez, zaurituak ikusi beharra, "edozein gidarirentzat oso gogorra da gure bizkar 17 zauritu ikustea. Hori izugarria da psikologikoki. Bidaiariak ezagunak ditugu, ia egunero eramaten ditugu batetik bestera. Eta ezagunak ez badira ere, pertsonak dira eta pertsona bezala tratatu nahi ditugu". Behin baino gehiagotan salatu dituzte Foru Aldundian arrisku egoera horiek eta atzoko istripua gertatu aurretik irtenbidea izatea nahiko zuketen arren, aldaketa ondorenean etorri beharko duela adierazi du Zubeldiak. "Denbora arazoengatik, presaka ibili behar izaten dugu askotan eta hori ere maiz salatu izan dugu. Neurri egokiak hartzea ezinbestekoa da eta erantzun hori espero dugu". Gainera, Laskibarko geltokiaz gain, beste bi arrisku puntu ere begiz jota eta salatuta dituzte aspaldian, "Villabona eta Andoain artean, Resa enpresaren parean dauden bi geltokiak oso arriskutsuak dira, bai Donostiarako norabidean eta are arriskutsuagoa Tolosa aldera doan bidean. Hori ere kontuan hartzea eskatzen dugu".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!