Bullyingari aurre egiteko bideokliparen grabaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 7a, 02:00

Ondarreta ikastetxeko ikasleek eskola jazarpenaren aurkako bideoklipa egin dute, El Langui rap kantariaren “se buscan valientes” abestia erabiliz. Susana Alvarez eta Irati Madariaga gurasoek koreografia prestatu dute, eta aldi berean, Maitane Balerdi eta Gema Arratibel irakasleek berdintasunaren aldeko baloreak landu dituzte abestiaren letraz baliatuz. 

El Langui (Juan Manuel Montilla) rap kantari ezagunak ikastetxeetan bullyingaren gaia jorratzeko asmoz “Se buscan valientes” abestia kaleratu zuen 2017ko urtarrilean, eta handik gutxira, Susana Alvarez eta Irati Madariaga Ondarretako ikastetxeko gurasoei otu zitzaien bideoklipa egin zitekeela ikasleekin, abestia erabiliz. Ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia jaso, eta lanean jarri ziren. Eskolaz kanpoko ekintza den Zumbako monitore gida aritu dira ikasturte osoan ikastetxean 30 ikaslerekin, eta horiekin ekin zioten koreografiari. Gurasoa ere baden Aitor Iturralderen laguntza izan zuten, grabazio eta montaje lanetarako.
Pozik daude hasieratik jaso zuten erantzunarekin eta baita azken emaitzarekin ere. “Bideoklipa gure 30 umeekin egitea pentsatua geneukan hasieran, baina azkenean ikastetxeko lau ikasturteetako ehun bat animatu ziren. 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasle guzti-guztiek parte hartu nahi izan zuten. Grabaketa ikastetxeko patioan bertan egin zen, eta horren ostean, Aitor Iturraldek montaje polita egin zigun. Bere facebook-eko kontura igo zuenetik ia sei mila bisita edukitzera iritsi da”.

Ausartak behar ditugu
Abestiarekin bideoklipa grabatu den denbora berean, eskola jazarpenaren eta berarekin lotutako beste zenbait gai jorratu dituzte ikastetxe barruan, 3. eta 4. mailako ikasgeletan. Maitane Balerdi eta Gema Arratibel irakasleek abestiaren letra euskaratzeaz gain, berdintasunaren aldeko baloreak landu dituzte; ezberdintasuna aberastasun gisa hartzearen aldeko ideia zabaldu nahi izan dute horrela. “Eskolan, eguneroko elkarbizitzan liskarrak sortzen direnean, berehala konpontzen saiatzen gara, eta bestalde, astean zehar tutoritza orduak edukitzen ditugu egoera horiek nola bideratu ikasteko. Ordu horiek abestiaren letrarekin lan egitera bideratu ditugu, azken batean”.
Ahulena iraintzen duenari aurre egingo dioten ausartak nahi direla. Mezu horixe zabaldu nahi izan dute ikasleen artean. “Jokabideetan izan daitezela aktiboak, injustiziaren aurrean ez dezaten ez ikusiarena egin. Irain edo jazarpen motaren bat sufritzen ari den ikaskide horrekin enpatiza dezatela, eta bere aldeko jarrera aktiboa har dezatela. “Beltz zikina!”, “moro zikina!” “lesbiana zikina!” edo antzeko irainak entzutean, denak senti gaitezen irainduak, denak senti gaitezen beltz, magrebiar edo lesbiana”.
Bi irakasleak oso gustura geratu dira abestia landuz ikasleengandik lortu duten erantzunagatik. Izan ere, zenbaitetan, balore baikorrak transmititzeko, ez dago gazteek eurek kontsumitzen dituzten kultur adierazpenetara jotzea bezalakorik.

“Bihoztunak behar ditugu”
KANTUAREN HITZAK
Bihoztunak behar dizkiagu/dizkina(g)u,
//senti de(g)una esateko
Ausartak, ahulena  babestu, // eta defendatzeko
Premiazkoa haiz,
// ba(da)kin / ba(da)kik zer gertatzen den,
Ez bestalde(r)a be(g)iratu,
// gaiztoari beldurrik ez.
Ausartak behar dizkiagu/dizkina(g)u
laguntzeko,
Darth Vaderri aurre (eg)iteko
(e)ta ganberro batzuei,
// abusuak gelditzeko
Alde harroputz, eta entzun,
// ondo eta tentuz.
Jarrai (e)zak/(e)zan aurrera,
// ez geratu atzean  
Errespetua eskatu,
(e)ta azpimarratu (d)iat/(d)inat.
Motxila liburu gabe,
arinago zian/ziak.
Izan ausart, (e)ta ez onartu atzo ikusia.
Bakarturik norbait bazagon/bazagok,
Bazterturik norbait bazagon/bazagok,
jarri haren tokian,
// ni, bere-ondoan nagon/nagok!!
jarri haren tokian,
(e)ta harroputza atzera.
Hi, lagun!!
ausartaren indarra bihotzean dun/duk.
Ausartak behar dizkiagu/dizkinagu,
Ausartak behar dizkiagu/dizkinagu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!