Herritarren Arreta Zerbitzu berriaren obren hasiera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 6a, 02:00

Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, urte bukaera aldera aurreikusten da udaletxean egin beharreko gestioak hobetzen lagunduko duen Herritarren Arreta Zerbitzua martxan jartzea:

Gure herrian izapideak eta gestioak nabarmenki hobetzen lagunduko duen Amasa-Villabonako Herritarren Arreta Zerbitzu berria hasi da itxura hartzen. Obra, BIGARA Equipamientos de Oficina S.L enpresari esleitu zitzaion 121.000 eurogatik, eta lanak duela aste batzuk hasi ziren.

Obraren exekuzio epea 12 astekoa izango da. Lanen planifikazioak bi fase desberdin izango ditu: lehen fase batean, duela gutxi arte kale-hezitzaileek erabiltzen zuten lokala eta biltegia egokituko dira, Udaltzaingoaren bulego berriak jartzeko. Behin udaltzainak egoitza berrira pasa ondoren, bigarren faseari hasiera emango zaio; bigarren fase honetan, Udaltzaingoaren gaur egungo lokalalak eraitsi eta Herritarren Arreta Zerbitzurako egokituko dira. Hala ere, Udaltzaingoak ez du lekualdatzerik egingo Santio jaiak amaitu arte, egun horietan festak ondo igarotzeko hain garrantzitsua den bere lanak oztoporik izan ez dezan. “Obra hauek pentsatuta daude, herritarrengan inolako eraginik ez izateko” dio Maite Izagirre alkateak.

Obra hauekin batera, bulego berri hauetarako altzarien eskaintza desberdinak aztertzen ari da Udala. Bulego berri honen irekierak, arretan eta arazo administratiboen ebazpenean, lehen lerroan jarriko du Amasa-Villabona.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!