Kandida Kaletxikin, Kandidori atseden emanez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 30a, 02:00

Ainara Lasa izango da aurtengo Kandida, ostegunean hasi eta igandera arte luzatuko diren Kaletxiko jaietan. Lasa auzoko jaiak oso-oso barrutik bizitzen duen familiako kidea da. 
Kandidaren paperan lehenbiziko emakumea den arren, horri baino garrantzi handiagoa ematen dio hartu duen erantzukizunari txukun erantzuteari.

Zer dela-eta Kandida?  
Ainara Lasa:
Jai batzordekoek proposatu izan zidaten aurreko urteren batean, baina ezezkoa erantzun nien orduan. Aurten ere etorri zaizkit, eta zer arraio! Batzuetan ez da komeni bi aldiz pentsatzen ibiltzea! Egia da nire burua Kandidaren larruan jarrita irudikatzen hasten naizenean, halako beldur eszenikoa sartzen zaidala gorputzean. Baina horren gainetik, auzoko festei zor diedan maitasuna dago, eta aurrera!

Aurreneko aldia da emakume bat Kandida gisa…
A.L.:
Bai, baina igual ez zaio hainbesteko garrantzia eman behar horri. Berdin-berdin joango da zeremonia guztia, eta jaiek ere betiko izaera alaitsuari eta herrikoiari eutsiko diote, hori esan beharrik ez dago. Aldatuko dena, Kandidaren janzkera izango da. Baserri giroko jantzi dotorea eramango dut soinean, eta kito. Ez dira ikusiko gizonek eraman ohi dituzten kapela edo janzkera beltzik, noski. 

Kaletxikitar peto-petoa zaitugu burutik oineraino…
A.L.:
Nire aiton-amonak azken urtetan erre eta bota den etxean bizitu ziren betidanik. Nire gurasoak ere auzoan jaiotakoak dira, eta ez dira bertatik atera. Neu ere hemengo-hemengoa naiz; ezkondu arren, bertan bizi naiz familiarekin. Kaletxikitarraren nortasuna barru-barruan daramagu guztiok. 

Zer dauka berezitik auzoak?  
A.L.:
Andoaingo beste auzo gehienetan ez bezala, Kaletxikin betiko familiak bizitzen jarraitzen dugu; ez da hainbesteko aldaketarik egon bizilagunen artean. Kaletxikin bizi dena oso kaletxikitarra sentitzen da, eta bertan ia bizimodua guztia egiteko gai da. Bestalde, egundoko konfiantza dago auzotarren artean. Harremanak oso gertukoak dauzkagu, eta giro jator hori segituan antzematen da eguneroko bizimoduan, gauzak antolatzeko orduan, eta nolaz ez, San Pedro jaietan.

Zein dituzu ekitaldirik gogokoenak jaietan, eta zergatik?
A.L.:
Danborrada eta sagardo festa bereiziko nituzke. Danborradan beti hartu izan dut parte, mistoa denetik. Ekitaldi sakratua da niretzat baina behin egin behar izan nuen kale, haurdun nengoelako. Lehenbiziko urtean ama eta biok atera ginen eta oso gau hunkigarria izan zen biontzat. Danborrada barrutik bizitzeak badauka aparteko zera hori. Sagardo egunean, berriz, Nekane izebarekin txorizo-pintxoak egosten edo-eta aitarekin sagardoa zerbitzea egokitzen zait; izugarri gozatzen dut mostradorearen atzealdean. Izan ere, lasatarrok gogoko dugu saltsaren erdian ibiltzea, eta ekitaldi horretan  argi erakusten dugu.
Nolanahi ere, aurten, garai bateko ezkondu eta ezkongabeen arteko futbol partida berreskuratu dute, xexena erdian dutela, eta ekitaldi hori ere aipatu nahi nuke, barreak egiteko eta arratsalde on bat pasatzeko aukera emango digulako seguruenik.

Zer esango zenieke Kaletxikikoak ez diren irakurleei, jaietara hurbil daitezen?
A.L.:
Bada, haur, gazte eta helduentzako, denentzako ekitaldiak antolatu direla eta etortzen badira egunean zehar giro polita topatuko dutela. Anima daitezela gaueko giroa ere probatzera; haurrak aiton-amonen ardurapean utzita, parranda polita egingo dute. Azken batean, nire ustez, Katetxikikoak Andoaingo jairik herrikoienak eta dibertigarrienak dira, Santa Krutz jaien baimenarekin.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!