Herri kirol munduan oso ezagun zara. Harria jasotzen eman zenituen lehen pausoak. Kontaiguzu…
90eko hamarkadan, 26-27 urterekin harri-jasotze munduan hasi nintzen eta hamar urte egin nituen. Nire hasierako joera Amezketako 200 kiloko harri historikoa jasotzea izan zen. Gero hainbat txapelketatan ere ibili naiz eta hori izan da nire hamar urteko bizimodua. Harria jasotzeari utzi nionean, hamar urteren ondoren, aurkezle eta esatari moduan ere ibili naiz. Ni harri-jasotzaile moduan ibiltzen nintzenean aurkezleen falta sumatzen bainuen eta neroni hasi nintzen erakustaldi zein txapelketetan esatari moduan laguntzen.
Gaur egun, Asteasun jokatzen diren Euskal Herriko aizkora txapelketetan, bertako kanporaketetan, oraindik jokatzen diren harri handien txapelketetan eta Luis Mari Bengoak antolatzen dituen torneoetan ere ibiltzen naiz. Azkenengo urteetan gainera, Asteasun segalarien Euskal Herriko Txapelketak eta Gipuzkoakoak ere jokatzen dira, baina denetan laguntzaile moduan arizen naiz. Antolakuntzan normalean beti federazioa izaten da eta guk lekua jartzen edota udaletxearen tarteko egiten laguntzen dugu. Ez dut dena nik antolatzen, nire esku dagoenean laguntzen dut. Asteasu beti egon da herri kirol munduarekin lotuta, segalariak eta harri-jasotzaileak izaten dira bertan eta orain herriko aizkolari bat ere badugu. Festetan ere bi aizkolariren artean eta harri-jasotzaileen artean lehia politak izaten dira eta horiek antolatzen ere laguntzen dugu, baina hemen bakarrik; ez Euskal Herriko leku ezberdinetan.
Saioak antolatzen eta esatari lanak egiten aritzen zara orain. Nola ikusten duzu barru-barrutik ezagutzen duzun herri kirolen mundua? Mundu globalizatuan, aurkitu al du bere tokia?
Orain oso harrigarria da 2.000 lagun apustu edo txapelketa bat ikusten egotea. Gaur egun gutxi gora-behera apustu normaletan 500 bat ikusle izaten dira eta apustu oso ona denean 1.000-1.500 ikusle egotea ikaragarria da. Beraz bai, mundu hau asko aldatu da. Horrek txapelketetan aldaketa ekarri du, orain jendea beste modu batera prestatuta etortzen baita. Garai batean aizkolari edo harri-jasotzaile bakoitzak bere taldea izaten zuen eta orain baino prestatuagoak egoten ziren. Orain, ordea, bakarka ibiltzen dira. Egia da, harri-jasotzaile eskolak egiten hasi direla mundu hau pixka bat suspertzeko asmotan. Bata Orion Ostolazak ireki duena eta bestea Izetak II.ak Zarautzen egin duena. Modu horretan gauzak pixkanaka aldatzen doaz, baina oso zaila da garai batean zuen boom hori berriz ere lortzea. Hala ere herri kirolek plazetan bere lekua daukatela esango nuke eta udaletxeek ere errespetu handia ematen diote.
Berriki Iruntxiberriri Andoainen omenaldia egin diote. Zein paper jokatu du Iruntxiberrik herri kirolen munduan?
Bere gairaian Iruntxiberri bezalakoek herri kirolen mundua aldatu zutela esan beharra dago. Garai batean aizkolari zein harri-jasotzeileei dozena bat arrautza eta kilo bat txuleta egunero jan behar zirela esaten baitzieten. Korrika munduan elitean ibili ziren hauek elikagaien ikuspuntu hori hobetu zuten eta pixkanaka herri kirol mundua elikadura aldetik aldatzen hasi ziren. Baita beroketak eta luzaketa ariketak egiten ere; lehen ez baitzen horrelako ezer egiten. Egia da horregatik errekonozimendua eman behar zaiela historian lan handiak egin dituztenei, eta poza ematen du, herri askotan nahiko ahaztuta egon baitira. Andoain beti izan da herri kirolen alde egon den herria, baina Iruntxiberriri egin dioten omenaldia detaile handia izan dela esango nuke.
Herri kirol saioak antolatzerakoan, kontuan hartzen al duzue genero ikuspegia? Hazten ari al da emakumeen presentzia?
Bai momentu honetan neska batzuk animatzen ari dira eta saiatzen ari gara emakume gehiago animatzen. Lehen segan emakumeen txapelketak egiten ziren, baina orain ez daude hori aurrera eramateko segalari nahiko. Aizkorako txapelketa ere Euskal Herri mailan egiteko aukera dago, baina hala ere soka-tiran, harria jasotzen eta kirol gehienetan emakumeak beti eduki du bere lekua. Inoiz ez da oztopo izan emakumea izatearena. Askotan gertatzen baita emakumeek beraiek beren burua herri kiroletan ez ikustea, ez baita erraza; oso kirol gogorrak dira eta emakumeen ikuspuntutik zailtasunak dituzte. Baina nik uste badaudela arlo horietan ondo ibiliko liratekeen emakumeak eta gure lana, dudarik gabe, horretara animatzea da. Erakustaldi mistoak egin izan dira, baina polita litzateke emakumeak bere txapelketak egiteko ohitura hartzea.
Uda badator, eta haiekin batera baita herrietako festak ere. Herri kirol saioek nolako presentzia izaten dute horrelakoetan?
Herri kirolek, herriko festetan ematen zaien protagonismoagatik jarraitzen dutela esango nuke. Asteasuko festetan adibidez, herrikoen arteko lehia egiten da eta askotan horrelako erakustaldietatik hasten da askoren afizioa, ondoren kirol honekin jarraitzeko bidea hartuz. Orain dabiltzan aizkolari asko herriko festetan hasi ziren, beraz, erakustaldi hauek positiboak direla esango nuke.
Jendeak lehen maila horretara pasatzeko intentzioa duela esango al zenuke?
Joseba Otaegi adibidez, festetan hasi zen aizkora munduan, eta beste herri kirol zale asko ere bai. Ni ere, herriko festetan harria jasotzen hasi eta hortik animatu nintzen.
Asteasuko festak gainean dira. Nola biziko dituzu aurtengo Sanpedroak?
Nik nahiko normal, San Pedro jaietan lehen mailako harri-jasotzaile eta aizkolariak etortzen dira, Euskal Herriko finalean sei hoberenetan jokatutako bi aizkolari eta harria jasotzen harri txikitan txapeldunak diren Aimar Irigoien eta Izeta II.a izango dira. Izeta II.ak aurten 50 urte bete ditu eta harri-jasotze mundua utzi behar duela eta, uste dut merezi duela urte askotan hainbat txapelketa eta erakustaldi egindako gizona bertan izatea. Baina oso pozik, familiakoek biltzeko ohitura dugu eta San Pedro jaietako egunen batean Asteasun eta inguruko herrietan esatari lanak egin behar baditut ere, gustura ibiltzen naiz.
Zein ekitalditara ez duzu hutsik egingo?
Batik bat herri kiroletara, baina bertsolariak ere gustura entzuten ditut. Nahiz eta bereziki zalea ez naizen, herrian, noizean behin, gustura entzuten ditut eta, baita trikitilariak ere.
Zer esango zenieke oraingo gazteei herri kiroletara animatzeko?
Lehenik eta behin, herri kiroletarako afizioa beharrezkoa dela eta bigarrenik, ni mugitzen naizen mundu honetan oso jende jatorra dagoela, beti laguntzeko prest dagoena. Egia da behin lehen mailara igota bakoitzak berea gehiago begiratzen duela, baina bestela beti bilatuko dutela laguntzeko prest dagoen jendea eta nik giro onean ibiltzera gonbidatuko nituzke. Egia da, futbolean edo pilotan bezala dirua irabaztea bada gerturatzen direnen intentzioa, kirol honetan ez dutela hori lortuko, baina giro ederrean eta afizio sanoarekin disfrutatzeko bada, herri kirolen mundua ezagutzera gonbidatzen ditut.
Gainera esan beharra dago, kirol hauetan ez direla astakeriak egiten eta hortxe daukagu 50 urterekin oraindik harria jasotzen jarraitzen duen Izeta. Baina bai, nik poza hartuko nuke gazteak herri kirol mundura gerturatzen direla ikusiko banu.