Festak gainean dira, gogotsu al zaude?
Bai, egia esan oraintxe amaitu dut selektibitatea eta festak iristeko zain nago. Buruan festak besterik ez ditut eta motibatuta nago. Lagun artean gainera, aurreko urteko festak eta oroitzapenak oroituz ibili gara eta berriz ere festak etortzeko gogoz gaude.
Oinkari dantza taldearen emanaldian behintzat parte hartuko duzu. Zer nolako emanaldia eskainiko duzue?
Hilaren 24an dugu emanaldia eta horrez gain, Asteasuko festetan San Pedro egunean ere dantzatuko dugu. Emanaldi polita izaten da, herriko umeek ere parte hartuko dute bertan eta haurrekin antolatzen diren emanaldiek beste modu bateko xarma izaten dute.
Nola hasi zinen Oinkari dantza taldean?
Oinkari dantza taldeak udan ekitaldi bat egiten zuen Arroa auzoan, Vilabonako Santio jaietan eta gogoratzen naiz hura ikustera joaten nintzela eta inbiritan egoten nintzela. Beraz, beste bi lagunekin animatu gin nintzen eta azkenean 16 mutileko koadrilla apuntatu ginen. Egia esan, sekulako esperientzia izan da. Niri dantzak oso aukera politak eman dizkit bai lagun berriak egiteko eta baita esperientzia berriak izateko ere; oso gustura nabil. Inolaz damutuko ez naizen erabakia da eta mutilak dantza egitera animatzen ditut. Askotan, mutilak lagunak animatzen ez direlako ez baitira animatzen dantzara, baina horregatik ez arduratzeko esan nahi diet. Bertan segituan egiten baitira lagunak eta familia bat bezala gara.
Oinkari dantza taldean mutil dezente biltzen zarete hala ere, ezta?
Bai, baina askotan kosta egiten da lehenengo pauso hori ematea. Niri hasieran bakarrik joate horrek kezkatzen ninduen, baina behin dantzan sartuta, segituan egiten dituzu lagun berriak. Orain, izena eman genuen 16 horietatik dantzan jarraitzen duen bakarra naiz, baina oso gustura sentitzen naiz.
Udan kanpora joatekoak al zarete?
Bai, aurten Frantziako jaialdi batera bidaiatzeko aukera izango dugu eta ea zer moduzko esperientzia izaten den. Normalean oso esperientzia positiboak izaten dira bidaia hauek eta baita bertakoekin konfiantza gehiago egiteko aukera politak ere.
Herri bazkarirako jatekoa prestatzea egokitu izan zaizue. Aurten ere saltsan ibiliko al zarete?
Ez, hori urtero koadrilla ezberdinari antolatzea egokitzen zaio. Aurreko urtean guri tokatu zitzaigun, baina aurten beste koadrilla bati pasa diogu lekukoa. Aurten parranda gehiago egiteko aukera izango dugu.
Nola egiten duzue koadrillen arteko aukeraketa hori?
Koadrilla guztietako ordezkariekin bilera izan dugu eta bertan erabaki da urtez urte zein koadrilla izango den antolatzailea. Bilkura horren arabera zehaztu da urtero nor izango den eta dagoeneko, hurrengo urteetan antolatzaile lanetan ibiliko direnak izendatuta daude.
Aurtengo egitaraua ikusita, zein hitzordutara ez duzu hutsik egingo?
Gehienbat lehen eguneko parrandara. Lehenengo egunean herriko guztiak elkartuko gara eta oso polita izaten da. Larunbateko koadrillen eguna ere indartsua izango da, gauean kontzertuak daude gainera! Larunbata izanik normalean kanpoko jende gehiago gerturatzen da eta lehenengo egunarekin alderatuz, giro ezberdina egoten da. Lehenengo egunekoa herrikoen arteko parranda izaten baita.
Zein da zuen ustez Asteasuko San Pedroetako berezitasuna?
Nire ustez denok herriko festak ezberdin ikusten ditugu eta alde horretatik xarma berezia dute. Herriko adin ezberdinetako gazteak batera ibiltzen baikara eta oso giro herrikoia sortzen da. Momentu horiek, herriko beste gazteekin konfiantza egiteko egokiak dira. Asteasu bezalako herri txiki batean ez baitauzkazu adineko horrenbeste lagun eta adin ezberdinetako jendea ezagutzeko eta lagun tartea zabaltzeko aukera ematen dizu.
Eguna ala gaua nahiago?
Biak aukeratuko nituzke, egunean zehar ere ekitaldi politak izaten baitira, adibidez San Pedro egunean egiten den Soka -dantza, festetako egun berezia da hau eta oso gustura egiten dugu. Gauaren aldetik ere, gauak bere xarma badu. Baino agian eguna aukeratuko nuke; uda denez eta eguraldi onak pozten gaituenez, beste umore batez jarri eta ekitaldietan sortzen den giroa oso atsegina iruditzen baitzait.
Festetan jateko? Eta edateko?
Koadrila egunean bietatik egiten dugu. Azkenean denetarako aukera egoten baita, bai bazkariak eta koadrillakoekin otorduak egitekoa eta baita gauean zertxobait edatekoa ere.
Parrandan dantzarik bai?
Parrandan dantza egiten dugu bai, eta festak herrian izanda, gutxiago lotsatzen gara.
Zein motatako musika gustatzen zaizu gehien?
Azkenean lagun tartean zaudenean eta giroa sortzen denean berdin du ze motatako musika dagoen. Txorakeriak egiten eta lagunekin ondo pasatzean dago gakoa.
Mezuren bat herritarrei?
Festak disfrutatzeko direla eta udara ondo hasteko aukera ere bai. Gainera orain eskola eta batzuk lana ere amaitzen dutela jakinik, udara ondo hasteko eta deskonekatazeko aukera paregabea da.
Eta herritik kanpokoei?
Larunbatean etortzeko eta lehen eguna herrikoei uzteko.