"Lau egunez festan murgilduta egon ostean, amaitu dira Sanjuan festak. Itzelak izan dira aurtengo jaiak; dantzan, musikan, eta giro ezinhobean igaro dira.
Egitaraua ekintzez betea etorri da; 63 ekintza burutu dira guztira aurre-jai eta jai egunak bitarte, horietako asko herriko talde eta elkarteen ekimenez. Partaidetza, berriz, azken urteetako ugariena izan da. Eguneko ekintzak jendez lepo egon dira, eta baita gauekoak ere. Adin guztietako herritarrak batu dira festara, eta hori oso poztekoa da.
Azpimarratzekoa da jaigunean ez dela inolako istilurik egon. Elkarbizitzan eta elkarrekiko errespetuan oinarritu dira festak.
Ez genuke amaitu nahi jaiak aurrera ateratzeko ahalegina eta lana egin duten horiei esker mezua helarazi gabe: elkarteei, taldeei, herritarrei, eta batez ere, Udaleko Kultura saileko langile eta kideei.
Datorren uztailaren 3an, 19:00etan, balorazio sakonagoa egiteko aukera izango dugu Urigain kultur etxean. Herritar guztiak animatu nahi ditugu euren iritzia ematera eta guztion artean, Andoain egitera!".