Sanpedroak Asteasun 2017

Suziria botatzea euren esku dago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 27a, 02:00

Asteasuko Gure Esku Dago ekimeneko kideek botako dute aurtengo San Pedro jaiei hasiera emango dien suziria. Gustura jaso dute proposamena taldekideek.

[Egitaraua, egunez egun] 

Elkarrizketa:

Gure Esku Dago ekimeneko kideek, Asteasun egindako lanarengatik eta urtean zehar herrian sortutako mugimenduarengatik jaso dute Udal ordezkarien ahotik, suziria botatzeko deia eta “egindako lanaren errekonozimendu gisa”, pozik jaso dute gonbidapena. Ekainaren 28an, udaletxeko balkoian elkartuko dira eta herriari kolorea eta bizitasuna eman nahian, ideia ezberdinak darabilzte buruan txupinazoari begira. Argi dutena, pregoia herritarrei zuzenduko dietela. “Gurea ez da maiztasun jakin batekin biltzen den taldea. Ekintza zehatzak antolatzeko bildu ohi gara eta herritarrei laguntza eskatzen diegu ekintza horiek burutzeko. Herritik sortutako mugimendua da Gure Esku Dago eta txupinazoaren egunean, udaletxeko balkoian ahalik eta herritar gehien biltzen ahaleginduko gara”, azaldu dute. Izan ere, argazkian ageri direnak ordezkaritza bat besterik ez direla diote, herritar gehiagok hartzen duela parte eurekin batera eta eskerrak eman nahi dizkiete haiei guztiei. 

Ilusioz
Asteasun herritar askok hartu du parte Gure Esku Dago ekimenak urtean zehar antolatutako ekintzatan eta 400dik gora herritarrek eman zuen bozka erabakitzeko eskubidearen inguruko galdeketan. Gainera, martxoaren 19an lan egiteko bolondres asko batu zuten eta herritarren erantzuna bezala, jasotako emaitza oso ona izan zela adierazi dute. Gure Esku Dago ekimenak, etorkizunera begira, oraindik lan asko egiteke duela iruditzen zaie. Hala ere, euren ustez, “herritarrongan baino gehiago, politikariengan edo gizartearengan dago orain giltza”. Ekintza jakinetarako jendea erraz bildu arren, egunerokotasuneko txinparta bizirik mantentzea kosta egiten da, “ekintza batetik bestera denbora tarte handia igarotzen da eta jendearen ilusioa hoztu egiten da denbora tarte horretan. Eta jakina, hori ez da komeni”, iritzi diote. Baina ilusioz egiten dute lan eta modu berean jarraitu nahi dute aurrera, herritarrekin batera.

Giro polita
Sanpedro jaiak iristeko gogoz daude guztiak ere, “giro polita sortzen baita herrian”. Uztailaren 1eko Sutagarren kontzertuan, bereziki, jende asko espero dute aurten, baina Iban Ezkerrak, esaterako, lehen eguna du gogokoen, “herritarrona delako”. Larraitz Alkortak, besteak beste, San Pedro eguneko musikarien kalejirarako ilusio berezia du. “Garai batean trikitixa edota panderoa jotzen genuen 18 urtetik gorako asteasuarrak elkartu eta kalejirako gainerako musikariekin batera, lagunartean hartuko dugu parte. Poza ematen dit begira egon beharrean parte hartzeak”, adierazi du. Ainhoa Bakero emakumeen pala txapelketako jokalarietako bat da eta Itziar Zeberiok adierazi duenez, “iazko emakumeen lehen pala txapelketako finalean oso giro polita sortu zen pilotalekuan. Aurten bigarrena izango da. Gainerakoan, nabarmentzekoa da  koadrillen bazkariaren ondorengo kalejiran sortzen den giroa ere”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!