Gazteart ekimenean parte hartzeko aukera, zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 26a, 02:00

Artista gazteei zuzendutako ekimena da GazteArt. Italian eta Euskal Herrian interes beretsuak dituzten gazteekin egonaldiak egin, eta arte munduan sakontzeko aukera. Aiztondo bailarako sei gaztek izango dute ekimenean parte hartzeko aukera. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, zizurkilgo Udal bulegoetara jo behar da :

1988-1998 urteen artean jaiotako gazteei zuzendutako proiektua da GazteArt, Zizurkilgo Udalak, Azpeitiko Udalak, Gazte Informazio Bulegoak eta Azpeitiko Kultur Mahaiak elkarlanean egindakoa.

Aiztondo bailarako sei gaztek eta Urola Erdiko beste seik hartuko dute parte, helmugako (Italiako) herrialdeko beste hamabi gazterekin batera.

Bi herrialdeetako gazteek astebeteko egonaldi bikoitza egingo dute programan parte hartzen duten bi herrialdeetan. Lehenengoa urriaren 9tik 15era izango da Gipuzkoan, eta bigarrena, berriz, Napolin (Italia), abenduaren 5etik 11ra. Egonaldietan, toki bakoitzeko sormen guneak ezagutuko dituzte, tailerrak jasoko dituzte eta taldean zein banaka lan egingo dute.

Mugikortasun programa honetara aurkeztu ahal izateko, honako baldintzak bete behar dira ezinbestean:

  • Aiztondo bailarakoa izatea (Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Villabona eta Zizurkil). Zizurkildarra izatea lehenetsiko da.
  • 1988 eta 1998 urteen artean jaioa izatea, aipatutako bi urteak barne.
  • Sormen artistiko-plastikoko edo artistiko-grafikoko ezagutza, formazioa edota zaletasuna izatea.
  • Hizkuntza: ingelesa jakitea (komunikazio gaitasuna neurtzeko proba bat egingo zaie hautatuei).
  • Programan parte hartzeko kuota bat ordaindu beharko da: kuota orokorra 90 € eta ikasle eta langabeen kasuan 60 €.

Programan parte hartu nahi duen orok honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du Zizurkilgo udaletxean:

  • Curriculum vitae-a
  • Motibazio-gutuna
  • Ikasle eta langabeen kasuan, egoera horretan daudela ziurtatzen duen agiria

Europako diru-laguntza jasotzen ez bada, proiektua ez da aurrera aterako. Uztailaren hasieran argitaratuko da Europaren ebazpena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!