Andoaingo Sanjuanak 2017

Hitzez eta kantuz eman dute pregoia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 30a, 02:00

Alberto Agirre abesbatzak jaien hasierako pregoia hitzez eta, nola ez, kantuz eskaini du.

[Bideoa]

Alberto Agirre abesbatza azken hamarkadatan Andoaingo kultur eragile finkoena da. Hauen ibilbidea saritu nahi izan zuen Jai Batzordeak, 35 urte luzez herriarekiko eta kantuarekiko izan duen konpromisoa goraipatuz. Olagain txistulari bandarekin udaletxerako ibilbidea egin eta gero, balkoitik pregoia irakurtzeari ekin zioten. Kontxi Arinek egin zituen bozeramaile lanak, pregoiaren irakurketan: “Lehenik eta behin, Alberto Agirre abesbatza osatzen dugun kide guztien partetik gure esker zintzoena adierazi nahi dizuegu aurtengo San Juan festaren pregoia irakurtzeko aukera izateagatik. Jaiei hasiera emateko, gure modu naturalean egitea pentsatu dugu. Hau da, kantatuz”. Agur zaharra kantatzeari ekin zioten orduan. 
Joxean Pascual zuzendariak hartu zuen hitza, jarraian. Kantua bizitzaren faro modura irudikatu zuen, bizitzeari zentzu osoa ematen dion elementuaren pare ipiniz: “Lagunok, eutsi gure arbasoen ohiturei. Gure zaharren bideak jarraitu, kantua izan baitzuten gidari, gure herriaren aitzindari. Banatu, partekatu, zabaldu, maitatu, kantatu. Izan gizon-emakume, sendo, bizipozez bete bazterrak, kantua lagun, bizitzaz gozatu. Zer litzateke gure bideaz amaren kantuaren ezean? Ama, zure kantuaz nire erraiak sendotu. Aita, zure kantuaz nire izatea laztandu. Euskal Herri maitea zure kantu goxoek erakusten digute bizitzaren parada. Ez galdu kantua, abesten ez duen herriak nortasun ahula. Ez galdu kantua, kantatzen ez duen pertsonak osasun eskasa. Ez galdu kantua, berak betetzen baitu gure ibilbidea zentzu, esanahi eta itxaropenez. Ez galdu inoiz kantua”. Txalo artean agurtu zituzten abesbatzako kideek Goikoplazan zeuden herritarrak. Gora Kaletxikik Goikoplazako taula gainean pieza ezberdinak eskaini zituen jarraian, Oiartzabal zuzendariaren esanetara.
Alberto Agirre abesbatzako kideei omenaldi gehiago eskaini zieten, jaietan zehar. Besteak beste, soka-dantzan eta Olagain txistularien emanaldi berezian. Pozik egoteko arrazoirik ez zaie falta.

 

Alberto Agirre abesbatzari
Olagain txistulari taldea eta Ion Beloki.
Ekainak 25, igandea. Goikoplaza.
Bertsoak: Ion Beloki.
Doinua: Itsasoari begira.
Bertso hauen bidez talde eder bat
nahiko genuke omendu
eta horregatik abesbatzari
hitz xume hauek zuzendu.
Alberto Agirre gure herrian
askotan da nabarmendu,
talde eder honek ekintza askotan
gogotsu parte hartzen du.
Zuek duzuen grina ta poza
urte luzetan mantendu.

Hogeita hamabost urte badira
jada sortu zinetela,
jende euskaldun eta jatorra
kantari talde itzela.
Denok dakigu leku askotan
arituak zaretela,
eta horregatik zuen herriak
eskertu nahi du horrela,
txupinazoa zuek piztuaz
merezi duzuen bezela.

Zuen gisara Albertok ere
maitea zuen musika,
eta herriari eskeini zion
solfeo erakutsita.
Maitasun horri heldu diozue
ahotsa erabilita,
belarri denak goxatuz eta
azalak tente jarrita,
dudarik gabe osatzen duzue
talde anitz ta polita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!