Pintadak eraikinetatik ezabatzeko eskaera egin du Zizurkilgo PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 23a, 02:00

PSE-EEk Zizurkilgo pintadak ezabatzeko eskaera luzatu dio Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateari; aipatu pintadek, elkarbizitza demokratikorako oinarrizko arauak urratzen dituztelako. Ondorengo idatzia igorri dute:

Zizurkilgo PSE-EE taldeak, herriko hainbat txoko eta eraikinetan agertu diren pintadak salatu eta Zizurkilgo Joxe Mari Luengo alkateari (EH Bildu) ezabatzeko eskatu dio. Adierazpen askatasuna errespetatzen duten arren, euren ustez, pintada horiek elkarbizitza demokratikorako oinarrizko arauak urratzen dituztelako.

Jose Antonio Sanchezek, sozialisten bozeramaileak, EAJ-PNV alderdiak babestu duen mozioa aurkeztu duela iragarri du agiri batean, hurrengo batzarrean azter dadin eta ‘arduraz’ kartel eta 1990 urteaz geroztikako pintaden garbiketa ordenantza bete dadin.

Pintadek presoen gerturatzea eskatzen dute (“Presoak Euskal Herrira”) eta torturaren aurkakoak dira. Pasus plazan, Aurrera plazan era futbol zelaiaren ondoan aurkitzen dira.

Sanchezen esanetan, mozio honen bidez, euren ahotsa Udalari pintada horiek kentzeko eskaera egin dioten Zizurkilgo herritarrenarekin batu nahi dute, herriaren irudian eragiten dutelako. Baina EH Bilduko alkateak, “modu ulergaitzean” ez ezabatzea erabaki du eraikin pribatuen fatxadetan daudela argudiatuta. Arrazoi horregatik, sozialistek euren mozioan, Udalari fatxada pribatuen garbiketa diruz laguntzeko eskatu diote, gobernu taldeak, herriko brigada haiek garbitzera bidaltzea erabakitzen ez badu behintzat.

Sozialisten bozeramaileak, kartel eta pintada politikoak erretiratzea Udalaren eginbeharra dela uste du. “Ez bakarrik pintada horiek herria zikintzen dutelako, gizalegearen aurkako jarrerak dituzten norbanakoekin topo egiten dugulako…, baita Zizurkilgo inpunitate espazioak desagerrarazi behar direlako ere”.

Gainera, EH Bilduren jarrera ulertezintzat jo du ez dituelako pintadak gaitzetsi eta ezta ezabatu ere. Zizurkildik hain gertu dagoen Villabona herrian, berriz, koalizio soberanistak, joan zen maiatzean PSE-EE eta EAJ-PNVrekin mozioa izenpetu zuen pintadak baztertuz eta gainera, ekintza horiek Euskal Herriaren elkarbizitzaren aurkakoak zirela onartuz. “Zergatik da Villabonako EH Bildurekin posible eta ez Zizurkilgoarekin?”, galdera luzatu dute.

Azkenik, hiru puntu biltzen dituen mozioak, iritzi ezberdinak nahiz jabetza publiko eta pribatuak errespetatzeko eskatzen dio Zizurkilgo alkateari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!