Karrerak, 22:30ak jo bezain pronto, dorrean dauden lau kanpaietatik bi jotzen ditu, San Juan gauaren hasiera iragarriz, tradizioak agintzen duen eran. Berez lau kanpai daude San Martin elizaren dorrean. Bi txiki alboetan, ordu laurden, ordu erdi eta orduak markatzen dituztenak, sistema mekaniko baten bitartez. Dorrearen erdian, berriz, beste bi daude zintzilikatuta, handiagoak direnak; bada, horiek astintzen dira San Juan egunaren bezperan, eskuz.
Gau seinalatu horretan geratzen dira kanpai-jolearen esku. Mutu egoten dira bestelakoan. Batek 2.500 kilotik gora pisatzen du, adituek diotenez Gipuzkoako handiena omen.
Karrerak hiru aldiz segidan astintzen du bietan txikiena den kanpaia, eta behin handiena; joko bikoitz hori hogeitalau txandetan errepikatzen du. Horrenbestez, egunak dituen ordu bakoitzari joaldi bat egokitzen zaio. Erritual hori amaiturik, dorrearen erdian eta plazari begira dagoen erlojua, ohial gorri batez ezkutatu egiten du, festari ekin zaiola eta hartaz gero, orduari ez begiratzeko eta gozatzeko gonbitea irudikatuz.
Sakristauaren lanak
San Martin elizako lau kanpaiak Joxe Eizmendi sakristauaren ardurapean egon ziren XX. mendeko urterik gehienetan. Hamabi urterekin monagilloaren abitua jantzi zuen lehenbiziko aldiz Eizmendik, eta gutxira heldu zion kanpai-jolearen lanari; XX. mendearen hondarrean, 88 urte bete zituela utzi behar izan zion jardun horri. Ordurako Jon Unanueri erakutsi zizkion ofizioaren zenbait ezaugarri.
Ederki asko menderatzen zituen Eizmendik kanpaiak jotzeko hamaika erak, eta Andoainen ez zen giro izaten lau kanpaiak batera lanean jartzen zituenean. Hiztuna zen gizona eta makina bat pasadizo kontatu izan zituen. Horietatik entzungarriena akaso, 1928ko otsailaren 28an gertatukoa. Orduan bai gertatu burrunba apartekoa! Lau kanpaiak goitik behera jausi eta Goikoplazako zoruraino iritsi zirenean, tximista batek eliza-dorrea lehertu ostean.
Karrera 1999an Udalean zinegotzi gisa hasi zen, eta zerbitzuen saileko ardurak hartu zituen segidan. Erdi txantxetan adierazi zioten berari zegozkiola kanpai-jotzearen kontu horiek, eta halaxe hartu zuen bere gain erritualaren berritzearena urtero; Unanuek eman zizkion jakin beharreko ezagupideak.
Urte guzti hauetan, bakarrik zein laguntzaileekin jardun izan du. Berak adierazi duenez, pertsona bakar batek astindu ditzake bi kanpaiak, ez baitu zailtasun tekniko handiegirik eskatzen. Nolanahi ere, lan nekagarria egiten da azkenerako, mantendu egin behar baita kanpai hotsen erritmoa edo kadentzia. Urtero zenbait pertsona igotzen da Karrerarekin batera dorrera, eta horien artetik, Juantxo Arruti eta Itziar Gutierrez aritu izan dira laguntzen azken aldian, kanpai-jole gisa. Aurtengoan, Ekaitz Ollo Tolo prestatuko da Karrerari laguntzeko. Txalapartaria da Ollo, euskal tradizioen maitale amorratua, eta hurrengo urteetan kanpaiak jotzearen erritualari segida emateko asmoa agertu du.
komunikazio tresna
Joxeramon Karrerak, eliz-dorreetako kanpaien unibertsoan eta kulturan sakontzeko aukera eduki du urte hauetan. Alde horretatik, gogoratu nahi izan du eliz-kanpaiak erlijio katolikoarekin lotzen badira ere, historikoki, funtzio komunikatzailea eduki izan dutela gizartean. Herriko eraikuntzarik altuenean, hots, elizan, jarri ohi ziren kanpaiak. Herriko gertakizun handiak zein txikiak lau haizetara zabaltzeko, eta herritarrei aditzera emateko funtzioarekin. Izan suteak nahiz izan bestelako ezbeharrak, izan batzarretarako deialdiak, izan jaietarako gonbitea, izan jaiotzak, izan heriotzak, izan ezkontzak… Informazio iturri ezin azkarragoa zen.
Karrerak zehaztu duenez, mezu bakoitzak zeukan berezko hotsa; kanpaien bitartez, konparazio batera, jakitera ematen zen herriko pertsona bat hil berria zela, zein sexukoa zen, eta ez hori bakarrik, baita ere haurra, gaztea ala heldua ote zen. Hilaren 23an, lau haizetara jaien hasiera iragartzeko komunikazio tresna izango da.