Klara Mendizabal Eresargi Txiki abesbatzako zuzendaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 22a, 02:00

Amasa-Villabonako Eresargi Txiki abesbatzako zuzendariak argi dauka: “Instrumenturik onena norberak gorputzean duena da, eta hori ahotsa da”.

Nola hasi zen gorpuzten musikarekin duzun zaletasuna?

Bost urte nituenean hasi nintzen Donostiako Orfeoiak duen umeentzako kantu tailerrean kantari, ondoren Orfeoi Txikian sartu nintzen eta baita Coral San Ignacioren Orfeoian ere. Bide horretan, musika ikastea erabaki nuen; kantuaren inguruko erdi mailako eta goi mailako zikloak egin ditut eta aurreko urtean Musikenen amaitu nuen. Hau guztiaz gain, zuzendaritza ikastaroak ere egin ditut eta oraintxe hiru abesbatza zuzentzen ditut; Zuhaiztiko abesbatza, Ibai ikastolako abesbatza eta Eresargi Txiki abesbatza.

 

Nola egiten duzu hori guztia uztartzeko?

Abesbatzak zuzentzeaz gain nire emanaldiak ere izaten ditut, interpretatzea oso gogoko dut, eta zaila egiten zait dena antolatzea. Baina ahal den moduan eta pazientzia askorekin lortzen dut dena bere lekuan jarri eta ordutegi guztiak egokitzea.

 

Zerk bultzatu zintuen zuzendari moduan lanean hastera?

Zuhaizti ikastolatik deitu ninduten kantu tailerrerako zuzendari bat behar zutela esanez eta horrela hasi nintzen. Kantu tailerra lehen hiru mailatan ematen zen, beraz, ez zen abesbatza bat zuzentzea. Gero, ordea, Zuhaizti abesbatzako zuzendari izatea eskaini zidaten eta jada 10 urte daramatzat bertako zuzendari gisa. Beraz, esan genezake sorpresaz etorri zitzaidala zuzendari izatearena. 

Hala ere esan beharra dago ni abesbatzetan kantatzen ibili naizela bizitza guztian zehar eta beti abesbatzekin zerikusia duen testuinguruan bizi izan naiz. Zuzendaritza ikastaroetara, lehen, koro pilotu moduan joaten nintzen kantatzera. Bizitzak eraman nau horra, azken finean ez da nik bilatu dudan zerbait.

 

Zer da zuretzat orain zuzendari izatea?

Gustura nago. Umeak oso gogoko ditut eta haiekin zuzendari lana egitea atsegina egiten zait. Baina eszenatokia ere asko gustatzen zait, interpretatzea eta zuzenean aritzea. Beraz beti egongo da aukeratu behar dudanaren arteko dikotomia hori.

 

Eta biak elkar banatzeko?

Horretan saiatzen ari naiz baina badakit bizitzan aukeratzeko momentua iritsiko zaidala, eta ziurrenik bietako bat aukeratu beharko dudala.

Nola ikusten duzu zure burua zuzendari moduan?

Energia asko duen pertsona naiz eta umeekin lan egiteko energia hori beharrezkoa da. Gainera, oso garatuta daukat ahotsa eta umeek kantatzen imitazioz asko ikasten dute. Horrez gain, oso izaera berezia daukat, umeei grazia egiten die. Eta badakizu, horrek funtzionatu egiten du. Beraz nire burua ondo ikusten dudala esango nuke. Neu gustura nago behintzat.

 

Haurren zuzendaria izatetik helduena izatera pentsatu al duzu noizbait?

Ez dakit. Ez dago nire ideien barruan. Ez dut inoiz pentsatu abesbatza bat zuzentzea, baina agian, egun batetik bestera deituko banindute, pentsatuko nuke. Nahiago dut umeekin lan egin, nahiz eta askoz ere energia gehiago kentzen didaten. Naturalagoak dira, eta gustuko ditut.

 

Zer da zuzendari izatetik gogokoen duzuna?

Kantarien garapenaren lekuko izatea. Adibidez Eresargi Txikiko gaztetxoek ez zuten sekula kantatu, ez zekiten zer zen kantatzea ezta zein nota musikalera irits zitezkeen ere. Kurtso hasieran ez ziren Sol notara iristen, eta orain bokalizatzearen poderioz, nota altuetaraino iristen ari dira. Garapen horrek alaitasuna ematen dit.

 

Musikaren munduan, abesbatzak zein toki hartu beharko lukeela iruditzen zaizu?

Niretzat ez dago ahotsa baino instrumentu hoberik. Instrumenturik onena norberak gorputzean duena da, eta hori ahotsa da. Ahotsa kontrolatzen ikastea guztiz funtsezkoa iruditzen zait. Badaude melodia bat entonatzeko gai ez diren klarinetistak, nola liteke! Norberak lehenengo kantatzen ikasi behar du eta gero ahotsarekin egin dezakeena instrumentuarekin transmititu.

Norberak duena ahotsa da eta hori lantzea guztiz funtsezkoa da musikari batentzat.

Abesbatzak ematen dizun gaitasuna belarria lantzea da, harmonietan sartzea, ahotsak egitea eta guzti horrek belarria asko lantzera eramaten zaitu. Niretzat oso garrantzitsua da hori musikari batentzat.

 

Ahotsari behar besteko garrantzia ematen al zaio?

Euskal Herrian beti egon da ohitura hori. Beti egon da ikaragarrizko ohitura abesbatzekiko baina hala ere geroz eta garrantzi gutxiago eman zaio orain. Lehen asko kantatzen zen tabernetan, eta ondo kantatzen zen. Euskal tenoreak oso famatuak izan ziren horregatik; gaur egun gutxiago egiten da. Baina gure lekua bilatzen ari garela esango nuke, abesbatzak eskolaz kanpoko jarduera bezala sartzen ari dira, eta horrek beti ere lagundu egiten du.

 

Ba al duzu abesbatza zuzendari erreferenterik?

Badira umeen abesbatzetan oso onak diren zuzendariak: Basilio Astúlez, Esteban Urzelai edota Aitor Biain.

 

Egin dituzuen emanaldi guztietatik bat aukeratu beharko bazenu?

Orain dela gutxi Zuhaizti abesbatza eta Eresargi Txiki abesbatza elkartu eta egun pasa egin genuen hemen Villabonan. Ondoren, denok batera kontzertua eskaini genuen. Egia esan, oso kontzertu polita eta berezia izan zen. Oso ondo aritu ziren bi abesbatzak batera, eta oso pozik irten nintzen kontzertu hartatik. Errepikatzeko asmoa dudan esperientzia izan zen.

 

Nola ikusten duzu abesbatzaren etorkizuna?

Gaztetxo gehiagok eman behar du izena. Orain hogei lagunek osatzen dugu Eresargi Txiki abesbatza, hasieran bederatzirekin hasi ginen eta ikasturtean zehar gehiago gerturatzen joan dira. Baina kide gehiago behar dugu daudenek ziurtasuna har dezaten. Ez daramate denbora asko kantatzen eta askotan nik kantatu behar izaten dut beraiekin, baina asko hobetu dute; oso pozik nago beraz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!