Beterriko talogileak antzezlana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 22a, 02:00

Antzerkia dute zaletasun eta antzerkiak batzen ditu Mailu Arruti, Ane Huizi, Mirentxu Egizabal eta Estitxu Garmendia. Herriz herri umorea zabaltzeko prest azaldu dira.

Lasarteko antzerki eskolan urtetan elkarrekin ibilitakoak dira Mailu Arruti, Ane Huizi, Mirentxu Egizabal eta Estitxu Garmendia andoaindar eta lasartearrak. Ezer baino lehen, lagunak dira eta pasio bera elkarbanatzen dute laurek; antzeztea. Eguneroko ardurek hala bultzatuta, antzerki eskola utzi egin zuten, baina elkarren artean oso harreman estua dutenez, noizean behin esketxak prestatu eta horiek kalera ateratzeko aitzakiarekin biltzen jarraitzen dute. Gune txikietan eskaintzen dituzte emanaldiak; taberna nahiz elkarteetan batez ere, baina izugarri gustatzen zaie kalea ere, eta sarritan ibili izan dira herrietako plaza eta kaleetan barrena, pertsonaia ezberdinen paperak betez. Euren saioetan sekula falta ez den osagaia umorea da. Sudur gorria jantzita edo jantzi gabe, irribarrea sorrarazten saiatzen dira ikusleen aurpegietan. Eta lortu ere egiten dute. “Inprobisatzen oso ondo moldatzen gara gu. Garai bateko testu luzeak baztertu eta rol ezberdinetan sartuta, inprobisatzea gustatzen zaigu gehien. Erraz moldatzen gara horretan”, diote umoretsu.

 

Irribarre eragileak

Eskaeren arabera edota nahieran egokitzen dituzte emanaldiak. Esaterako, Andoainen Jokin Sorozabal eta Aitor Mendiluze omendu zituztenean, egun horretarako espreski prestatu zuten hawaiarren esketxa. “Ideia hari tiraka jarraitzea pentsatu genuen, aukera ugari eskaintzen zuelako, baina bere horretan utzita daukagu momentuz”. Iaz Lasarteko Landaberri ikastolaren 50. urteurrenean ordubeteko obra luzeagoa eskaini zuten hainbat usurbildarrekin elkarlanean, “hamar bat laguneko taldea osatu genuen Ixabel Agirresaroberekin batera eta gure esketxen bat ere tartekatu genuen emanaldian zehar. Lasarten ez ezik, Usurbilen bitan aurkeztu genuen antzezlan hura”. Andoaingo ikastolako omenaldirako nahiz Andoainen izan zen Kilometroak festarako ere saio bereziak prestatu zituzten. “Deitzen gaituzten ekitaldiaren edo sortzen zaizkigun ideien arabera osatzen ditugu esketxak. Edozein egoeratara moldatzen gara”. Herri txikietako festetan ere gustura baino gusturago ibili ohi dira. Iaz, besteak beste, Leaburuko festetara joan ziren eta Aretxabaletakoetara ez dute hutsik egiten. Izan ere, hantxe, Aretxabaletan, sortu baitzen laukotearen bakarkako ibilbidearen abiapuntua; “Aretxabaletako festetan, elkarte batean taloak prestatu eta afaria egin ohi dute hainbat herritarrek. Hasieran, afalostea alaitzeko bertsolariak eramaten bazituzten ere, gu joaten gara azken urteotan. Gure esketx guztiak eskaini ditugu dagoeneko han eta hitzordu horrek emanaldi berriren bat prestatzera behartzen gaitu urtero. Afaltzeko garaian gai bitxiren bat ateratzen bada, hurrengo urtean esketx bihurtuta eramaten dugu”.

Aretxabaletako afari haietako baten ondorenean sortu zitzaien Beterriko talogileen ideia. “Beti Goierriko talogileak ikusi izan ditugu eta Beterriko talogileak errebindikatzen ditugu guk, baita Beterri eskualdearen izena ere”, argitu dute. Beterriko talogileak obraren izena bada ere, azken aldian izen horrekin ezagutzen da laukotea eta leloa ere badute, ‘Beterriko talogileak, irrifar baten eragileak’. 

 

Esketx umoretsuak

Umorea ardatz hartuta, zortzi bat esketx bihurri badituzte gutxienez. Beterriko talogileena da esketxik berriena, 10 minutu irauten duena. Antzinako ohituratik abiatuta, taloen enpresarik modernoena sortu du laukoteak. Amonari ikasitakoarekin enpresa mundura pausoa ematera ausartu diren freelanceak dira, sari asko jasotzen ari direnak, Foru Aldundiaren laguntza dutenak, I+D+In adituak, taloak munduan barrena esportatzen dituztenak, filialak jartzen ari direnak… Mendizaleen esketxa ere badute; “beti galduta ibiltzen diren hiruzpalau emakumek osatzen dugu, Sabino Aranaren garaiko mendigoizaleak gara; gona, botak eta kaikua jantzita nahiz makila hartuta ibiltzen garenak. Rola prestatuta daukagu eta joaten garen herriaren arabera moldatzen dugu esketxa, bertako mendiaren aipamena eginez eta galduta gabiltzanez, mahaia atera ondoren, hamaiketako ederra eginez”. 

Euskaldun berriaren, Intxaurraga doktorearen, ikus-miran egoten diren jubilatuen edota kamarera sexien esketxak ere badituzte. Clownarena ere bai, asko gustatzen baitzaie clowna egitea eta Mailu Arrutiren esanetan, “Ane Huizi eta Mirentxu Egizabal clown peto-petoak baitira. Oso onak. Besteok erdizkakoak gara eta txuriaren papera hartzen dugu”. Historiaren tabernan emanaldia, berriz, mimoz egiten dute edota sudur gorria jantzita, azken boladan clownez ere bai. Amonen esketxa, berriz, sortze bidean dute.

 

Ezinak alboratu

Taldekide bakoitzak, bere erraztasunen arabera, paper ezberdina betetzen du taldean eta Ane nahiz Mirentxu clownean oso onak badira, Mailu Arruti bakarrizketetan moldatzen da ondoen. Bere ardura izan ohi da gehienetan antzezlanetako testuak idaztea ere. Estitxu Egizabal, berriz, oso bisuala dela diote eta taldeko zuzendariaren papera betetzen du. Eurekin ez ezik, Donostiako antzerki eskolan ere hartzen du parte lasartearrak eta beste obra bat prestatzen ari da haiekin, egun. 

Laukotea ez da nahiko luketen maiztasunarekin biltzen, baina ahal dutenean, lan berriak sortu eta aurrekoak mantentzeko elkartzen dira, Ane Huiziren garajean, huraxe baita euren egoitza nagusia. Saltsa gustatzen zaiela aitortu dute, “lehen lan serioagoak egiten genituen, testu askoko obrak talde handian. Orain lan arinagoak egiten ditugu, gure kabuz gabiltza eta ahots bizian aritzen gara askotan, mikrofonorik ere gabe. Ez gaude garai batean bezala astero entseguetara lotuta, ez daukagu lehengo diziplinarik eta inprobisazio askoko lanak kaleratzen ditugu”. 

Egunerokotasunetik urruntzeko bidea da eurentzat antzerkia. Bete egiten ditu. “Antzerki amateurrak duen alderdirik onena nahi duzuna sortu, nahi duzun modura moldatu eta nahi duzuna esaten duzula da. Erabaki guztiak taldean hartzen ditugu eta bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta banatzen ditugu lanak, ezinak alboratuz”, azaldu du Mailu Arrutik. Ondo sentitzea eta disfrutatzea baita helburua. Euren eskaintzen artean, “clownak arrakasta handia izaten du normalean, baita mendizalearenak ere, jendearen konplizitatea bilatzen baitugu”, Ane Huiziren esanetan.

 

Umorea zabaltzeko prest

Lau taldekide eta laurak emakume, kasualitatea ote? “Baditugu antzerkia lantzen duten gizonezko lagunak, baina beste kultur ekintza gehienetan bezala, antzerkirako gizonak topatzea kosta egiten da”. 41 urte ditu taldeko gazteenak eta 56 helduenak, 15 urte daramatzate elkarren ondoan antzerkiaren bueltan, “gure adineko emakume taldea bildu eta plazara ateratzea ez da ohikoa. Batzuei begia jotzen die egiten dugunak, baina gure ingurukoek onartzen dute gure zaletasuna eta aurrera goaz. Gure bizitzaren zati da antzerkia eta errespetatu egiten dute gure erabakia”.

Momentuz ez dute Andoain edo Aiztondo bailaratik uda garaian emanaldirik eskaintzeko deirik jaso, “baina umorea edozein txokotara eramateko prest gaude eta nahi duenak dei gaitzala. Hitz egingo dugu”, aurreratu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!