Musika bizitzeko, ikasteko, sendatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 22a, 02:00

Zizurkilen bizi da Maria Rodriguez eibartarra. Argentinan egin zituen musikoterapia ikasketak, eta hainbat ekimen du martxan.

Zer da musikoterapia?

Unibertsitateko karrera gisa ikasi nuen nik, Argentinan. Musika, gorputza eta emozioak erabiltzen ditu hainbat arlo lantzeko: bizi kalitatea hobetzeko erabil daiteke, edo baita zailtasun ezberdinei aurre egin edota gaitasunak garatzeko ere. Musikoterapia izena badu ere, helburua ez da beti terapeutikoa izaten. Izan ere, hiru helburu mota izan ditzake musikoterapiak; hezkuntzari begirakoa izan daiteke, prebentzio gisa ere erabil daiteke, edota baita helburu klinikoak lortzeko ere. Lanerako modua asko aldatzen da helburuaren arabera. 

 

Nola bideratzen dituzu saioak?

Bilatzen dugun helburuaren araberakoa izaten da hori. Esaterako, helburua enpresa bateko komunikazioa hobetzea bada, espresioa, komunikazioa edo talde dinamikak landu daitezke. Gizarteratzeko gaitasunak hobetzen lagunduko diguten dinamikak antolatzen ditut kasu horietan. Gerta daiteke, bestalde, bilatzen dugun helburua klinikoa izatea. Ezgaitasunen bat duten haurrak, alzheimerra duten helduak…, komunikazio arazoak dituztenei euren bizi kalitatea hobetzen laguntzen diegu, musikaren bidez. Musika oso tresna egokia da horretarako. Inprobisatu egiten dugu jotzen dugun musika eta horregatik, perkusio tresnak banatzen dizkiet ikasleei. Izan ere, saio inprobisatua izanda ere, inori ez zaio gustatzen jotzen ari garena desafinatua edo desatsegina izatea. Perkusioak asko laguntzen du horretan. 

Musikoterapia saioa hasi aurretik, inkesta bat egiten dugu. Guregana datorren pertsona horrek musikarekin izan duen harremana ikertzen saiatzen gara, saioan ahalik eta egokien bideratzeko. Ume bati ez diot Pintto-pintto abestuko, adibidez, etxean Los Ramones entzuten badu. Aurrez ezagutzen dituen musika eta soinuak aztertuz, askoz ere hobeto bideratzen dira saioak. 

 

Hezkuntza ere aipatu duzu lehen. Kontaiguzu, zertan lagun dezake musikoterapiak?

Musika erakusteko modua oso akademikoa da hemen eta hori aldatzeko premia handia dugula iruditzen zait. Musika hizkuntz unibertsala da eta, nire ustez, askoz ere modu naturalagoan bizi beharko genuke, bizipenei lotuagoa. Gorputz espresioa, jolasa, erritmoa…, horiek erabiliz beste harreman bat sortzen da pertsona eta musikaren artean. Teoria, fitxak…, kontserbatorioetan erabiltzen den metodologiatik urrun, guztiok elkarrekin musika eginez eta bizipenak sortuz ikasten dugu musika egiten. 

 

Nola iritsi zinen musikoterapiara?

Betidanik ikasi izan dut musika; biolina eta pianoa jotzen ikasi nuen kontserbatorioan. Bilbon musikoterapiako posgradua bazegoela jakin nuen, eta izena eman nuen. Ikaragarri erakarri ninduen mundu horrek, eta aurrerapauso bat ematea erabaki nuen. Argentinan unibertsitateko karrera da musikoterapia, eta hara joan nintzen. Lau urte egin nituen Medikuntzako fakultatean, lizentziatura eskuratu nuen arte. Izan ere, kontserbatorioko ikasketak oso zurrunak dira, eta musikari gehienok bizitzen dugu halako blokeo moduko bat. Musika tresna bat jotzen ikasten hasten zarenean, ilusio handiz ekiten diozu, baina denbora aurrera doan heinean, pieza klasikoak jotzen pasatzen dituzu orduak, geroz eta eskakizun maila altuagoa dutenak. Nekatu egiten zaitu horrek; musika egin nahi zenuen, eta partitura klasikoen artean erdi-galduta ikusten duzu zure burua. Musikoterapiak musika ulertzeko beste modu bat eskaini zidan, askoz ere biziagoa, jendeari laguntzeko baliagarria izan daitekeena eta emozioak pizten dituena. 

 

Ikasketak amaituta, zein izan da zure ibilbidea?

Argentinatik itzuli nintzenez geroztik, honetantxe aritu izan naiz lanean. Gauza ezberdinak egin ditut. Esaterako, haurtxo txiki eta euren familientzako tailerrak egin izan ditut. 0 eta 5 urte arteko haurrei eta gurasoei zuzendutako saioak dira. Helburua ez da, noski, musikariak trebatzea, baizik eta haurren eta gurasoen arteko harremana sendotzea eta musikarekin giro atsegin batean gozatzea. Gurasoek abestu, dantza egin edota musika tresnak jotzen dituzte eta haurrek, oso modu naturalean, gurasoek egiten dutena errepikatzeari ekiten diote. Motrizitatea eta gaitasun sozialak lantzen dira saio horietan, baita hitz egiteko eta adierazteko gaitasuna ere. 

Ume helduagoentzako saioak ere antolatzen ditut. Erritmoa, gorputz espresioa, perkusio tresnak jotzea…, ariketa ezberdinak egiten ditugu. Musika egiten ikasteko, musika egin behar dela iruditzen zait niri, eta horretan aritzen gara. Musika tresna bat ikasi nahi duenak, har dezala lehendabiziko egunetik tresna hori, eta goza dezala.

 

Arazoak dituzten pertsonekin ere aritzen al zara?

Bai, kasu larriak izaten dira gehienetan. Horrelakoetan, euren etxera joaten naiz saioa egitera. Autismoa, garun paralisia, alzheimerra… Komunikaziorako gaitasuna galduta edo oso urrituta duten pertsonekin aritzen naiz. Esker-oneko lana izaten da hori askotan, nahiz eta gogorra ere izan daitekeen. Komunikatzeko intentzioa edo gogoa piztea lortzen duzunean, poz handia sentitzen da. Alzheimerra duten pertsonen kasuan, esaterako, oso baliagarria izaten da euren gazte garaiko abestiren bat abestea. Oroitzapenak pizten dizkie musikak eta aktibatu egiten dira; beste arlo edo premia batzuk lantzeko baliagarria da hori. Autismo larria duen haur bat, musikaren erritmoa jarraitzeko gai dela ikustea edota komunikatzeko gaitasun txiki bat erakusten duela sentitzea, oso polita izaten da. Arazo klinikoak ez dituztenek ere, poz handiak ematen dizkidate noski, eszenatokira igo eta musika eskaintzen dutenean, esate baterako. 

 

Musikariekin ere aritzen al zara?

Bai, eta haiei gehiago kostatzen zaie inprobisatzea. Kezka sortzen die ondo aterako den edo ez pentsatzeak. Musika ikasketa akademikoek blokeo asko ekartzen dizkie eta kosta egiten zaie euren barrutik sortzen dena ateratzen hastea. Kasu horietan espresioa lantzen dugu bereziki. 

 

Non eskaintzen dituzu zure saioak?

Batera eta bestera ibiltzen naiz beti, musika instrumentuak aldean hartuta. Teklatua, gitarra, perkusio tresnak…, horiek ezinbestekoak ditut nire saioetarako. Akademia bat izan nuen Eibarren duela hiru urte arte. Orain, zenbait ikastetxetan aritzen naiz, eta baita guraso elkarteek antolatutako saioetan ere. Gainerantzean, beste hainbat ekimen darabilt eskuartean. Esaterako, teknologia eta musika bateratzeko tailer bat antolatu nahiko nuke, gaztetxoentzat. Eguneroko objektuak erabiliz musika tresnak egin eta mikrofonoak erantsiz, inprobisazio saioak egitea da ideia nagusia. 

Horrez gain, helduentzako saioak ere antolatu nahi nituzke. Askotan sumatu izan dut, musika tresnaren bat ikasteko interesa duten helduek, atzera egiten dutela solfeoa ez dakitelako edota ez dutelako ikasi nahi. Musika egin eta tresnak jotzen ikasteko tailerrak egin nahi nituzke haientzat. 

 

Ekimen berriak dituzu, beraz, eskuartean…

Bai, Donostiako Hospitaleko UCI edo Zaintza Intentsiboetako Unitatean badut ekimen bat. Bertan ingresatuta dauden gaixoek bizi duten aislamendu egoera hori haustea da helburua. Kontziente daudenentzat, entretenitzeko eta denbora errezago pasa dezaten modu bat izan daiteke musika. Sedatuta edo kontzientzia maila txikia dutenekin, komunikaziorako aukera sor dezake musikak. Bizi-konstanteetan musikak duen eragina ere aztertu nahi dute sendagileek. Zaintza aringarrietarako Euskal Herriko elkartearekin elkarlanean ere ari naiz, bizitzako azken uneetan musikak izan dezakeen papera aztertzen.

 

Argentinan hemen baino aurreratuago al daude musikoterapian?

Oso modu berezian bizitzen dute psikoterapia eta 1950 urterako musikoterapia lizentziatura sortua zen han. Ia argentinar guztiak joaten dira terapiara. Hori hemen ez da hain ohikoa. Musika ere modu emozionalagoan bizitzen dutela esango nuke, espresiboagoak dira. Nolanahi ere, hemen lanerako baliabide hobeak ditugu, eta baita ikerkuntzarako ere. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!