Inguruneari lotutako lanbideak amets

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 22a, 02:00

Lehen sektoreari lotuta lanean irudikatzen dute etorkizuna Urko Arizeta, Joxean Melo edota Patxi Calvok. Fraisoro eskolan burutu dituzte euren ikasketak.

Zizurkilgo kaskoan, inguru paregabean kokatuta, urteak daramatza Fraisoro eskolak ingurumenari lotuta, profesionalak hezten. ‘Baso kudeaketa eta natura ingurunea’ goi-mailako lanbide-heziketa zikloaz gain, ‘Lorezaintza eta loregintza’ eta ‘Nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpena’ erdi-mailako lanbide-heziketa zikloak eskaintzen dituzte. Ikasketak eskaintzearekin batera, lanerako prestakuntzaz ere arduratzen dira eta ekintzailetza ere bultzatzen dute, lehen sektorean eta landa ingurunean beraien proiektua garatu nahi duten interesatuei begira. Marijose Maiz ikasketa-buruak adierazi duenez, “eskolaren helburu nagusia ikasleak lanera bideratzea da eta dauden eskaerei erantzutea. Oro har, Gipuzkoa guztitik etortzen zaizkigu ikasleak eta urrutitik etortzen direnei zuzenduta bereziki, astea bertan igarotzeko aukera eskaintzen diegu. Gipuzkoarrak ditugu ikasle gehienak, baina, beste lurraldetatik ere gerturatzen dira, haietako asko, euskaraz ikasten jarraitzeko aukera eskaintzen diegulako hemen”. Lanbide heziketako zikloez gain, beste hamaika ikastaro eskaintzen dute urtean zehar.

Ikasturte honetan Fraisoro eskolan ikasle izan diren hiru elkarrizketatuek baso kudeaketa, abeltzaintza eta baratzezaintza landu dituzte, besteak beste.


Joxean Melo ANDOAIN

Nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpena

Joxean Melo andoaindarra ‘Nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpena’ erdi-mailako zikloa burutzen ari da Fraisoro eskolan. Ziklo horren baitan, baratzezaintza eta ganadugintza lantzen dituzte batez ere. Lehen urtea amaitu du orain eta bigarrena egingo du hurrengo ikasturtean. “Oso gustura ari naiz Fraisoron, saltsero samarra naiz eta gauza asko ikasi dut. Baita sagardoa egiten ere. Lehen urtean teoria landu dugu batik bat eta hurrengo urtean praktikak egingo ditugu, ukuiluan behien artean. Asko ikasten dela esan didate aurreko urteetako ikasleek eta gogoz nago praktikaldiarekin hasteko”, adierazi du. Andoaingo mendian lur sail bat du Joxean Melok eta bertan lan egitea gustatzen zaio. “Aurrez elektrizitate eta mekanikako moduluak ikasi nituen eta orain baratzezaintza eta ganadutegiko ikasketak eginda, bertan bizitzeko autosufiziente izango nintzateke”. Etorkizunera begira jarria du erronka, bere lur sailetan landaketa “elegantea” egitea gustatuko litzaioke, “egun oso modan dauden ahabi edo arandanoak, mugurdi edo franbuesak edota masustak landatzeko asmoa dut, haiek ekoitziz, terrenoei errentabilitatea ateratzeko. Euskal Herrian eskaera handia dute fruitu gorriek, bai modu naturalean, zukutan edota marmelada moduan jateko”. Bistaz jokatuko du Joxeanek, “merkatua badagoela” uste baitu. Baratzezaintza interesatzen zaio bereziki andoaindarrari, baina animaliak nola maneiatu jakitea ere aberasgarria iruditzen zaio, “egun oiloak ditut eta etorkizunera begira oso industrializatuta dauden animaliarik ez, baina esaterako, euskal txerriren bat haztea gustatuko litzaidake. Etxerako,  ez produzitzeko; baldintza eta neurri asko bete behar baita. Egunen batean animaliarik hazteko aukera sortzen bazait, prestatuta egon nahiko nuke”.

 

Urko Arizeta Legarra ASTEASU

Baso kudeaketa eta natura ingurunea

Ingurumenarekin lotutako gaiek umetatik erakarri izan dute Urko Arizeta Legarra asteasuarra. “Batxillergoa bukatu eta ez nekien argi nora jo. Ingeneritza mekanikoa ikasten hasi nintzen, baina hura utzi eta gustuko nuena egitea erabaki nuen. Fraisorora etorri eta ‘Baso kudeaketa eta natura ingurunea’ goi-mailako zikloari ekin nion”. Eskola ezberdina iruditu zitzaion Fraisorokoa Urkori, familia girokoa, eta oso ondo sentitu da bertan. Bi urteko zikloa bukatu berri du asteasuarrak eta alor ezberdinak landu ditu denbora tarte horretan zehar, “ez basogintza bakarrik, baita arrantza edota ehiza, hegazti edota zuhaitzen ezagutza eta zaintza ere”. Ikasketekin amaitzeko ziklo amaierako lana egitea soilik geratzen zaio eta buru-belarri ari da Ernio-Gazume inguruan sai-zuriaren birpopulazioaren inguruko proiektua prestatzen. Ikasketak amaitu aurretik, hiru hilabeteko praktikaldia egin du Polonian. Etxera itzuli berria da. “Oso esperientzia ona izan da, hango kultur ezberdinak eta lan metodologia ezberdinak ezagutzeko aukera izan baitut. Poloniako basoak ezin konpara daitezke Euskal Herrikoekin. Baso publiko asko dago han; hemen, berriz, oso gutxi. Bestalde, hango dimentsioak eta hemengoak oso ezberdinak dira eta orografia ere bai”. Euskal Herriko sailak txikiak izateaz gain, oso menditsuak direla nabarmendu du eta ondorioz, “batzuetan ez da errentagarria izaten makinaria asko mugitzea basoren bat ateratzeko. Hemen lurrak pribatuak direnez, bakoitzak bere baso txikitxoa dauka eta makinistari berari ere ez zaio batzuetan errentagarri baso hori botatzera joatea”. Bestalde, pinuaren inguruan ere mintzatu da, “hemengo basoetan pinu asko landatu zen garai batean eta pinuaren gaitza zabaltzen ari da. Basoa zikintzen edota bere prozesu naturalean uzten ari da azken boladan”. Aitonarekin lehengo eta oraingo basoen inguruan hitz egin izan du maiz Urkok, “aitonak, garai bateko basoetan ia-ia eskoba pasa zitekeela esaten dit, orain berriz erabat abandonatuta dauzkagu. Lehen auzolanean, inguruko baserritarren laguntzarekin, denen artean egiten zen lan, baina jendea industria guneetara joan zenetik, lan horiek utzita daude”, adierazi du. 

 

Patxi Calvo Goñi VILLABONA

Lorezaintza eta baratzezaintza 

Lanbidek eskainitako ‘Lorezaintza eta baratzezaintza’ ikastaroa burutzen ari da Patxi Calvo billabonatarra Fraisoron. Izena ematerakoan, “jakintza zabaltzea” zen bere helburu nagusia eta gustura ari da langintza horretan. “Villabonan lorezaintzako ikastaro bat egin nuen bi urtez eta oso gustuko lana dut. Orduko hartan lore eta landareen inguruan asko ikasi arren, ez nuen ikastaroaren ziurtagiririk jaso eta oraingoan, gehiago sakontzeaz gain, agiria eskuratu nahi dut; etorkizunean, lanerako aukera gehiago izango baitut horrela”. Sei hilabeteko ikastaroan zehar gaitegi zabala landu dute: lurrak lantzeko teknika ezberdinak, landaketak, bilketa sistemak, fitosanitarioak, kontrol biologikoa, xomorroen izurria, makinaria (traktore edota beste hainbat gailurekin)… Orain, praktikaldia egin eta gero, lana topatzea gustatuko litzaioke Patxiri. “Baratzezaintzari lotuta egingo dut praktikaldia. Lana egiteari esker, gehiago ikasi nahi dut eta lorezaintzan lan egindakoa naizenez, baratzegintzarekin probatu nahi dut. Oinarriaren gainean beste oinarri bat hartu nahi dut modu horretan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!