Pedro Aizpuruari eskainitako organo kontzertua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 21a, 02:00

Organoa, biolina eta dultzainaren soinuak entzungo dira gaur, asteazkena, San Martin parrokian. Pedro Aizpurua musikari andoaindarra omenduko da, berak konposatutako abestiak interpretatuz.

Kontzertuaren aurretik, ordu erdia lehenago, musika zaleek organoa ezagutzeko bisita gidatuan parte hartzeko aukera edukiko dute, Ana B. Garcia organo jolearen eskutik.

Kontzertua maila gorenekoa izango da, ibilbide oparoko musikarien eskutik etorriko baita: Arantzazu Mujika (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Iñaki Eguren (dultzaina), Ana B. Garcia (organoa), Alberto Agirre Abesbatza eta Andoaingo Udal Musika Eskolako abesbatza. Azken horiek soilik kontzertuko azken abestian (Salve Regina) abestuko dute.

Behean esertzen diren entzuleek bi pantailen bidez jarraitu ahal izango dute koruko musika kontzertua.

Kantutegi zabala eskainiko dute; Aizpurua egile dituzten piezez osaturik: Bihotz garbia, Vosotros sois luz del mundo, A Belen llegar, La Virgen se está peinando, Ave Maria, Tantum Ergo, Novena A San Roque, Por la corona de espinas, La pena que la tierra soportaba, Zure aurpegi bila, Gozos a la Virgen, Himno a Simon de Rojas, La mujer fuerte eta Salve Regina.

 

Eskarmentu handiko musikariak

Aipatzeko moduko biografiaren jabe dira koruan arituko diren lau musikariak, esan bezala. Andoaindarrak dira Mujika, Oiartzabal eta Garcia, eta hernaniarra Eguren. Hiru lehenak Andoainen egin izan diren makina bat kontzertuetan parte hartutakoak dira.  

Arantzazu Mujikak, Andoaingo Musika Eskolan eta Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan egin zituen musika ikasketak, eta egun, Loatzo Musika Eskolako irakaslea da. Aldi berean, Argia dantza taldeko musikaria da.

Larraitz Oiartzabalek ere, Mujikaren antzera, Andoain eta Donostian egin zituen ikasketak. Ondoren, biolineko eta hari laukoteko graduondoko ikasketak egin zituen Alemanian. 2006az geroztik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko biolin jotzailea da.

Ana B. Garciak, piano eta klabezineko goi maila eta organoko erdi mailako ikasketak egin zituen Donostiako Kontserbatorioan. Gipuzkoan den organo jotzailerik famatuenetakoa da, eliza ugarietan maiz eskaintzen baititu organo kontzertuak. Egun, Urnietako Udal Musika Eskolako irakaslea da, eta Easo Koruko musikaria izateaz gain Donostiako Koruko Santa Maria Basilikako organista titularra da.

Iñaki Egurenek, azkenik, Hernani eta Donostiako Musika eskoletan egin zituen dultzaina eta txistu ikasketak. Egun, dultzaina eta txistu irakaslea da Hernaniko Udal Musika Eskolan, eta halaber, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko lehendakaria da.

 

Pedro Aizpuruari esker onez

Konposatzaile handia da kontzertu honek omendu nahi duen Pedro Aizpurua (Andoain, 1924).

2015eko otsailean Aiurri-ri eskaini zion elkarrizketan luze eta zabal azaldu zituen umetan Andoain utzi  zutenetik egindako ibilbidea eta denbora berean musikarekin izan duen aparteko harremana.

[Elkarrizketa]

Musika erlijiosoa zein garaikidearen sortzailea da, eta abesbatzek abesteko (latinez, gaztelaniaz eta euskaraz), eta organo, piano eta orkestrek interpretatzeko makina bat pieza sortu ditu.

Beste hainbat obren artean, 1984an, Salve Regina pieza sortu zuen 1994an; Agustin Leitza Andoaingo Seme Kuttunari esker ona adierazteko salbea da, San Juan egunaren bezperan kantatzen dena. Hain zuzen, Agustin Leitza indianoak egin zuen salbea kantatzearen eskaria, San Martin parrokia eraikitzeko dirua ematearen ordainetan.  

Zorretan da Andoaingo herria Pedro Aizpuruarekin eta Andoaingo Udalak horrexegatik antolatu nahi izan du esker oneko kontzertu hau.

Aizpurua Valladoliden bizi da aspalditik, eta bertako Katedralean kaperau-maisua da. Urtetan aurrera doa, eta gaur ezin izango du etorri Andoainera, omenaldi ekitaldira.

 

Bigarren organo kontzertua, ostegunean

Nemesio Olariagak 1907an dohaintzan eman zuen San Martingo organoa izango da berriz ere protagonista bihar, ostegunarekin; izan ere, bigarren organo kontzertua entzun ahal izango da  20:00etatik aurrera.

Ana B. Garciaren eta Mami Sakato japoniarra organo jotzaileen eskutik helduko da kontzertua. Hona prestatu duten emanaldia: Sonata IV Op.65 (F. Mendelssohn), Estudio para organo IV. Op.56 (R. Schumann), Esbozo III. Op 58 (R. Schumann), Suit El Cascanueces Op. 71 (P.I. Tchaikovsky), Pieza heroica (C. Frank) eta Coral II (C. Frank).

Azpimarratzekoa da Suit El Cascanueces Op. 71 abestia lau eskutara joko dutela.

Mami Sakato ospe handiko organo jotzailea da Japonian eta mundu osoan. Organoko goi mailako ikasketak egin zituen Japonian bertan, eta hainbat sari eskuratu zian ditu. Diskoak grabatu izan ditu, besteak beste, Frantziako XX mende hasierako musika jasotzen duen “Deux prieres” eta “Le Dialogues des Ventes” Akiko Mikami flauta jotzailearekin batera. Egun, Himonyako (Tokio) eliza katolikoko organo jotzaile titularra da.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!