Agerraldi jendetsuan zehar, Esti Mujika kultura zinegotziak jai batzordean parte hartu duten elkarte eta kide guztiei eskerrak eman ostean, egitarauak egunez egun dakartzan hainbat proposamen berritzaile azaldu zituen. “Aurten lehenengoz, ekainaren 23an, arratsaldeko 16:30ean haur eta gurasoek festetako murala margotuko dute, Goikoplazan Sormen tailerreko begiraleez lagunduta. Ordu erdi geroago, adineko pertsonei begira batez ere, San Juanetako I. Toka Txapelketa burutuko da Goikoplazan bertan”. Hurrengo egunean, ekainaren 24an egingo den txuleta jana aipatu zuen segidan. “Aurten, erronka proposatu digute jai batzordekideek: sonbrilla zatarrena eramaten duen koadrilarentzat saria egongo baita. Ea ba, nork eramaten duen saria! Bazkariaren ostean, Sakatu elektrotxarangak herriko kaleak alaituko ditu, eta ondoren, plaza dantzak izango ditugu Goikoplazan Ortzadar taldeak gidatuta. Egun honetan, estreinekoz, Andoaindarra elkarteko danborrada arituko da danborrak astinduz herriko kaleetan”.
Ekainaren 25a ere ekimenez josita datorrela baieztatu zuen: “Aurten lehenengoz Patata tortilla dastaketa burutuko da eguardi partean. Sari banaketa egin ostean, ardo eta tortilla pintxoen dastaketa burutuko da eguerdi partean. Arratsaldean, berriz, 3x3 saskibaloi txapelketa ospatuko da Nafarroa plazan eta Batukada Feminista ere bertatik abiatuko da arratsaldeko 19:15etatik aurrera”.
Jaietako gauak alaitzen ahalegin berezia egin dela esan zuen. Hain zuzen ere, Nafarroa plazako kontzertuak aipatu zituen bereziki. Horrela ostiralean Reincidentes eta Gozategi taldeak oholtzara igoko dira Nafarroa plazan eta Gatibu eta Laket larunbatean. Bestalde, egun berean Goikoplazan Trio Medianochek emanaldia eskainiko du Hegoamerikako doinuak (boleroak, baltsak, rantxerak…) berrituz.
Elkarren errespeturako deia
Azkenik, Esti Mujika kultura zinegotziak haur, gazte eta helduak festara animatzeaz gain, elkarren arteko errespetuan oinarritutako egunak igarotzeko gonbidapena luzatu zuen. “Ez jaietan eta ez inon ez dugu jarrera lesbofobo, homofobo eta transfoborik onartuko. Pertsona guztiak norberaren jokaerak askatasun osoz eta berdintasunean garatzera gonbidatzen ditugu. Eta gogoratu nahi genuke eraso sexistei aurre egiteko Erantzun eta Esku Hartze Protokoloa martxan dugula”.