Zizurkilgo plaza, uztailerako berritua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 19a, 02:00

Pedro Mari Otaño plaza eraberritzeko lanak hasita daude dagoeneko. Uztaila amaierarako, guztiz itxura berria izango du. Lanak direla eta, egunotan plaza guztiz itxita dago ibilgailu eta oinezkoentzat.

Azken urteotan kezka sortzen zuen plazaren egoerak eta, udal aurrekontuetan, plaza eraberritu eta itxura berria emateko partida bat aurreikusi zuen Udalak. Joxe Mari Luengo alkateak eman ditu azalpenak: “Aspaldiko eskakizuna da Zizurkil Goiko plazaren eraberritzea. Duela bi urte eman genituen lehen pausoak, gune bat oinezkoentzat mugatuz. Horrez gain, plazako zuhaitzaren egoera ere kaskarra zen eta iaz moztu egin genuen, enborra bakarrik utziz. Plaza berritu beharra zegoen, eta aurten iritsi da horretarako garaia”.

 

Gernikako haritza

Urte hasieran egitekoak zituzten lanak, udaberrira atzeratu dira: “Zuhaitz berriaren landaketa egiteko, otsaila ingurua zen garairik egokiena, baina lanak atzeratu egin zaizkigu. Duela bi aste jarri dira martxan eta uztaila amaierarako bukatuta egotea espero dugu. Zuhaitzaren landaketa berriz, datorren urte hasieran egingo dugu”. Lurrean zuhaitzak beharko duen zuloa prestatuta utziko dute, “ondo babestuta, noski. Modu horretan plaza erabilgarri izango da uztailetik aurrera”.

Gernikako haritzaren ondorengo bat izango du Zizurkilgo plaza berrituak. Herritarren artean egindako bozketaren amaitzak garbi utzi zuen haritzaren aldeko apustua. “4-5 metroko altuera duen zuhaitza ekarriko dugu, Gernikakoaren ondorengoa. Gure ondorengoek haren itzalpean egoteko aukera izango dute”, dio Joxe Marik irribarretsu. Plazaren erdigunean zegoen aurreko zuhaitza; berria, berriz, Zentroaren parean jarriko dute. “Ekitaldiak antolatzeko garaian, aukera gehiago emango ditu plazak modu horretara”, dio Joxe Marik.

 

Oinezkoak eta ibilgailuak

Otegi-Gaztañaga enpresa ari da lanak egiten, 216.000 euroko aurrekontuarekin. 1000 metro ditu plazak, eta gune ezberdinak izango ditu: “Eliza inguruan, oinezkoentzako gunea egongo da. Eserlekuak jarriko ditugu eta argiteria ere berritu egingo dugu. Plazaren beste gune bat, ibilgailuen pasabiderako izango da”. Ondo bereiztuta egongo dira bi guneak eta ibilgailuen abiadura murrizteko neurriak ere hartuko dituzte. “Olentzo aldetik etortzen denak, aldapatxoa aurkituko du plazaren sarreran, herrigunera sartzen ari dela konturatu, eta abiadura murriztu dezan. Plaza Etxeberriko jaitsieran ere aldapatxoa aurkituko dute ibilgailuek”, azaldu du Joxe Mari Luengok. Honenbestez, orain baino altuxeago egongo da plazako lurra, egungoa baino ia 20 zentimetro altuago.

 

Trafiko aldaketak

Bi hilabeteko lanak eskatuko ditu plazaren eraberritzeak. “Herriko jaietan estreinatzeko moduan izango gara. Bitartean, pazientzia pixka bat eskatu beharko diegu herritarrei eta tabernariei. Trafiko aldaketak egin beharko ditugu eta egunen batean plazako pasabidea erabat itxita ere egongo da. Lurzorua asfaltatzeak neurri hori eskatuko digu”.

Plazaren itxura berritzeaz gain, azpiegitura aldetik ere aldaketak egingo dituzte: “LED motako argiteria jarriko dute eta orain baino argi gehiago izango du plazak. Horrez gain, lur azpiko hoditeria konpontzeko ere aprobetxatu dugu. Hodi zaharrak ziren eta egoera kaskarrean zegoen bat baino gehiago. Hori ere txukunduta geratuko da”, azaldu du alkateak.

 

Lan gehiago herrian

Plazakoa ez da Zizurkil Goian egingo duten lan bakarra, izan ere, itxura guztien araberra, laster hasiko baitira eraikitzen Etxemaiteko etxebizitza berriak: “Kontratistak erosi du sail hori, eta badakigu ahalik eta azkarren hasi nahi duela lanak egiten”, azaldu du Joxe Marik.

Horrez gain, Udalak urtero berritzen du herribide bat eta, aurten, Olatza baserriko errepidearen txanda izango da. “Olatza parean hasi eta gora aldera doan bidea hormigoizkoa da eta oso egoera txarrean dago. Asfaltatzeko lanak egingo ditugu bertan”. Alkateak iragarri duenez, iraila aldera egingo dituzte lan horiek, eta 50.000 euroko aurrekontua izango dute.  

 

Joxe Arregi plazako aterpea

Herrian aurreikusitako beste lan garrantzitsua Joxe Arregi plazako estalpea da. Iraileko jaiak amaitu ondoren egingo dituzte lanak, neguko giroa hasi aurretik. “Gune estali baten premia dago Elbarrenan eta negua iritsi aurretik ekingo diogu horri. 200.000 euro inguru eskatuko ditu lan horrek. Proiektua landuta dago dagoeneko”, azaldu du Joxe Mari Luengok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!