Eguna ez da hausaz aukeratu. Eli Sanchez Ametsondoa eskola aktiboko hezitzaileetako batek adierazi duenez, “data hori nahita aukeratu dugu, egun horretan ospatzen baitzen San Juan Eguna kristautasuna sartu aurretik”.
Programazio zabala prestatu dute. 17:30etatik hasita musika egongo da, eta haurrek txoko ezberdinak izango dituzte jolasteko: 0-3 gunea, eraikuntza jolasak, aurpegi margoketa eta eskulan txokoa. Gosea pizten denerako pintxoak ere egongo dira. 18:00etan 0-99 urteko haurrentzako jolas kooperatiboak egingo dira, gurasoak ere haurrekin batera jolasteko. Amaieran, 19:15ak inguruan suaren inguruan bilduko dira elkarrekin abestuz gitarraren laguntzarekin.
Ametsondoa ekimena ezagutzeko aukera aproposa
Andoaingo familia eta hezitzaile batzuk sortutako taldea da Ametsondoa, eta ekainaren 21eko festaren bitartez, euren burua ezagutzera eman nahi dute.
Hazkuntza eta hezkuntza eredu aske bat lantzeko espazio bat edukitzearen alde dabiltza lanean. “Hezkuntza eta hazkuntza ikusten den horretatik kanpoko beste eredu bat bilatzen dugu”, azaldu du Ametsondoako hezitzaile den Eli Sanchezek. Modu horretan, bakoitzaren esperientziak elkarrekin konpartitzeko espazioa ere bada.
Festara bertaratzen direnen artean esku-orriak banatuko dituzte.
“Ametsondoa proiektu aktibo bat da, guztion parte hartzea eskatzen duena”
Hezkuntza eta hazkuntza eredu aske bat lantzeko espazioa da Ametsondoa. Andoaingo familia eta hezitzaile batzuk elkartu eta sortu duten proiektua da. Bertako hezitzaile den Eli Sanchezek azaldu du egiten dutenaren berri.
Hezkuntza eta hazkuntza eredu aske bat sortzeko lanean zabiltzate, eta horretarako Ametsondoa izeneko gunea sortu duzue. Zer da zehazki?
Oraingoz gure helburuak hausnarketak elkar trukatzea eta elkar ezagutzea dira. Oso denbora gutxi daramagu. Ideia da espazio bat sortzea adinik gabe, gorputzik gabe, jatorririk gabe. Pertsonak elkartzeko espazio bat izatea hazteko eta hezteko modu libre batean eta errespetuz. Informatzen eta ikasten gabiltza. Tailer eta hitzaldi batzuk antolatu ditugu. Esaterako, Azkoitiko Bizilore eskola aktibokoak etorri ziren beraien proiektua aurkeztera, jendeak ikusteko ez dela guk asmatutako ezer, badaudela pedagogia korronte ezberdinak.
Nortzuk osatzen duzue Ametsondoa?
Andoaingo familia eta hezitzaile taldetxo bat gara. Hezkuntza eta hazkuntza ikusten den horretatik kanpoko beste eredu bat bilatzen dugu. Horrek batu gaitu. Bakoitza gure aldetik hasi gara: ni hezitzaile moduan, beste bat ama moduan, beste bat aita moduan… Kezka horrekin hasi gara. Elkar ezagutu ostean elkartzen hasi gara.
Irekia al da ekimena?
Bai. Orain arte egin dugun guztia doakoa eta irekia izan da. Hemendik aurrerako asmoa horrela jarraitzea da. Norbaitek interesa edukiz gero, edozein dela ere arrazoia, ongietorria izango da. Sortu dugun Haziera taldeak, esaterako, bideratuago doaz haurdun dauden emakumeentzat edota haurraren lehenengo urteetan dauden gurasoentzat, elkarren artean kezken inguruan hausnarketa egiteko. Horrekin abiatu gara, baina ez dugu alboratzen hemendik urte batzuetara haziera talde hori nerabeak dituzten gurasoentzat izatea, adibidez. Ideia komunitatearen kontzeptua berreskuratzea da. Espazioak behar dira epairik gabe elkarren esperientziak kontatzeko. Haziera taldearen helburua horixe da. Guraso asko konturatzen dira profesionalek esandakoa −dela medikua, dela edozein profesional− ez datorrela bat bere errealitatearekin. Oso galduta sentitzen dira. Guk eskaintzen dugun moduko espazioa ezagutzean, eta beste esperientzia batzuk ezagutzean konturatzen dira badaudela gauzak egiteko beste modu batzuk.
Zein da zuen filosofia?
Momentu honetan hiru ardatz hauek ditugu: euskal kultura, ingurumenarekiko errespetua eta feminismoa.
Nola hartu du jendeak “Ametsondoa” moduko esparru bat edukitzea?
Sentitzen dugu oraindik jendearen buruetan ez dagoela Ametsondoa eta ondoan irudi bat. Jendea egingo dugunaren zain ageri da. Distantzia batetik begiratzen digute ea nora goazen ikusiz. Utopikoa dela sentitzen dute esaten duguna. Horregatik gonbita luzatzen diegu kuriositatea duen orori hurbiltzeko guregana, ikus dezaten ez dela utopia bat. Horrelako proiektu baten atzean dagoen gauza bakarra lana dela. Ez dela inolako erokeria, eta posible dela. Nire ustez, denok aurki dezakegu leku bat Ametsondoan.
Egoitza finkorik ba al duzue?
Oraindik ez. Kideren baten etxean edo taberna batean geratu ohi gara. Esparruren bat bilatzen gabiltza, baina oraindik ez dugu diru iturri finkorik. Dirua gure poltsikotik ateratzen da.
Zein ezberdintasun ditu eskola tradizional baten eredutik?
Ohiko eskoletan haurra bertan utzi eta bazoaz. Gure ideia ez doa hortik. Ideia da Ametsondoa denon artean sortzea. Eskolan eta etxean esaten denak berdina izan behar du, bestela haurrak erotu egingo ditugu. Egun asko ikusten da hori. Ametsondoa proiektu aktibo bat da, guztion parte hartzea eskatzen duena.
Azkoitikoaz gain, badaude eskola aktibo gehiago Euskal Herrian?
Espainiar estatuan badaude 20 urteko ibilbidea duten eskola aktiboak eta alternatiboak. Euskal Herrian berriagoa da korrontea. Nafarroan Tximeleta izenekoa dago, eta Gipuzkoan ere geroz eta gehiago daude. Azken bost urteetan proiektu txiki ugari sortu da. Esan bezala, Bizilorea Azkoitin, Baso eskola Ulian… Eskoletan ere aldaketak ematen ari dira pixkanaka.
Informazio gehiago
ametsondoa.wordpress.com
Facebook | Twitter