San Juan egunean auzoetako jai batzordeek herri bazkariaren edizio berria antolatu dute, berrikuntza dibertigarri batekin. Egun eguzkitsua aurreikusten dutenez, eguzkitik babesteko sonbrilla eramaten dutenen artean lehiaketa egingo dute. Adi, zeren eta ezaugarri ezberdinak kontutan hartuko dituzte. Eta horietako bat sonbrilaren zatarkeria izango da. Geroz eta sonbrilla itsusiagoa eraman, are eta deigarriagoa izango da. Horiexek izan daitezke aurten irabazle izateko hautagaiak.
Herri bazkaria txuleta jatea da, auzolanean prestatzen dena. Ekainaren 24an izango da, larunbatarekin, eguerdiko 14:00etatik aurrera. Otordua Goikoplazako pilotalekuan egingo dute. Honako menua prestatuko dute antolatzaileek: txorizo egosia, entsalada mistoa, txuleta, gazta, irasagarra eta intxaurrak. Edateko, sagardoa, ardoa eta ura aukeran jarriko dute.
Bazkari jendetsua izango da, aurten Axeri Dantzako kideek bertan bazkalduko baitute. Auzoetako jai batzordeetako kideek sustaturiko bazkaria andoaindar guztien hitzordu bilakatzea nahiko lukete. Deialdia, beraz, irekia da egun atsegina igaro nahi duenarentzat.