Euskal Antzerkiaren Dokumentazio egitasmoa aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 16a, 02:00

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak elkarlanean osatutako Euskal Antzerkiaren Dokumentazio egitasmoa aurkeztu dute gaur eguerdian, Subijana etxean:

Iñaki Murua Jauregi, Mintzola Ahozko Lantegiko lehendakariak, Nere Erkiaga Laka Xenpelar Dokumentazio Zentroko koordinatzaileak eta Eneritz Artetxe Aranaz Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko (EHAZE) lehendakariak hartu dute hitza aurkezpenean. Iñaki Muruak, Mintzolaren bokazioa bertsolaritzatik abiatu eta ahozkotasunarekin lotutako beste jardunekin elkarlana burutzea dela jakinarazi du eta 2010 urteaz geroztik, antzerkia, ipuina edota kantuaren inguruan hamaika ekimen antolatu dituztela. 2014 urtean, euskal antzerkia izan zuten hizpide eta jorragai Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHAZEk antolatutako jardunaldietan eta antzerkiarekin lotutako dokumentazioa bildu gabe zegoela ohartu ziren. “Antzerkiarekin lotutako dokumentazio artxiboaren beharra argi geratu zen eta egoera horren aurrean, Xenpelar Dokumentazio Zentroak duen esperientzia baliatuz, dokumentazio egitasmo zehatza diseinatzeko proposamena egin zion EHAZEri”. Aipatu bi erakundeak elkarlanean, eta borondatez lana egin duten antzerkizaleekin batera, parte hartze prozesua bideratu dute eta Euskal Herri osoko ehunka antzerki eragileren iritziak jaso dira. Antzerki arloko dokumentazioa bilduta, Mintzola Ahozko Lantegiaren zeregina hortxe bukatzen dela adierazi du Iñaki Muruak, hortik aurrerako lana EHAZEren esku geratzen dela.

Abiatzeko tresna

Nere Erkiaga Xenpelar Dokumentazio Zentroko koordinatzaileak, dokumentazioa osatzeko prozesuaz hitz egin du segidan. EHAZE eta Mintzola Ahozko Lantegia, 2016ko urtarrilean hasi ziren prozesuan lanean eta oraintxe bukatu berri dute. “Luzea izan da ibilbidea, baina oso aberatsa. Xenpelarreko esperientzia hartu, orri zuri bat jarri eta antzerkizaleen jakintza bildu dugu. Prozesu guztia elkarrekin egitea oso aberatsa izan da, Euskal Herriko eragileengana joatea”. Egindako lehenengo lana, lurraldez lurralde, kontaktuak biltzea izan zen, hain zuzen ere, ahalik eta eragile anitzenak biltzea, “Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoaren kasuan, beste eragile batzuen laguntza izan genuen, borondatezko antzekizaleena, eta tailerrak egin genituen Bilbon, Donostian, Iruñean, Kanbon eta Maulen. 105 pertsonek zuzenean parte hartu zuten tailerretan edo zuzeneko banakako elkarrizketen bidez. Bilboko Dantzerki eta Iruñean dagoen  Escuela Navarra de Teatro / Nafarroako Antzeki Eskolako liburutegiekin ere egin genuen harremana, haien iritziak biltzeko”. Jakintza metatu horrekin hainbat proposamen luzatu zituzten, beti ere etorkizunean alda daitezkeela jakinda. “Euskal antzerkiaren dokumentazioaren helburua, euskarazko antzerkiaren aktibazio sozialerako lagungarria izango den zentroa izatea da; lurralde guztietako antzerki mota guztientzat, eta baliogarria izatea euskarazko antzerkia lurraldean zabaltzeko eta zaletasunean sakontzeko”, argitu du Nere Erkiagak. Hori egiteko, bi lerro proposatzen dituzte. Batetik, gaur egungo antzerki sorkuntzaren behatoki dinamikoa izatea eta bestetik, garai eta lurralde guztietan euskaraz sortutako antzerkiaren memoria berreskuratu eta ezagutaraztea.

Egitasmoaren oinarri nagusiak, bestalde, lau dira: Batetik, dinamikoa eta eraldatzailea izatea, “mugitzen ari den sorkuntza baten dokumentazio zentroa izan behar du, beti moldatzen ari den zerbitzua, bizirik dagoen antzerkiari erantzungo liokeena”, bigarren, hizkuntza ikuspegia, “euskaran ardaztuta dago eta euskarazko antzerkiari ematen dio zerbitzua. Horren helburua, muga guztien gainetik, sortzaileei euskararen lurraldea zabaltzea da, zaletasunean sakontzeko”. Hirugarrenik, aniztasuna eta elkarlana, “eragile mota guztientzat izan behar du: lurralde guztietan dabiltzan profesionalak, amateurrak, pastoralgileak, toberagileak, irakasle, ikasle, antolatzaile..., denentzako zerbitzua izan behar du. Horrez gain, elkarte, talde edota norbanakoen harremanetik bilduko da elkartea”. Laugarren eta azkenik, elkarlana, “antzerkiaren dokumentazio zentroak ezinbestean elkarlana izango du oinarria maila guztietan. Elkarlanaren bidez dagoeneko egiten den lanik ez errepikatzea eta antzerkiaren inguruko eragileen esperientzia eta jakintza metatzea lortu behar da antzerki eragile mota guztiekin, antzerki dokumentazio erakundeekin, antzerki funtsak dituzten norbanakoekin edota dokumentazio erakundeekin, unibertsitate eta ikerketa zentroekin edota administrazio publikoarekin”. Nere Erkiagak, euren desioa, dokumentazioa baliagarria izatea dela esanez amaitu du bere parte hartzea. “Irekia da, aldakorra da... Baina abiatzeko tresna bat izatea nahiko genuke aurrera begira, antzerkizaleek egingo duten ibilbidean egokitu ahal izateko. Eskerrak eman nahi dizkiet EHAZEri eta egitasmoan parte hartu duten guztiei, txosten hori beraiei esker sortu baita. Guk josi eta forma eman diogu”.

 

Sendotu eta aberastu

Eneritz Artetxek EHAZEko lehendakariak, elkartearen izenean hitz egin du eta funtsezkotzat jo du gaur aurkeztutako dokumentazioa. “Oraingo ekimen honetan antzerkiaren komunitatea osoak azalerazi du bere parte hartze eta interesarekin, dokumentazio zentro baten ezinbestekotasuna. Gure elkarteari dagokionez, EHAZEren oinarrizko helburuetan izan da hasieratik teatroaren ondarea eta transmisioa bermatzea eta horren zutoinetako bat dokumentazio zentroa litzateke”. Antzerkia arte galkorra dela adierazi du, aztarna gutxi uzten duen jarduera dela. “Ezaugarri horrek egiten du antzerkia eder eta berezi, baina aldi berean, hauskortasun handia ematen dio, sarritan bizirauteko arazoak ekarriz. Gure kasuan, gainera, teatroaren izaera galkorrak bat egiten du hizkuntza diglosiarekin”. Hori dela eta, euskal antzerkiak aurre egin beharreko arazo estrukturalak dituela adierazi du. Bere ustez, antzerkiaren kasuan, dokumentatzeak gordetzea esan nahi du, “dokumentatzen ez den antzerkia galtzeko bidean da. Argi daukagu euskal antzerkiaren etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa dela iraganaren eta orainaren berri izatea. Harrigarria da, adibidez, Euskal Herrian izan dugun tradizio aberatsarekin, tradizio horrek gaur egunera arte bizirauteko izan dituen eta dituen arazo larriak. Une batean tradizio hori hilzorian utzi genuen eta ez dakigu nola heldu zaigun gaur egunera arte. Ez genuke hari fin eta hauskor hori mozterik nahi. Sendotu egin nahiko genuke eta aberastu”. Euskal Herriko antzerki tradizioak eta orain arte egin den bideak euskal kulturan duen garrantziaz kontzientziatu nahi dituzte gizartea eta instituzioak, “beraien babesik gabe ezin baitugu aurrera egin eta egia esan, haiengandik orain artean jaso dugun babesa ez da gehiegizkoa izan”. Eneritz Artetxeren hitzetan, Mintzola Fundazioak abiatutako prozesu parte hartzailea eta txostenaren emaitza balio handikoak zaizkie antzerkizale guztiei, “gure ustez, gaur aurkezten den dokumentu honek euskal antzerkia egituratzen duen komunitatearen behar eta eskakizunei erantzuten baitie. Antzerki alorrean urtetan sumatu ditugun dokumentazio beharreak zehazteaz gain, txostenak, behar horiek beteko lituzkeen balizko erakundearen oinarriak ere zehazten ditu”. Zalantzarik gabe, eginiko lana, abiapuntu emankor eta sendoa da euskal antzerkiak pairatu duen gabezia handienetako bati aurre egiteko. “Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu, beraz, Mintzola Fundazioari, ekimenaren sustatzailea izateagatik eta azken hilabeteotako prozesu parte hartzailea gidatzeagatik. Asko ikasi dugu zuekin eta etorkizunean ere, lankidetza horrek fruitu gehiago ematea espero dugu”, adierazi du. Gizarte teknologizatu honetan, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten du antzerkia aktore bizkaitarrak, “antzerkiaren funtsa pertsona delako eta horrek humanitateari beti atea irekitzen diolako. Ez dut ezagutzen antzerkia baino arte humanoagorik”, eta azken ideia horretaz euskal instituzio publikoak kontura daitezela nahi du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!