Harridura hasieran eta poza ondoren. Horiek izan dira abesbatzako kideek sentitu dituzten sentipen nagusienak azken asteetan, izendapena jakin dutenetik. Abesbatzaren zuzendaritza batzordea osatzen duten Jexus Mari Beraza, Kontxi Arin, Espe P. Arriluzea, Jexus Mari Otamendi eta Maria Pilar Letamendi elkartu egin dira, Aiurriri adierazpenak egiteko asmoz.
“Herriko elkarteek eta herritarrek egiten diguten aitormentzat hartu behar da izendapena. 35 urtetan kantagintza zabalduz herriko kulturaren alde egin duguna estimatzen duten seinalea da, eta hori da baloratzen duguna batez ere”.
Pentsatua daukate zer egingo duten pregoia irakurri eta jaien hasierako itxaferoaren jaurtiketan oinarritzen den ekitaldi horretan. “Olagaingo txistulariekin kalejiran hurbilduko gara Goikoplazara, eta abesbatza osatzen dugun 25 kideak udaletxeko balkoira igoko gara. Goitik, agurra abestuko diegu plazan biltzen diren herritarrei, eta pregoia irakurriko dugu ondoren”.
Abesbatza herrikoia
35 urte bete ditu Joxean Pascualek zuzentzen duen Alberto Agirre abesbatzak, eta urte horietan guztietan nortasun herrikoiari eutsi diola adierazi dute. “Gu beti-beti azaldu gara prest Andoaingo kultur giroa aberasteko, nola edo hala dakiguna eginez, kantatuz alegia. Inoiz ez diegu ezetzik esan herritik heldu zaizkigun parte hartzeko proposamenei: Sanjuan zein auzoetako jaietan, folklore jaialdietan, euskara eta euskal kulturaren aldeko ekitaldietan, kale ikuskizunetan, edonori eskerrak emateko omenaldietan… Jendea akaso ez da konturatuko, baina herri batentzat oso garrantzitsua da abesbatza edukitzea. Taldean abestutako musikak jantzi egiten du edozein eratako kultur ekitaldia; musikak jendea batzeko edota alaitzeko... balio izaten du”.
Alberto Agirrek Andoaingo kultur bizitzarekin erakusten duen inplikazioa adieraz dezakeen datua izan daiteke honakoa: urtean, herrian bertan, 32 bat emanaldi eskaintzen ditu. “Orfeoi famatuenak ere ez dira kopuru horretara iristen!”.
Nolanahi ere, abesbatzak eduki zituen garai oparoagoak, kanpotik maiz deitzen ziotenean abestera joan zedin; behin baino gehiagotan gainditu zituzten Euskal Herriko mugak (Madril, Burgos, Galizia...), Andoaingo kultur enbaxadore bihurtuz.
Arnas berrien falta
Aspalditik abesbatzan kantuan hasi ziren pertsona berberak jarraitzen dute gaur egun ere. “Ez zaigu jende gazterik hurbiltzen, eta gaudenok adinean aurrera goaz. Noiz arte jarraituko ote dugun? Gorputzak eta eztarriak uzten diguten bitartean... Urteak daramatzagu astero-asteroko entseguen dinamikarekin; musika maite dugunez eta emanaldiak maiz dauzkagunez, ez dugu motibazio berezien premiarik”.
Belaunaldi berriek lekukoa hartu ezinaren arazoa ez dela Alberto Agirrerena soilik zehaztu nahi izan dute. “Abesbatza guztien ajea da, egun. Egin kontu, Donostiako Orfeoia edota Easo abesbatza ere ahots berrien bila dabiltza aspalditxotik. Iraganean nahikoa zen lau euskaldun elkartzea abesbatza osatzeko, baina akabo garai aberats horiek! Gainbehera doa abesbatzen kultura. Hezkuntzan apenas lantzen den, eta animatzen diren ahots berriei ere kosta egiten zaie eustea abesbatza batek funtzionatzeko eskatzen duen entseguen dinamikari eta konpromisoari”.
35 urtetako ibilbidea
1982an jaio zen Alberto Agirre abesbatza; Joxe Goikoetxea, Joxe Mari Huizi eta Jose Luis Etxeberriak jarri zuten abian, eta Pio Huizi animatu zuten zuzendari lanak bete zitzan.
Abesbatza mistoa izan zela hasieratik, nabarmendu nahi izan dute zuzendaritza batzordeko kideek; orain gauzarik ohikoena dena, ez zen horrela hamarkada batzuk atzerago. “Iraganean, musika korala oso lotua joan zen erlijio katolikoarekin; Elizaren ardurapeko Mariaren Alaben edo eta Luistarren kongregazioek izugarri lantzen zuten kantua, tipleak izaten ziren. Hala ere, bi sexuek nahastuta ezin zuten abestu, eta elizako koroan, adibidez, neskek galarazita zeukaten sartzea. Gizonezkoek hartzen zuten protagonismo osoa”.
Dena esatera, Alberto Agirrek eduki zuen aurrekaririk Andoainen, mistoa izan zena gainera. “1968an, Juan Batista Barandiaranek Beti Abeslari abesbatza mistoa sortu zuen. Iraun zuen urteetan Tolosako abesbatzen lehendabiziko lehiaketetan parte hartu zuen eta baita bi disko grabatu”. Agudo 50 urte beteko dira abesbatza hura sortu zela, eta Alberto Agirreko kideek badute gogoratzeko asmoa, ekitaldi baten eskutik.
Emanaldien agenda, gainezka
Urtetan aurrera doazen arren, Alberto Agirre abesbatzako kideak ez dira geldirik egotekoak, eta horren adierazgarria da datozen egunetan daukaten agenda, edozein urduritzeko adinakoa: ekainaren 21an, Pedro Aizpuruari eskainiko zaion omenaldi-kontzertua San Martin elizan; ekainaren 23an, 19:00etan pregoia eta ordu erdi geroago, Agustin Leitzaren omenezko Salbe Gorena; egun bereko gauean, San Juan suaren inguruko jaia, Goikoplazan; eta azkenik, ekainaren 25ean, Olagain txistulariekin batera kontzertua Goikoplazan.