Ostiralean, Aukera dantza taldeak ikuskizun ezberdinak eskainiko ditu plazan. Larunbatean, berriz, Egape dantza taldeak hamargarren urteurreneko emanaldia eskainiko du Plazido Muxika plazan. Azken hauek, gainera, gonbidatu bereziak igoko dituzte taula gainera. Besteak beste, Anabas musika taldea eta Ugarte txalapartariak. Antolatzaileek sorpresa gehiago iragarri dituzte.
Egape dantza taldeak 10 urte bete ditu aurten eta urteurrena ospatzeko emanaldi berezia eskainiko du larunbat gauean, 22:00etan, Plazido Muxika plazan. “Plazara plazerez” ikuskizunak dantza taldearen sorrera eta ibilbidea taularatuko du.
Urtero Sarobe antzokian eskaintzen duten emanaldia kalera aterako dute aurtengoan. Erronka “handia” izango da dantzarientzat, toki itxi batetik plazara igaroko baitira. Emanaldia kalean izatea “oso berezia” izango dela nabarmendu du Ioritz Lizeaga dantzariak. Izan ere, modu honetara jende gehiago hurbilduko da, eta gainera, gauean egiteak “beste goxotasun bat” ematen duela azpimarratu du Naroa Agirrek.
“Lehenengo urtea da plazara ateratzen garela horrelako ikuskizun batekin eta guretzat plazera izango da horrenbeste jenderen aurrean aritzea”, azaldu dute. Sentimendu horretatik abiatuta jarri diote emanaldiari “Plazara, plazerez” izena.
Larunbatekoa urte amaierako emanaldia baino zerbait gehiago izango da; izan ere, ikuskizunak Egaperen sorreratik gaur egun arterainoko ibilbidea islatu nahi du. “Azken urteetan erabilitako elementuak erabiliko ditugu zenbait dantzetan: gomak, maskarak…”.
Horrez gain, ikuskizunean zehar sorpresa “potoloak” egongo direla iragarri dute. “Bertan biltzen direnen artean, harridura piztuko duen zerbait izango dela esan dezaket. jarduera ezberdinak bateratuko dituen performance xume bat egongo da”, adierazi du Edu Muruamendiaraz irakasle eta dantza taldeko arimak.
2007tik 2017ra
1998 urtean Urnietako Egape Ikastolak dantza sustatzeko ikastaroak jarri zituen martxan. Egitasmo horri bultzada emateko asmoz, Urnietako guraso talde bat bildu eta 2007an Egape dantza taldea sortu zuten. Ordutik, elkartearen helburua urnietarrengan dantza tradizionala sustatzea eta oholtzaratzea izan da.
Urteek aurrera egin ahala, dantza taldea izugarri indartu da, koreografia, presentzia eta dantzari kopuru aldetik. Jaialdiaren lehenengo ekitaldian, esaterako, 5-13 urte bitarteko 120 dantzari irten ziren plazara. Hamar urte geroago, ordea, 4-60 urte bitarteko 230 lagun aritzen dira dantzan.
Ibilbide honetan ezinbestekoa izan da Edu Muruamendiaraz irakasleak egin duen lana. Bere esanetan, dantzariengan heldutasuna ikusten du: “Garapen izugarria sumatzen dut dantzariengan eta kalitatean hobetzen joaten dira urtez urte”. Bestalde, alde artistikoari dagokionez, urtero koreografia berriak sortu edo aurretik zeudenak moldatzen dituzte, dantzari taldearen arabera: “Sormen prozesu horretan dantzarien ekarpenak ezinbestekoak dira eta sortzen diren dantzen parte bihurtzen dira”.
“Plazara plazerez” ikuskizuna, hain zuzen, prozesu honen adierazgarri izango da, taldean ohikoak bihurtu diren koreografiak bereziki emanaldi honetarako sortutako koreografiekin nahastuko direlako. Dantzariek azaldu dutenez, atzean lan handia dago eta orain azken orduko entseguetan dabiltza guztia ondo atera dadin. Larunbatekoari begira motibatuta eta itxaropentsu daude.
IN-FUSIOAK ekainaren 16an
Aukeran dantza konpainiak 20 urte bete ditu aurten eta, taldearen erreferentzialtasuna Urnietan kokatzen denez, dantza saio ezberdinak antolatu dituzte ostiralerako. Hala, gaueko 22:00etan Aukeran konpainiak ikuskizuna eskainiko du San Juan plazan. Zortzi dantzarik osatuko duten ikuskizun garaikide eta berritzaile honetan, euskal eta munduko folklorearen erritmo eta doinuak uztartuko dira.
Egun berezi horretarako, gainera, Judith Argomaniz dantzari eta koreografoa gonbidatu dute ilunabarrean bi ikuskizun eskeini ditzan San Joan plazan: Lauesku 18:30ean eta Hooked 20:00etan.