Erreportari gazteei sariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 15a, 02:00

XX. Erreportari Gaztea Sariaren XX edizioko sariak banatu dira gaur eguardian Gazte Lokalean egin den ekitaldian.

[Argazkiak] Sarituak:

64 lan aurkeztu dira guztira, eta Aita Larramendi ikastola, La Salle-Berrozpe eta Leizaran Institutuko ikasleak izan da sarituak. Hona sarituak eta horien erreportajeen izenburuak:

Irune Gonzalo eta Ainhoa Manterolak lehen saria, “Isildutakoak errepikatzen”. Aita Larramendi ikastolako lanik onenaren saria ere jaso du bikoteak.

Lili Zubeldia eta Ibane Otegik bigarren saria: “Otegitarrak: bost belaunaldi pilota astintzen”.

Araitz Igerategi eta June Montejok hirugarren saria, “Liburu bilduma hutsetik sorkuntza aretora”.

Leire Bueno eta Irune Elizondok La Salle-Berozpe ikastetxeko lanik onenaren saria, “Organismoarentzat etenaldia”.

Riad Mouaffaq, David Alvarez eta Irene Sansamendik Leizaran Institutuko lanik onenaren saria, “Modeloak modan?”.

Epaimahaia Joni Ubeda, Jone Larrañaga eta Eneko Telleria kazetariek osatu dute.

Saritutako erreportajeak gaur bertan zintzilikatuko dira Erreportari gaztea blogean eta paperezko edizioa irailerako, ikasturte hasierarako zabalduko dira.

Andoaingo Udala da sariaren antolatzailea eta Andoaingo eta inguruko herrietako gazteen artean komunikazio idatzia euskaraz zuzen ez ezik txukun eta egoki egiteko gaitasuna eta kazetaritza-zaletasuna bultzatzea da bere helburua.

 

Xabi Paya bertsotan eta jolasean

Ekitaldian zehar Xabi Paya bertsolariak zenbait bertso kantatu ditu, eta bildutako ikasleak aurre iritzien inguruko jolas batean parte hartzera gonbidatu ditu, umorea erabiliz. Beren aurre iritziak aztertu nahi izan ditu horrela.

Adierazi dienez, “hizkuntzarekin eta pertsonekin nola jokatzen dugun, oso antzekoa izaten da. Aurre iritziak baliagarri zaizkigu proiektatzen ditugun uste horiek besteek zer egiten duten, zer pentsatzen duten edo nolakoak diren jakiteko”.

Payak bere buruaren inguruan baieztapen bat egin aldiko, ikasleek egia ala gezurra den asmatu behar izan dute, bere itxura kontuan hartuta. Beraren gaineko zortzi esaldi irakurri ditu; hala nola, “bertsolaria naiz”, “euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiarra eta alemaniarra dakizkit”, “auto deportivo garestia daukat”…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!