Tamaina handiko hondakinen bilketa sistema hobetzeko pausoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 15a, 02:00

Zaborrak kudeatzeko zerbitzu berria murgildurik dagoen etengabeko hobekuntza-prozesuaren baitan, Villabonako Udalak, Tolosaldeko Mankomunitatearekin elkarlanean, tamaina handiko hondakinak (koltxoiak, altzariak, etab.) biltzeko moduan aldaketa egin nahi du, material horiek jasotzerakoan, eraginkortasuna irabaztearren:

Hondakin horiek asteazken gauetan bakarrik utziko dira aurrerantzean ere.

Neurri horrek gutxienez bi helburu garrantzitsu lortu nahi ditu: alde batetik, horrelako hondakinen gaikako bilketa bultzatzea Tolosa eta Andoain eskualdetako garbiguneak gehiago erabiliz; bestetik, hiri-ingurune atseginagoak eta errespetutsuagoak lortzea. "Tamaina handiko hondakinak bildu ez direlako ostegun goizetan hainbat espazio publikoren zikintasun-irudia pixkanaka baztertzen joan behar dugu" dio Maite Izagirre alkateak, bere ustean dinamika berri hau guztiontzat onuragarria izango delakoan.

Sistemaren eraginkortasuna handiagoa izan dadin, herritarrak Mankomunitateko web gunearekin jarriko dira harremanetan (http://www.tolosaldekomankomunitatea.eus) edo 943 67 62 16 telefono zenbakira deituko dute (bulegoko orduetan) hurrengo asteazkenean beren auzoko ohiko tokian hainbat material uzteko asmoa jakinaraziz. Horrela, bilketa zerbitzuak elementu horiek non jaso behar dituen jakingo du zehatz-mehatz, eta baliabideak optimizatuko dira. "Guztiok izan behar dugu arduratsuagoak gure hondakinekin, eta zabor bilketa zerbitzua egunetik egunera hobetu dadin kolaboratu behar dugu", dio Izagirrek.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!