Euskalduna futbol taldearen deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 16a, 02:00

Euskalduna futbol taldeak jakinarazi duenez, 2006, 2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotako neskek eta mutilek ekainaren 19, 20 eta 21ean eman ahal izango dute izena futbol eskolan. Ubitarteko futbol zelaiko bulegora azaldu beharko da, 17:30etatik 18:00etara. 

Bestalde, Euskaldunak deialdi berezia egin die 2004 eta 2005ean jaiotako neskei, infantilen mailan jokatu nahi dutenei. Emakumeen futbola indartu nahi du Euskaldunak, eta jokalarien beharrean da horretarako.  
Iñigo Gurrutxaga Euskaldunako kirol zuzendariak eta Eneritz Ramirez infantil mailako nesken entrenatzaileak adierazi dutenez, gonbitea futbola gogoko duten neskei zuzentzen die, “gutxienekoa da maila ona izatea edo ez izatea. Garrantzi gehiago ematen diogu futbola maitatzea eta futbola giro atseginean praktikatzeko gogoa edukitzea”. Euskaldunak emakumeen futbola indartzeko apustu sendoa egin nahi du: “Iruditzen zaigu kirolean ere gaztetxoek, izan mutilak izan neskak, aukera berdintasuna eduki behar dutela, eta horretarako aukera errealak eman behar zaizkiela”.
 

Une honetan Euskaldunak bi talde ditu emakumeetan; kadeteen eta infantilen mailetan. Talde kopurua handitu eta, aurrera begira, jubeniletan ere taldea osatu nahi luke Euskaldunak. Modan dago emakumeen futbola, gero eta jokalari eta jarraitzaile gehiago ditu, egunez egun arreta zabalagoa eskaintzen diote komunikabideek ere, eta errealitate hori kontuan izanda, uste dute Andoain bezalako hamabost mila biztanleko herri batek orain dauzkan baino talde gehiago behar lituzkeela eduki.
Eguna zehaztu ez badute ere, futbolean jokatzeko interesa agertzen duten neskei begira, ate irekien jardunaldia prestatzeko asmoa daukate hurrengo egunetan. Eneritz Ramirez entrenatzaileak zuzenduko du topaketa, “entrenamendu antzeko zerbait izango da, gauza dinamikoa eta dibertigarria, ikusi dezaten futbola euren aisialdia asetzeko moduko zaletasuna bihur daitekeela”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!