LGTB kolektiboaren Nazioarteko Egunerako egitaraua aurkeztu du Urnietako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 13a, 02:00

Ekainaren 28an LGTB kolektiboaren Nazioarteko Eguna dela eta, ekitaldi mota ezberdinetako ekintzak antolatu ditu Udalak. Ekainaren 17tik 29ra bitartean ikastaroak, laburmetraiak eta tailerrak izango dira.

[Egitaraua ikusteko klikatu]      [Bideoa]

Prentsaurrekoan Mikel Pagola Urnietako alkatea, Eli Darriba Berdintasun teknikaria, David Rosco Sustapen zinegotzia eta Olatz Urretabizkaia Gazte Informazio puntuko arduraduna izan dira.

Mikel Pagola – Urnietako alkatea

“Urnietako udalak egiten duen apostua jendearengana iristea da. Jendeak hemendik aurrera ikur moduan erabil ditzakeen hainbat neurri bultzatzea”.

“Ekimen guztietatik esanguratsuena ostadarraren margoketa kolektiboa izango da ekainaren 20an, Plazido Muxika plazako harmailetan. Arratsaldeko seietatik hasita, nahi duen herritar orok elkarrekin margoztuko dute Arantxa Iturbek diseinatutako ortzadarra. Ortzadarra sentsibilizazioa lantzeko ikur moduan erabili nahi da”.

David Rosco – Sustapeneko zinegotzia

“Udalak tratu berdintasuna aldarrikatu nahi du pertsona guztientzat, ez baita bidezkoa jendea bere orientazio sexualarengatik diskriminatzea”.

Eli Darriba – Berdintasun teknikaria

“Administrazioak badu LGTB kolektiboari erantzun bat emateko beharra. Nafarroako Gobernuak orain 5 egun lege bat aprobatu du, non eskubide horiek bermatzen dituen; lege aitzindari bat”.

“Larunbat honetan izango den autodefentsa feminista ikastarora animatzen ditut emakume guztiak”.

Olatz Urretabizkaia – Gazte Informazio puntuko arduraduna

“Ikusiko diren laburmetraiak transexualitatean daude oinarrituta. Gai hori bereziki ikusarazten saiatu gara”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!