Euskararen erabileraren beherakadaren inguruko batzarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 13a, 02:00

Soziolinguistika Klusterrak egindako kale neurketareren emaitzak ezagutu ondoren, euskararen erabilerak Villabonako kaleetan izan duen beherakadaren datuak aurkeztu eta neurriak hartzeko, Amasa-Villabonako EH Bilduk herri batzar irekia deitu du bihar, ekainaren 14an, udaletxeko balio anitzeko gelan.

AMASA VILLABONAKO EH BILDU-REN HERRI BATZAR IREKIA
EUSKARAREN ERABILERAREN BEHERAKADARI ERANTZUTEKO

Pasa den astean ezagutzera eman ziren 2016ko urrian eta azaroan Soziolinguistika Klusterrak Villabonako kaleetan egindako euskararen erabileraren neurketak emandako emaitzak. Euskararen kale erabilera %36,2an kokatu da eta beherakada nabarmena izan du azken neurketa egin zen 2011. urtetik (orduan %43,8koa zen). Euskararen erabileraren beherakada handiagoa izan da haur eta gazteen artean: Haurrak (0-14 urte) %76tik %55,6ra eta gazteak (15-24 urte) %74tik %41,6ra.

Datu kezkagarriak dira dudarik gabe. Euskararen normalizazioa helburu dugunok, arduratuta egoteko motiboak ditugu eta kalean euskara gero eta gutxiago entzuteak azken urteetan euskararen sustapenean egindako lanarekin oso kritiko izatera bultzatzen gaitu.

Amasa Villabonako EH Bilduk egoera honen aurrean erreakzionatzea eta martxan jartzea erabaki du, herritarrekin batera euskararen erabilerari bultzada berri eta eraginkor bat emateko helburu irmoarekin.

Horretarako asteazken honetan 19:30etan Herri Batzar irekia antolatu du. Batzarra udaletxeko balio anitzeko gelan (liburutegi gainean) izango da.

Batzar honetan euskararen erabileraren neurketaren datuak aurkeztu, datu horien irakurketa konpartitu eta aurrera begira euskararen erabilerak izan duen beherako tendentziarekin amaitzeko egin daitekeenari buruz hitz egingo da.

EH Bildutik batzar honetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei eta bereziki euskaraz bizi nahi duten gizon emakume euskaltzaleei. Gure herriko kaleetan euskara gehiago erabiltzeko helburua lortzeko hausnarketa, ideia edota proposamen ezberdinak beharko dira eta.

Jakitun gara EH Bilduk soilik ez duela euskararen erabilera indartuko. Horretarako herriko norbanako eta eragile ezberdinen inplikazioa eta elkarlana bideratzea derrigorrezko baldintza izango da. Hori da gure helburua, herriko sektore ezberdinak aktibatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!