Janire San Sebastian, Aberne filmaren protagonista

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 11a, 02:00

Pilotan jokatzen zekien antzezlea behar zuten film laburreko protagonista izateko. Janire San Sebastian gazte zizurkildarra da Aberne.

Elkarrizketa:

Nola iritsi zitzaizun film laburrean parte hartzeko aukera?

Iñaki Lizaso billabonatarrak jakin zuen Irati filma grabatzeko prestaketatan ari zela. Pilotan zekien neska antzezlea behar zuten, eta nirekin gogoratu zen. Andoaingo antzerki taldean aritzen naiz; eta orain palan jokatzen badut ere, urte askotan aritu izan naiz esku pilotan. Nire aldetik, berehala eman nion baiezkoa. Skype bidez froga batzuk egin genituen antzezle lanetan zer moduz moldatzen nintzen ikusteko. Pilotalekuan ere saioren bat edo beste egin, eta Aberne izateko aukeratu ninduten. Uda aurretik jakin nuen ekimenaren berri, eta irailean egin genituen grabaketa lanak. 

 

Zer moduzkoa izan zen grabaketaren esperientzia?

Kamera aurrean aritzen nintzen lehendabiziko aldia zen eta hasieran urduri xamar ibili nintzen. Egia esan, printzesa banintz bezala zaindu ninduten taldekide guztiek, eta oso esperientzia polita izan zen, asko ikasi eta gozatu nuen. Konfiantza eta segurtasun handia eman zidaten eta oso eroso sentitu nintzen. Egun luzeak izan ziren, bete-beteak. Adin txikikoa naizenez, 10 ordu egin nitzakeen gehienez, eta halaxe egin genituen. 

Zailtasun bakarra, beharbada, hizkuntzarena izan zen. Taldeko kide asko amerikarrak zirenez, ingelesez egiten zuten. Ez nuen zailtasunik esaten zutena ulertzeko; zailagoa egiten zitzaidan, ordea, ingelesez hitz egitea. Itzultzaile bidez moldatu ginen. Gainerantzean, ez zitzaidan zaila egin Aberneren paperean sartzea. Nire bizimoduarekin harreman zuzena du Abernerenak eta oso eroso sentitu nintzen. 

 

Antzerki mundua gustuko duzu, beraz…

DBHn hasi nintzen, ikastetxean bertan. Gustatu, eta Andoaingo Katramila antzerki taldera hurbildu nintzen, beste ikaskide batzurekin batera. Oso gustura nabil bertan. Astean behin elkartzen gara eta ikasturte amaieran emanaldi bat eskaintzen dugu. Aurten, ikuskizun handia prestatzeko saiakera egin dugu eta ez digu denborarik eman. Datorren urtean eskainiko dugu. 

 

Ikusi al duzu film laburra?

Apirilean ikusi nuen lehendabiziko aldiz. Oso sentsazio arraroa da; nire burua pantailan ikustea… Zaila egiten zait filma kanpotik ikusi eta istorioan murgiltzea. Nolanahi ere, gustura geratu naiz egindakoarekin. 

Estreinaldira etxekoekin joan nintzen. Haiek ere pozik bizi izan dute hau guztia eta Asteasuko grabaketara ere hurbildu ziren. 

 

Beste aukeraren bat suertatuko balitz, animatuko al zinake?

Zalantzarik gabe, asko gozatu bainuen. Film baten atzean dagoen lanaz jabetzeko ere balio izan dit: Gidoia landu, kamerak toki egokietan kokatu, soinua zaindu, antzezleen lana… Jende asko dago kameren atzean. Orain beste begi batzuekin ikusten ditut filmak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!