Irati Santiagoren Aberne, igande honetan Gurean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 11a, 02:00

Irati Santiago billabonatarra zine ekoizle izateko ikasketak amaitzen ari da Amerikako Estatu Batuetan. Ekainaren 11n aurkeztuko du ‘Aberne’ film laburra, Gurean iluntzeko 19:30ean hasita.

Elkarrizketa:

Iazko irailean egin zenuten Aberne filmaren grabaketa. Nola gogoratzen dituzu egun haiek?

Egun gogorrak baino oso dibertigarriak izan ziren. Nire aldetik, ekoizlea nintzen aldetik, egoera estu samarrak gogoratzen ditut, ardura asko nituelako nire gain. Talde osoak oso ondo pasa zuen eta amerikarrak eta euskaldunak oso ondo moldatu ziren beraien artean. Azkeneko egunetan lasaitzeko aukera izan nuen, Villabonan jasotako laguntzari esker, eta oso ondo pasa nuen. Azkeneko laneguna, esaterako, nahiko motza izan zen. Asteasuko Otabardi landetxean aritu ginen eta bertako jabeak, Alfredok, pintxopotera gonbidatu gintuen. 

 

Zein bide egin du Abernek ordutik hona?

Martxoaren 31n bukatu genuen Aberne. Apirilaren 1ean eskolan estreinatu genuen eta oso kritika onak jaso genituen. Estreinua ikuslego orokorrari irekia zen, hau da, ikasleez gain, nahi zuen edonork sartzeko aukera izan zuen. Oso harrera ona izan zuen filmak; jendeari asko gustatu zitzaion eta niregana hurbildu ziren estreinuaren ondoren. Horrez gain, zine jaialdi batzuetara ere bidali dut film laburra. Bi hilabete barru hasiko naiz jaialdi horietan izan duen harreraren inguruko berri jasotzen. Beraz, itxarotea egokitzen zaigu orain.

 

Lanak amaituta, gustura al zaude emaitzarekin? Espero zenuena bezalakoa al da filma?

Bai! Oso oso gustura geratu gara, bai Emma zuzendaria eta baita ni neu ere. Aktoreek oso lan ona egin zuten eta hori pantailan agertzen da. Oso talde ona eduki nuen eta emaitza ezin hobea geratu da. Espero nuena baino askoz ere hobea!

 

Bafta student sariketarako izendatua izan da Aberne. Zer sentitu duzu berri hori jasotakoan? 

Apirilaren 20an eman zidaten izendapenaren berri. Columbia College Chicago-k Aberne hautatu zuen BAFTA Student sarietarako. 100 unibertsitatek parte hartzen du sariketa horretan eta ekainean izaten da emanaldia. Oso sari entzutetsua da zine munduan. Beraz, ekainean Columbia College Chicagoko ordezkariak Los Angelesera joango dira Aberne laburmetraiarekin. Berri ezin hobea izan da. Oso pozik nago, egindako ahalegina eta lana saritua izan dela sentitzen dut eta horrek, zinemagile eta ekoizle bezala, barrutik betetzen nau. Motibazio handiagoa ematen dit nire ametsen bila lanean jarraitzeko eta inoiz baino gogorrago borrokatzeko. 

 

Zer suposatzen du izendapen horrek filmarentzat? Eta zure ibilbidearentzat?

Aberneren ideia hasiera-hasieratik izan zen jendearen gustuko, Estatu Batuetan bereziki. Sarirako izendatuta egoteak nire ametsak baieztatzen ditu nolabait! Hau da, nire bizitza profesionalean zerbait ondo egiten ari naizela baieztatzen du. Beste alde batetik, filmari ere sari honek sona handia ematen dio. Bi mila ikasleren lanen artean, Aberne hautatua izateak, prestigio handia ematen dio.

 

Ekoizle onenaren saria ere eman dizute unibertsitatean...

Bai. Master programak hamar ikasle aukeratzen ditu urtero masterra egiteko, eta haietatik bakarra aukeratzen dute ikasleen saria emateko. Aurtengoan, ni izan naiz aukeratua. Egia esan, lan handia egin dut bi urte hauetan. Normalean, bost laburmetraia ekoizteko aukera ematen dizu unibertsitateak baina nik, nire gelakideei laguntzeko asmotan, zortzi ekoiztu nituen. Lan handia izan zen eta oso estu ibili nintzen baina, saria jasota, merezi izan zuela uste dut.

 

Ekainaren 11n , filma Villabonako Gurean ikusteko aukera izango da. Zergatik aukeratu duzu jaioterria estreinaldirako?

Villabonako udaletxeak asko lagundu nau hasiera-hasieratik. Oso ondo portatu dira gurekin eta Aberneren grabaketa oso ondo atera zen beraien laguntzari esker. Udaletxeko bulegoak erabiltzeko baimena eman ziguten entsaioak egiteko, fotokopiak ateratzeko eta abar. Erraztasun handiak eman zizkiguten eta, esker moduan, Villabonan estreinatu nahi dut. Villabonako herritarrek ikusi ahal izan dezaten. 

 

Nolako harrera izan du Abernek unibertsitatean edota ikusteko aukera izan dutenen artean?

Egia esateko, Aberne zerbait exotikoa bezala antzematen da Estatu Batuetan. Asko gustatu zaie han eta jendearen harrera oso ona izan da. Estreinuaren amaieran pertsona dezente hurbildu zen niregana, zoriontzeko. Bestalde, Espainian Euskal Herriko kultura boladan dago. Ocho apellidos Vascos, Alli abajo... Euskal kulturaren inguruko ekoizpen asko lantzen ari dira eta pantaila handian eskaini izan dituzte. Salamancan ditudan familiartekoei erakutsi nienean, ez zitzaien gehiegi gustatu. Izan ere, behin baino gehiagotan ikusi dute antzeko gaien bat jorratzen duen filmaren bat, eta dagoeneko ez dago sorpresarik. 

 

Zein bide egingo du Abernek aurrerantzean? Non izango da ikusteko aukera?

Aberne jaialdiz jaialdi dabil orain. Festibal batzuek daukate dagoeneko eta orain ikusi egin behar aukeratzen duten edo ez. Festibalek, orokorrean, ez dute uzten filmak beste inon estreinatzen. Beraz, jaialdietan barrena egin beharreko ibilbidea amaitu arte itxaron beharko da zinemetan estreinatu ahal izateko. Laburmetraiek urtebete edo bi urteko biziraupena izaten dute, beraz, datorren urtean interneten jartzeko aukera izango dudala uste dut. Modu horretan, jendeak ikusteko aukera gehiago izango luke. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!