Goretti eta Xabier Amonarriz, indarrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 9a, 02:00

Hamahiru urte zituela hasi zen Goretti Amonarriz larrauldarra halterofilian. Bere eskutik hasi zen Xabier anaia ere. Maila bikainean ari dira lehian. 

L

urdes Gorostegi zizurkildarrak eskainitako hitzaldi batean irentsi zuen Gorettik halterofiliaren amua. “Eskolara etorri zen. Nik ordurako ezagutzen nuen Lurdes, eskolaz kanpoko kirol jardueran begirale izan nuelako. Ez nekien, ordea, halterofilian ibilitakoa zenik eta kirola bera ere ez nuen ezagutzen. Hitzaldi haren ondoren, lagun bat eta biok animatu ginen froga egitera. Gustatu egin zitzaidan, eta buru-belarri ari naiz kirol honetan”. 

Xabier, anaia gaztea, Gorettiren eskutik joan zen lehen entrenamentu saiora. “Gazteak behar genituen taldean, eta anaia animatu nuen froga egitera”. Bederatzi urte zituen orduan Xabierrek, “froga egin, eta berehala erabaki nuen aurrera jarraizea. Teknika ikastea izaten da lehen pausoa eta prozesu hori luze samarra egin daiteke, baina oso beharrezkoa da. Ondoren, pisuarekin hasten zarenean, benetako gozamena da”. Hamabost beteta, maila bikainean ari da bera ere. 

Igandetan izan ezik, egunero izaten dituzte entrenamendu saioak. Villabonako Olaederra kiroldegian elkartzen dira Danok Danena taldeko kideak, Batis Kortajarena entrenatzailearen aginduetara. “Bi ordutako saioak izaten dira, bataz beste. Sakrifizio pixka bat eskatzen du, eta batzuetan ez da erraza ikasketekin bateratzea, baina marka onak lortu eta maila egokian aritu nahi baduzu, horixe da bidea”, azpimarratu du Gorettik. Kirol lorpenek ematen diote zentzua ahalegin guztiari. “Egindako lanaren fruitua jasotzea pozgarria da. Halterofilian hasi aurretik beste kirol batzuk egin nituen. Nire tokia, ordea, hementxe bilatu dut”, azaldu du. 

Maila onean dabil taldea. “Oso giro ona dugu taldean eta horrek asko laguntzen du”, azaldu du Xabierrek. Batis Kortajarena entrenatzailearen lana azpimarratu nahi izan dute bereziki anaia-arrebek: “Ondo ezagutzen gaitu eta, zorrotza bada ere, badaki bakoitzari zenbat eskatu; inoiz ez digu ezinezkoa dena eskatuko. Gure kirolean ezinbestekoa da teknika oso ondo menderatzea eta horretan, Batis da onena. Ez dago beste inor teknika hain ondo ezagutu eta erakusten duenik”. 

 

Mitoen aurka

Mito edo ustez betetako kirola da halterofilia, “zientziak erakutsi du, ordea, ez dela egia umetan halterofilia egiteak gutxi haztea ekar dezakeenik. Tamalez, ni hasi nintzenean, zenbait gurasoren artean zabaldua zegoen uste hori, eta ez zieten seme-alabei kirol honetan hasten uzten”, azaldu du Gorettik. Gurasoek izan ditzaketen beldur horiek uxatzeko, Gorettik argi du informazio egokia jasotzea dela biderik onena. Amonarriztarrek ez dute etxean horrelako trabarik aurkitu. “Txapelketa guztietara etortzen dira gurasoak eta etengabe aritzen dira animatzen. Asko eskertzen da hori”.

Amets egiteko garaia dute Gorettik eta Xabierrek. Xabierrek argi du: “Europako txapelketa bat jokatu nahiko nuke. Horretarako, gutxieneko marka batzuk egin behar dira; ea noizbait lortzen dudan”. Gorettik, berriz, kirolarekin gozatzen eta bere maila hobetzen jarraitu nahi luke: “Nire buruarekin gustura geratzea da helbururik handiena. 2015eko udazkenean klabikula hautsi nuen bizikletatik erorita, eta denboraldi luzea egin dut halterofilia egin gabe. Dagoeneko itzuli naiz eta aurrerantzean, maila onean jarraitu nahiko nuke”.

 

Buruaren indarra

Gorputzaren indarra eta teknikaz gain, buruak ere garrantzia handia du halterofilian. Gorettik azpimarratu duenez, nahiz eta gorputzaldi onean egon, buruak ezezkoa esaten badu, oso zaila da altxaldi onak egitea. “Bolada batean askotan gertatu zitzaidan hori, eta gogorra da. Orain, hobeto lortzen dut zalantza horiek gainditzea”.  

Halterofilia ezagutzera gonbidatu nahi dituzte eskualdeko haur eta gazteak: “Gertura daitezela Olaederrara, ikus dezatela eta jaso dezatela beharrezko informazio guztia. Oso kirol polita da”. 

 

Garaipenen zerrenda

Oso maila onean ari dira Goretti eta Xabier anai-arrebak. Gipuzkoa eta Euskal Herri mailako hainbat titulu lortuta, gorenean dabiltza estatu mailan ere.

 

Goretti Amonarriz

2012   3. postua < 15 urte.

2013   2. postua < 15-17 urte. 

2014   Garaipena junior mailan.

2015   3. postua junior mailan. 

2017   3. postua junior mailan. 

 

Xabier Amonarriz

2012   3. postua, teknika.

2013   3. postua, teknika.

2014   2. postua, teknika.

2015   2. postua, teknika.

2016   Garaipena 1< 15 urte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!