Santioak kantari..., eta dantzari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 9a, 02:00

Bigarren urtez jarraian, ‘Santioak kantari’ ekimenak Villabonako kaleak alaituko ditu uztailaren 29an. Entseguak ekainaren 20an hasiko dira.

Iazko Santio festetan harrera bikaina izan zuen hainbat herritarrek abian jarritako ‘Santioak kantari’ ekimenak. Uztailaren 30ean, 140 bat lagun bildu zen egun osoan zehar euskal kantuak abestuz, kalez kale ibiltzeko. Kantu kalejira berezia izan zen, kantarien doinuekin ez ezik, zuzeneko musikariekin, karrozarekin nahiz erraldoien laguntzarekin, primerako giroa sortu baitzen festen azken aurreko egunean. Parte hartzaileak gustura geratu ziren, gehiagorako gogoz eta, aurten ere pausoa eman eta berriz ere ekimena kaleratzea erabaki dute antolatzaileek. Uztailaren 29an izango da, larunbatarekin. Goizean Txermingo ikastolan bildu eta herriko kaleak zeharkatuko dituzte. Txermingo ikastola azpian bazkaldu ondoren, berriz ere kalejirari ekingo diote eta Errebote plazan eskainiko dute emanaldi nagusia arratsaldean. Bigarren edizio honek, ordea, badu berrikuntzarik; kantuaz gain, dantza ere tartekatu egingo baita. “Hala ere aukera askea da. Nahi duenak kantatu egin dezake, nahi duenak dantzatu, baina bietarako aukera eskainiko da”, nabarmendu du Maite Barandiaran antolatzaileak.

 

Kantua eta dantza

Kantu nahiz dantza entseguak zehaztuta dituzte dagoeneko. Kultur etxean burutuko diren bi orduko lau saio izango dira guztira. Lehen orduan dantza entsegua egingo da, Iker Sanz dantzari ezagunak gidatuta, 19:00etatik 20:00etara. “Lau dantza ikasiko dira: ‘Agur Betiri’ eta ‘Egi’ muxikoak, ‘Polka pik’ eta ‘Zazpi jauzi’. Fandango eta arin-arinak ere tartekatuko dira”. Bigarren ordua kantuari eskainiko zaio. Iaz bezala Axier Vitoriak zuzenduko ditu saioak, Iñaki Zalakain, Aitor Landa eta Agustin Laskurain musikariak laguntzaile izango dituelarik. Aurten ere, eurak ari dira kantutegiaz arduratzen eta, guztira, 10-12 kantu izango direla aurreratu dute. “Iaz ongien atera ziren kantuak mantendu eta beste bospasei berri gehituko dizkiogu kantutegiari. Iaz kantari aritua zenak, beraz, lan erdiak eginak ditu”, aipatu du Axier Vitoriak. Aurtengo kantu berrietako bat ‘Zazpiak oihal beretik’ izango dela iragarri dute.

 

Sardinak eta edari freskoak

Iazko arrakasta ikusita, aurten ere eguerdian sardina erreak eta edariak banatuko dira parte hartzaileen artean geldialdietan. “Arrakasta beroa izan zuen hamaiketakoak eta aurtengoan ere errepikatu egingo dugu, karrozan bertan sardinak errez”, azaldu dute. Parte hartzaileek paperetara begira beharrean, burua tente dutela kanta dezaten, karrozako pantailan kantuen hitzak proiektatuko dira; modu horretan, taldera gerturatzen den orok izango du abesteko aukera. Jantziei dagokionez, erromeria jantziak soinean kaleratuko dira ekimeneko parte hartzaileak, “alkandora edo kamiseta txuria, baserritar gona eta alpargata txuriak jantzita emakumeak; alkandora txuria, mahoizko galtzak eta alpargata beltzekin gizonak. Eta lepoan, guztiek laukidun zapia”. Villabonako Udalak azpiegiturarako dirulaguntza eskainiko du iaz bezala, baina norberak ordaindu beharko du goizeko hamaiketakoa nahiz bazkaria. 

 

Deialdi irekia

Herritarren harrera beroari erantzunez, antolatzaileek pozarren ekin diete ‘Santioak kantari’ ekimeneko bigarren edizioko lanei. Herritarrei ez ezik, egunpasa polita egin nahi duen orori luzatu diete parte hartzeko gonbita. Parte hartzea guztiz irekia dela nabarmendu dute, ahalik eta jende gehienarengana iristea dute helburu. “Ea hemendik 10 urtera Santiotako kantu kalejiraren inguruan 500 lagun biltzeko gai garen! Polita litzateke”, aipatu du Juanjo Irazusta taldekideak. Erronka jarrita dago. Kantuan nahiz dantzan hasteko garaia iritsi da orain.

 

Entseguen egutegia

Entseguak asteartetan izango dira. 19:00etatik 20:00etara dantza entseguak; 20:00etatik 21:00etara, berriz, kantu entseguak. Guztiak kultur etxean. Hauexek egunak:

• Ekainak 20 eta 27.

• Uztailak 4 eta 11.

• Uztailak 18:    Entsegu orokorra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!