Andoain Esan ekimena 1.500 sinaduren bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 9a, 02:00

Andoainen lortzear dira herri galdeketa egin ahal izateko beharrezkoak diren mila eta bostehun sinadurak. Joan zen larunbatean sinadura gehiago lortu zituzten arren, ez dira oraindik ipinitako helburura iritsi. Orain arte sinadura eman ez dutenek Kaleberrian ipinitako bulegoan eman dezakete, egun hauetan. Andoainen erabakitze eskubideari buruzko herri kontsulta azaroan egin nahi dute.

Erabakitze eskubidearen inguruko herri galdeketak Euskal Herri osoan egiten ari dira, Gure Esku Dago ekimenaren babesean. Kontsulta egin ahal izateko, lehenik eta behin, herritarren sinaduren bermea lortzea ezinbestekoa da. Andoainen ere erabaki nahi dute, eta horretarako Andoain Esan ekimenak 1.500 sinadura lortu nahi ditu. Apirilean indartsu hasi eta helburu gisa jarritako sinadura kopurua lortzear badira ere, denbora aurrera doa eta egun hauetan kopuru horri lortu behar dute. Bai ala bai. Bestela, kolokan egon daiteke azaroan egin nahi duten herri galdeketa.
Udaberrian hasitako sentsibilizazio kanpainarekin jarraituz, joan zen larunbatean Andoain Esan taldekoek festatxoa ospatu zuten Zumea plazan. Euskal Herriko gazta eta Kataluniako pa amb tomaca pintxoak eskaini zituzten, Maizorri taldearen txalaparta eta Malkogarriyak musika taldearen doinuez lagunduta. Postu ezberdinetan kamisetak eros zitezkeen eta, nola ez, baita sinadura eman ere. Mila eta berrehundik gora ziren larunbata arte lorturikoak, 1.325 sinadura ekitaldiaren amaieran. Ekimenak, beraz, bere fruituak eman zituen.
Datozen egun eta asteetan sinatzen jarraitzeko aukera zabalik izango da, Kaleberrian duten dendan edota kalean egun jakinetan ipiniko dituzten mahaitxoetan.
Sinatzea herri kontsulta egiteko aukera ahalbidetzea da. Eta hori lortuz geroz, kontsultan nahi duenak aldeko edo aurkako botoa eman dezake. Ezinbestekoa dena, gaur gaurkoz, kontsulta egin ahal izatea da. Eta hori lortzeko andoaindarren sinadurak behar dira.

NORK SINA DEZAKE?
Sinatzeko baldintzak honakoak dira: 2017ko azaroaren bosta baino lehenago 16 urte beteta izatea eta Andoainen erroldatuta egotea.

NON SINA DAITEKE?
Andoain Esan ekimenak bulegoa Kaleberrian du, Delgado liburudendaren ondoan. 
Andoain Esan bulegoa:
Kaleberria, 1. 11:00-13:00 / 17:00-20:00.

Ane Amutxastegi
Andoain Esan - Bozeramailea

Andoaindar gazteek sinatzearen garrantziaz ohartarazi zuen Zumea plazan bertan egindako adierazpenetan.

Nola doa sinadura kanpaina?
200 sinadura inguru falta zaizkigu 1.500era iristeko, udazkeneko herri galdeketa egin ahal izateko kopuru hori ziurtatzea beharrezkoa baita. Sanjuanak iritsi baino lehen kopuru horretara iritsi behar dugu, Madrilen notaritza baten aurrean aurkeztu ahal izateko. 

Zergatik sinatu?
Sinatzeak esan nahi du erabakitzeko eskubidea izan nahi dugula. Alde batera edo bestera bozkatuz, etorkizuna modu batera edo bestera eraikiz, sinatzeak kontsultatuak izan nahi dugula esan nahi du. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!