Oria merkatarien elkartea, nekaezin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 8a, 02:00

Oria merkatarien elkartea indartzen ari da urtez urte. Zuzendaritzako hainbat kidek euren bidearen berri azaldu dute.

Udaberriko kanpainan bete-betean ari dira lanean uneotan Oria elkarteko merkatariak. Duela zazpi urte, ‘Erosi hemen eta joan Parisera’ ekimena jarri zuten abian lehenengoz. Aurten ere bai. Elkarteko saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroek, euren datuekin txarteltxoak bete ondorenean, ekainaren 6an Berdura plazan egingo den zozketako irabazlea, Parisera joango da. Paris hiriburua ez zuten kasualitatez aukeratu merkatariek; izan ere, Villabonari Petit Paris esaten zitzaion antzina eta Villabona, komertzioa eta Paris uztartu nahian sortu zitzaien ideia. “Zalantzarik gabe, urtean zehar antolatzen ditugun kanpainen artean bezeroek gogokoen dutena hauxe da. Parisera joateko aukera ematea eskertu egiten dute erosleek”, diote merkatariek. 

Horrez gain, udaberri honetan kanpaina berri bat jarri dute martxan. Larunbatetan, bezeroen arteko zozketak, hain zuzen. Lehen edizio hau maiatzeko azken asteburuan amaitu zen, bezeroen artean larunbatero hainbat sari banatu ondoren. “Herrian antolatutako ekintzei bultzada emanez, besteak beste, haietan parte hartzeko sarrerak zozketatu ditugu. Maiatzaren amaierako azken sariak bost gosari bikoitz izan ziren”, argitu dute. Saridunek bereziki, pozarren erantzun diote ekimenari. Egitasmo horrekin, herria girotu nahi izan dute merkatariek eta faroletan kartelak jarri dituzte, herria apaintzeaz gain, herritarrek kanpainaren berri izan dezaten. Datorren iraila-urria aldera berriz ere kanpaina abian jartzeko asmoa azaldu dute.

 

Elkartea zabalduz

Une honetan 42 merkatari eta saltokik osatzen dute Oria merkatal elkartea eta pixkanaka, elkartea zabaltzeko helburuarekin, pauso berriak emanez ari dira lanean. “Gabonetan, Arroa auzoko saltokiekin batera landu genuen argien gaia eta orain, elkarteko kide egiteko proposamena luzatuz, berriz ere haiengana gerturatzeko asmoa dugu”, azaldu dute. Zizurkilen ere eman dute pausoa, “orain gutxi Zizurkilgo merkatariei luzatu diegu eskua eta jarrera ona erakutsi dute. Hiru saltoki ezberdinek Oria elkarteko kide egitea erabaki dute eta haiekin ere elkarlanean hasiko gara aurrerantzean”. Orain artean, Oria merkatal elkartea Villabonako Kaleberria eta Nagusiko saltokiek osatu dute nagusiki eta herriko beste auzoetara zabaltzea ere bada euren asmoa, “Arroa eta Txistulari auzoetara bereziki, Larrea eta Txermin auzoetan ez baitago komertzio gehiegirik egun”.

 

Gazteekin elkarlanean

Tolosaldeko institutuan merkataritzako modulua ikasten duten gazteekin ere ari dira elkarlanean. Tolosaldeko merkataritza teknikari Mirari Arriolak adierazitakoaren arabera, “udaberriko kanpaina baliatuta, Amasa-Villabona eta inguruko herrietan inkestak egin dituzte erosketak egitera nondik etortzen diren jakin nahian, batez ere aparkalekuaren arazoari erantzuteko. Bestalde, Parisko kanpainako boletoak baliatuz, erosleen datu-basea ere osatu nahi dugu. Antzeko elkarlanak beti dira positiboak eta institututik ere gerturatzen dira ikasleak praktikak egitera”.

 

Herrian bertan erosi

Merkatarien elkartea egiten ari den saiakera horien guztien ondoren, salmentek gora egin ote duten galdetuta, “larunbatetako kanpaina bezalakoak gustura hartzen dituzte herritarrek, eskertu egiten dituzte. Baina salmentetan ez da bereziki nabaritzen. Antzeko kanpainak epe motzean baino luzera begira izaten dute eragina. Dinamika honekin jarraituta, epe luzera emaitza onak nabarituko ditugula espero dugu. Herritarrak kanpora joan beharrean, erosketak herrian bertan egin ditzan lortzea da gure helburua”, erantzun dute. 

Buruan darabilten beste ideietako bat, fidelizazio txartela martxan jartzea da. Oraindik ideia hutsa bada ere, herriko zerbitzu ezberdinak batuko lituzkeen txartela egitea gustatuko litzaieke, esaterako, kiroldegian, liburutegian edota elkarteko saltokietan erabilgarri litzatekeena. Aurrera begira ere, ideia eta asmorik ez zaie falta, beraz. Herriaren egunerokotasunari bizia ematen dio komertzioak eta nahitaezkoa da herritarren erantzuna haien biziraupena ziurtatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!