Imanol Iribarren, musika klasikotik berritzailera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 8a, 02:00

Musikari andoaindarrak pianoko karrera egin ondoren, jazzaren ingurukoa amaitzear du. Bere ibilbidearen berri azaldu du piano eta tronboi-jotzaile gazteak.

Elkarrizketa:

Piano eta tronboi-jotzailea zara. Bi musika tresna erabat ezberdin aukeratu dituzu…

Aita tronpetista da eta beragatik etorri zitzaidan musikarekiko zaletasuna. Arreba zaharragoak ere akordeoia jotzen zuen. Gurasoek pianoa erosi zutenean, pianoa jotzen ikasten hasi nintzen, ume nintzela. Aitak, tronpeta jotzen ere erakusten zidan eta ikasi egin nuen. Pianoko karrera egin arren, bigarren musika-tresna bezala jotzen nuen tronpeta. Geroago tronpeta utzi eta tronboiarekin hasi nintzen eta aurrera egin dut pixkanaka. Eta egun, Musikenen jazz eta musika modernoarekin lotutako karrera amaitzear naiz.

 

Pianoarekin, Andoaingo musika eskolan eman zenituen lehen pausoak. Zein izan ziren hurrengoak?

Andoaingo musika eskolan hasi nintzen pianoa jotzen ikasten. 11 bat urterekin Donostiako kontserbatoriora joan nintzen eta hirugarrenean hasi nintzen, pianoa jotzen oso gazterik hasi nintzenez, maila aurreratua bainuen. Seigarren mailara arte aritu nintzen han. 15 urterekin, Musikenera igaro nintzen eta piano klasikoko karrera egin nuen. Musikenen hasi nintzenean ekin nion tronboia jotzeari, 15 bat urterekin. Baina orain lau urtera arte hobbya zen niretzat tronboia. Pianoari lotuta, 21 urterekin amaitu nituen Musikeneko ikasketak eta piano eskolak ematen nahiz hainbat taldetan jotzen hasi nintzen. 

 

Musika talde ezberdinetan ibilitakoa zara. Kontaiguzu, zeinetan zehazki?

Aitak, arrebak eta hirurok taldetxo bat genuen eta elkarrekin jotzen genuen ume nintzenean, hainbat bazkari eta ezkontzatan. Andoain eta Urnietako zahar egoitzatan ere bai, –hamabost egunez behin–. Gainerakoan, Ostadar berbena taldean urtebetez aritu nintzen eta gerora Ingo al deu? taldea sortu genuen Andoainen. Lagun koadrilla elkartu eta 17-18 urterekin batetik bestera ibiliz, gazte garaiko esperientzia polita izan zen. Gero, taldea utzi eta Egan taldetik deitu ninduten. Ordezkapen bat egiten hasi eta taldeko organista bezala jarraitu nuen aurrera. Xabier Saldias lehengo udan jubilatu arren, Egan taldea ez da desagertu; beste erritmo batean jarraitzen du aurrera. Bestalde, Gozategi edo Laket taldeetan ordezkapenak egin izan ditut tronpetista edo organo-jotzaile bezala. Erraz moldatzen naiz egoera horietara eta esperientzia politak izan dira guztiak ere. 

 

Andoaingo musika bandan hasi eta Hernanikoan jarraitzen duzu egun…

Bai, Hernaniko musika bandan aritzen naiz orain, seigarren urtea izango da aurtengoa. Urtean zehar kontzertuak eskaintzen ditugu Hernanin eta kanpora ere joaten gara beste herriekin elkartrukeak egitera. Tronboia jotzen hasi nintzenean, Andoaingo musika bandan aritu nintzen, baina gero entseguak ikasketekin ondo uztartu ezin nituenean utzi egin nuen. Handik denbora batera Hernaniko bandan hasteko aukera sortu zitzaidan, eta hantxe jarraitzen dut.

 

Interpretatzaile ez ezik, musika sortzaile eta inprobisatzaile ere bazara, eta oso ona zarela diote adituek gainera… Gehiago asetzen al zaitu bigarren alor horrek?

Talde ezberdinetan ibili naizenez, musika mota ezberdinak bizi izan ditut. Hori trasladatzen asmatu dut agian. Berez, ez naiz askorik ibili konposatzen, baina talderen batzuentzat moldaketak egin izan ditut eta ikasi egin dut horretatik. Pianoarekin interpretatzailea nintzen, obra klasikoak jotzen nituen. Gero, tronboiarekin jazzeko karreran hasi nintzen eta hor bai izan dut konposatzeko aukera gehiago: inprobisatu, moldaketak egin, armonia landu… Bigarren aukera hori gehiago gustatzen zait niri, azken finean musika modernoa baita. Pianoarekin ere egin nezakeen, baina pauso hori tronboiarekin ematea erabaki nuen, pianoarekin beste musikari batzuen musika jotzen nekatu egin bainintzen azkenerako zertxobait. Musika modernoa klasikoa baino irekiagoa da, inprobisaziorako edo ekarpen gehiago egiteko aukera ematen du.  

 

Jazz karrera amaierako proiektu edo tesiarekin buru-belarri ari zara lanean azkenaldian.

Ekainaren 16an karrera amaierako errezitaldia eskaini behar dut Musikenen epaimahaiaren aurrean eta saio hori prestatzen ari naiz. Joan zen otsailean, Andoaingo Piano Jaialdiaren baitan emanaldia eskaini nuen, beste bost musikarirekin batera, proba moduan. Geroztik moldaketa gehiago tartekatu dut, hainbat abesti aldatuz, asko gustatzen baitzait moldaketa berriak egitea. Musikenen karrera amaierako emanaldian, taldearen liderra izatera bultzatzen gaituzte, gure taldea antolatzera. Errezitaldi horren aurrean segurtasuna hartzeko kontzertu gehiago ere eskaini dugu, –Iruñean esaterako–, eta ekainaren 8an Donostiako Altxerri jazz klubean arituko gara, epaimahaiaren aurrean jarri aurretik; jendaurrean geroz eta gehiagotan jo, lasaiago, hobeto edo naturalago aritzen baikara musikariok. Norberaren proiektua izateak, ardura handia sortzen du eta karrera amaierako kontzertua denez, tentsioa ere bai. Errespetua ematen du epaimahaiaren aurrean aritu beharrak, baina ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara.

 

Zein asmo daukazu etorkizunera begira? Zein bide hartzea gustatuko litzaizuke?

Oraindik ez dakit. Pianoko karrera bukatu eta gero soinu teknikari graduondoa egin nuen Andoaingo bideo eta zine eskolan, lanik topatuko ez ote nuen beldurrez. Baina piano irakasle bezala lanean hasi nintzen berehala eta  baita tronboia jotzen ere, musika moderno aldera eginez. Talde batean eta bestean ibili ondoren, harreman sarea egin dut. Azken hiru orteotan Getariako musika eskolan lanean ari naiz piano irakasle bezala. Egan taldearekin ere lotuta ibili naiz. Orain, batzuetan kanpora joateko ideia bururatzen zait masterren bat egitera. Aukera hori ez daukat itxita. Jazzak edo musika modernoak aukera asko ematen du eta bide hori landuz jarraitzea gustatuko litzaidake. Batez ere tronboiarekin oso gustura sentitzen naiz eta alde horretatik jarraitu nahi dut aurrera. 

 

Tronboiari lotuta

Musika klasikotik berritzailera jauzi egin du Imanol Iribarrenek; pianotik tronboira.

Musika estiloa: 

Edozein. Musika guztiak dauka bere esanahia. Ondo egindako musika guztia estimatu eta entzutea gustatzen zait, estilo ezberdinekoak izan arren.

 

Pianoan interpretatu duzun gogoko musikaria: 

Mozart asko gustatzen zitzaidan, baina oso delikatua da. Franz Liszten doinuak jotzen amaitu nuen pianoko karrera. Hark bezala esku handiak ditut nik eta ondo moldatzen nintzen bere kantuak interpretatzen.

 

Gogoan gordetzen duzun emanaldia:

Lehenengo emanaldia aitarekin batera eskaini genuen, 7-8 urte nituen eta balls-ak eta rantxerak jo genituen sagardotegi batean. Orain bizpahiru urte, berezia izan zen Donostiako Victoria Eugenia antzokian orkestra bateko pianisista bakarlari bezala aritzea, atzean berrogeita hamar pertsonako orkestra edukita. Ardura handia zen, baina sekulako plazera. Egan taldearekin ere, jende asko bildutako kontzertuetan asko gozatu dut. Milaka pertsonako plaza batean jendea disfrutatzen ikusten duzunean, zerorrek ere gozatu egiten duzu.

 

Sortu duzun kanturen bat: 

Niretzat egin izan ditut gehienbat. Gainerakoan, Andoaingo Kilometroak festarako kantua taldean egin genuen eta ez dut nire kontsideratzen.  Ingo al deu? taldeak jotzen genituen abesti propioak neronek egiten nituen. Kalejiraren bat edo beste ere sortu izan dut. Andoaingo Leizaran eskubaloi taldeko ereserkia ere egin nuen. Abesti propioak sortzeko proiekturik ez dudanez, ez dut abesti askorik sortzen. Egunen batean talde propioren bat osatuz gero, kantu gehiago sortuko ditut eta ea norabaitera iristen diren!

 

Pianoa noiz? Eta noiz tronboia? 

Gutxiago jotzen dut pianoa orain, baina momentuaren arabera aukeratzen dut bata edo bestea. Hasieran tronboia hobbya zen niretzat eta pianoa nire lanbidea. Azken aldian tronboiak pianoak baino pisu handiagoa du nigan. Piano-jotzaile edo tronboi-jotzaile naizen galdetutakoan, lehen beti piano-jotzaile erantzuten nuen; tronboi-jotzaile ere sentitzen naiz orain.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!