Euskararen kale erabilerak behera egin du Villabonan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 8a, 02:00

Asteartean aurkeztu ziren 2016 urtean Villabonako kaleetan eginiko euskararen kale erabileraren datuak. Behera egin dute nabarmen. Guztira euskal hiztunen %36,2ko emaitza jaso da. Kezka adierazi dute Udal ordezkariek:

Soziolinguistika Klusterrak, azken hamabost urtetan, bost urtez behin egiten du euskararen erabileraren kale neurketa Euskal Herri mailan. Villabonan ere bai, eta ekainaren 6an, Klusterreko kide Asier Basurto soziolinguistak aurkeztu zituen 2016an Villabonan jasotako datuak udaletxeko batzar aretoan.

Iazko iraila eta urrian zehar, hogei ordutan, bi ibilbidetan barrena neurtu zituzten neurtzaileek behaketa bidez billabonatarren hizkuntza ohiturak; betiere diskrezioa mantenduz, herritarrak neurketaz ohartarazi gabe. Adin, joera, sexu, jatorri…, denetariko jende mota neurtu zuten. Behatu zituzten 1.389 elkarrizketek eta horietan solaskide izan ziren 3.506 herritarrek osatu dute emaitzen lagina. Akats-tartearen kalkulua ±%3koa da elkarrizketen lagin osoarentzat, %95,0ko konfiantza mailakoa.
1. ibilbidea: Kale Nagusia, Erreboteko plaza, Berdura plaza, Salvadorako etxeak, Kiroldegia, Errota, Arroa, Larrea, Oriamendi, Kale Berria, Malkar plaza, Txistularien plaza, Altzin, Txermin eta ikastetxe inguruak.
2. ibilbidea: Azoka ingurua.

Erabilera behera, nabarmen
“Aurten inoiz baino elkarrizketatu gehiago neurtu da, eta ondorioz, inoiz baino sendotasun gehiago dute datuek”, aurreratu zuen Asier Basturtok. Baina emaitzak ez ziren, inolaz ere pozteko modukoak izan, aurreko urteekin alderatuta, behera egin baitu erabilerak. Datu orokorrek, euskaraz %36,2, gaztelaniaz %60 eta beste hizkuntzatan %3,8 euskal hiztun kopurua jaso dute. Ibilbide nagusian %45,1 eta azoka inguruan %23,3 euskal hiztun neurtu dira. Emakumeen artean %35,0 eta gizonen artean %37,9.

Euskararen erabilerak beherako joera nabarmena hartu du azken urteotan Villabonako kaleetan, aurreko urteko emaitzekin alderatuta: %48,8a 2001ean, %38,7a 2003an, %40,7a 2006an, %43,8a 2011n eta %36,2a 2016an.

Datu orokorrak
%36,2 Euskaraz
%60,0 Gaztelaniaz
%3,8 Beste hizkuntzatan

Adinka, euskararen erabileraren bilakaera

                    2001   2003   2006   2011    2016
Haurrak:
  %69,7  %52,8   %58,7 %76,8   %55,5
Gazteak %53,4 %67,8 %65,8 %74,8   %41,6
Helduak %41,8 %27,2 %28,1 %33,0   %33,3
Adinduak %38,1 %27,0 %31,3 %30,6   %28,0

Taldearen arabera
%52,1 Haurrek (bakarrik)
%27,8 Nagusiek (haurrik gabe)
%54,6 Haur eta helduek osatutako taldeetan

Herrika
%22 Andoain
%39 Urnieta
%54 Usurbil
%36 Villabona

Kezka
Datuak kezkagarritzat jo ziren saioaren amaieran. “Azken urteotan, euskararen erabilera apal baina goruntza zihoan Villabonan eta beherakada nabarmena da oraingoan. Haur eta gazteen datuak bereziki kezkagarriak dira eta lana egin beharko da kontzientzia berreskuratzeko. Ez da nahikoa Korrika iristen denean guztiok kalera ateratzea, euskara egunerokotasunean erabiltzea lortu behar da”, azaldu zuen Xabat Laborde zinegotzi eta EHEko militanteak. Datuak herrian ezagutzera eman eta erabilera bultzatzeko mekanismoak abian jarri beharko direla gaineratu zuen, Udala eta guraso elkarte, ikastetxe edota herri eragileekin elkarlanean. Xabat Labordek nahiz Ibon Ariznabarreta zinegotziak kezka erakutsi zuten datuak ezagutzera emateko deialdiak sortu zuen interes faltagatik. Deialdi zabala egina zenez, erantzuna ere zabalagoa espero zuten biek ere, euskara teknikari Maite Arregirekin batera. “Euskararen Plana egiten parte hartu duten eragileetako asko falta da aurkezpenean”, adierazi zuen Ibon Ariznabarretak. “Datuak ikusita, helduen ezagutza maila mantendu egin da gutxienez, –nahiz eta gorakada hobea litzatekeen–, baina ikastetxeak urte askoan D ereduan lanean ari direnez, haur eta gazteen arteko erabilera indartzea espero dut”, azaldu zuen. Saioaren amaieran, euskararekiko giroa eta atxikimendu kontzienteagoa berreskuratzeko lan egin behar dela ondorioztatu zen. Asier Basurtok, hizkuntza ohituren garrantzia izan zuen mintzagai eta herriko talde edota gazte koadrillak gaztelaniaz hitz egiten duten kasuetan, zailena ohitura horiek aldatzea izaten dela nabarmendu zuen.

Ondorio nagusiak
-10 elkarrizketatutik 4 euskaraz aritzen dira Villabonako kaleetan.
-Azken urteetan beheranzko joera eman da.
-Aldea nabarmena da ibilbide nagusiaren eta azoka inguruaren artean.
-Gizonek emakumeek baino gehixeago egiten dute euskaraz. Betidaniko joera da Villabonan.
-Haurrek %52,1 egiten dute euskaraz. Nagusiek %27,8.
-Andoainen erabilera baxuagoa da Villabonan baino, Urnieta eta Usurbilen altuagoa.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!