Igeriketa saio irekiak itsasoan, datozen asteetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 7a, 02:00

Buruntzaldea IKT igeriketa taldeak, Master taldeko igerilariekin batera, itsaso zabalean entrenamenduetan parte hartzeko aukera eskainiko du datozen asteetan. 

Halaxe iragarri dute taldeko arduradunek: “Ekainaren 12tik uztailaren 21era bitartean itsasoan entrenamenduak egitera goaz. Hasera batean, bi ordutegi ipiniko ditugu itsasorako aukeran: Astelehen, asteazken eta ostiraletan arratsaldeko 16:00-17:15 artean edota iluntzeko 19:00-20:15 artean. Prestaketa saio hauetan parte hartzeko, igeri egiten jakitea beharrezkoa da. Kontutan izan entrenamendu egitura batean gaudela eta ez ikastaro batean, beraz, helburua ez da igeri egiten irakastea, nahiz eta logikoki alor teknikoa ere jorratuko den. Federatua ez bazaude, itsasoan gerta daitekeen edozein ezbeharren aurrean babestu gabe zaude. Hori dela eta, klubak jardueraren iraupen osoan zehar babestuko zaituen aseguru bat egingo dizu”. 
Informazioa:
buruntzaldeaikt@gmail.com 

Udaberri liga, HIRUGARREN Jardunaldia Allurralden
Joan zen asteburuan Buruntzaldea IKT taldekoak Andoainen aritu ziren, hainbat marka pertsonal hobetuz: Lander Sorozabal (100 tximeleta: 1:10:80,  100 bular proba: 1:24:51), Nora Qian (200 librea: 2:28:11), Beñat Alkorta (50 librea: 28:27), Xabi Alonso (50 librea: 29:31, 100 tximeleta: 1:11:83), Irune Martin (50 librea: 41:89, 200 librea: 3:20:43) eta Jon del Rio (100 bular proba: 1:32:88). Aste gutxiren buruan Gipuzkoa zein Euskal Herriko Udako Txapelketatan hasiko dira igerilariak, denboraldiko azken txanpan hain zuzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!