Irati Santiagok ekoitzitako Aberne filma estreinatuko da igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 7a, 02:00

Gaur eguerdian (ekainak 6), Irati Santiagok ekoitzi duen ‘Aberne’ film laburra aurkeztu da Asteasuko Otabardi nekazal etxean. Datorren igandean (ekainak 11) estreinatuko da Villabonako Gurea antzokian, 19:30etan. Doakoa izango da sarrera:

Maite Izagirre Villabonako alkateak, Pili Legarra Asteasuko alkateak, Larraitz Alkorta Otabardi nekazal etxeko arduradunak, Agurtzane Intxaurraga aktoreak eta Janire San Sebastian filmeko protagonistak hartu dute hitza Otabardiko aurkezpenean. Iazko maiatzean jarri zen Villabonako Udalarekin harremanetan Irati Santiago Mujika billabonatarra, Estatu Batuetako Chicago hirian ari zen zine ekoizpen ikasketak egiten eta ‘Aberne’ film laburra egiteko laguntza bila zebilen. “Lau hilabete geroago, irailean, Euskal Herrira etorri zen Irati Estatu Batuetatik talde batekin eta Aiztondo eskualdeko hiru herritan, Villabonan, Asteasun eta Alkizan, pelikulako material guztia filmatu zuten. Pozik agurtu genuen joan zenean, egunen batean ‘Aberne’ filma Villabonako Gurea aretoan estreinatuko zen esperantzarekin. Gaur egun hori iritsi da eta denok gonbidatu nahi zaituztet igande honetan, ekainaren 11n, 19:30etan Aberne filmaren estreinaldia ikustera", adierazi du Villabonako alkate Maite Izagirrek, sarrera doan izango dela nabarmentzearekin batera. “Iratik ez du gurekin egoterik izango Estatu Batuetan dagoelako, baina bere mezua nola edo hala iristea espero dugu”. Filmak 15 minutu irauten du eta zine aretoa beteko balitz, segidan beste emanaldi bat eskainiko litzateke inor Iratik egin duen filma ikusi gabe gera ez dadin.

Emakumea, euskara eta pilota
Pili Legarra Asteasuko alkateak, iaz Irati Santiago bere proiektua aurkeztera Asteasuko Udalera iritsi zenean, harridura sortu ziela aipatu eta hiru ardatz nabarmendu ditu ideiaren inguruan: Emakumea, euskara eta pilota. “Pilotaren inguruko filma da, emakume baten bizitzari buruzkoa eta euskaraz egitea ere sorpresa izan zen, Chicagon aurkeztu behar baitzuen. Chicagon ekoitzitako pelikula izateak aukera ematen digu euskara munduan zabaltzeko. Bestalde, berdintasunaren ardatzari ere heltzen dio; emakume batentzat pilotari izatea erronka handia baita". Hori dena pelikula batean jasotzeaz gain, ekoizlea bera ere emakumea izatea- Irati-, eta baita zuzendaria bera ere -Em Johnson-. “Emakumeen mundutik sortutako ideia bezala, oso garrantzitsua iruditu zitzaidan. Animo guztiak gure partez. Asteasuko Udal bezala aportazio xumea egin genuen; Asteasuko pilotalekua uztea, baina pozik eta eskertuta gaude gugana hurbildu izanagatik”.

Gozamena
Irati Santiago Otabardira ere gerturatu zen filmaren grabazioa egin nahi zutela azalduz. Gaia kontatu ahala gustatu egin zitzaien nekazal etxeko arduradunei. “Gerora, irailean iritsi zen eta brometan, etxea okupatu egin zigutela esaten genuen. Etxeko leku ezberdinetan egin zituzten grabaketak, Gure ezjakintasunean, oso esperientzia polita izan zen. Gozamena etxeko guztiontzat. Prest gaude orain igandeko estreinua ikusteko”, esan du Otabardiko Larraitz Alkortak.

Ekarpen handia
Agurtzane Intxaurragak, filmean emakumeen begiradatik oso gizonen mundua aurkezten dela adierazi du. “Ni neu hiru mutikoren ama naiz eta frontoi asko zapaldu ditut esku pilota egiten dutelako. Normaltasunez bizitu dut frontoietako giroa, baina han gaudenok amak gara, semeak ditugulako eta oso gutxitan izan dut emakume edo neskato bat pilotan jokatzen ikusteko aukera. Alde horretatik, film honek ekarpen handia egiten duela iruditzen zait; gure sustraietan dagoen historia delako eta beharbada ez dugulako gehiegi hausnartu hori gizonen mundua dela, -oso gizonena-, eta badela garaia horretaz hausnarketa egiteko eta zergatik ez, beste kirol askotan egiten den bezala, neskek ere esku pilotan parte hartzeko", aldarrikapen hori egin nahi izan dun modu pertsonalean. Artistikoki, berriz, ederra izan zen Agurtzanerentzat Iratiren deia jasotzea. Castinga mugikorrez grabatu zuen Agurtzanek bere etxeko sukaldean, semearekin batera ogia egiten eta horixe bidali zion Chicagora. “Beste batzuen artean aukeratu ninduen eta esperientzia bezala oso polita iruditu zitzaidan talde amerikar batekin lan egitea. Hizkuntzaren traba ere bazegoen tartean eta nik neuk ingeleseko praktika moduan hartu nuen aukera. Oso talde handia etorri zen, baina oso modu profesionalean egiten zuten lan eta gozamena izan zen haiekin lan egitea. Orain, ikusleei igandeko estreinaldia gustatzea espero dut”, azaldu du. Agurtzane Intxaurragak Aberneren amaren papera betetzen du filmean, “modu batera bera da alabari mundu horretan sartzen utzi nahi ez diona. Batetik, apustulari amorratua du senarra eta bestalde, garbi ikusten duelako pilota oso gizonezkoen mundua dela eta ez du bere alabak sufritzerik nahi. Amaren ofizioa ogia egitea da eta bere alabak martxa horri eustea nahiko luke. Familiaren barruan izugarrizko konfliktoa dago senar-emaztearen artean eta nik uste bi plano horiek oso ondo ikusiko direla filmean”.

Eskertuta eta gogotsu
Janire San Sebastian filmeko protagonista, txikitatik ibili izan da esku pilotan. Gerora palan hasteko aukera sortu zitzaion eta gustura aritu da. “Txikitatik jolastu izan dut pilotan eta frontoian ibili izan naiz. Egun batean, Iñaki Lizasok Irati Santiagok film laburra egiteko asmoa zuela esanez deitu zidan, antzerkian ere ibiltzen nintzenez, pertsona egokia izan nintekeelako. Iratirekin hizketan hasi nintzen eta skype bidez egin nuen castinga. Aukeratua izan nintzela esanez deitu zidan, irailean grabatuko zela filma". Antzerkian ibilitakoa da Janire San Sebastian, baina beti taula gainean, sekula ez zen kameren aurrean jarri eta ez zekien nola moldatuko zen egoera berri horretara. "Egia esan, oso gustura sentitu naiz. Lehenengo aldiz Otabardira etorri nintzenean jende askorekin topo egin nuen eta harrituta geratu nintzen ‘non sartu naiz’ pentsatuz. Baina ondo baino hobeto zaindu ninduten eta oso pozik nago esperientzia hau bizitzeko aukera izan dudalako eta, erakutsi didaten guztiarekin aurrera jarraitzeko gogoz nago. Oso esperientzia polita izan da eta asko eskertzen diet ni aukeratu izanagatik”.

Film laburretik luzera
Aiztondo bailaran Asteasu eta Villabonako frontoietan, Otabardi nekazal etxean edota Alkiza herrian grabatu dira pelikulako irudiak. Asteasuko frontoia, esaterako, Asteasu nahiz Villabonako herritarrez lepo bete zen grabazio egunean eta harmailetan animatzaile aritu ziren haiek guztiek seguru ez dutela igandeko estreinua galduko. Orain 15 minutuko film laburra dena, etorkizunean film luze bihurtu nahi du Irati Santiagi ekoizleak, funtsa eta mamia ikusten dizkiolako gaiari. “Bi festibaletan onartua izan da filma eta ondorioz, filmak bere ibilbidea izango duela pentsatzen dut. Ea Iratik bere ametsa bete eta azkenean film laburra luze bihurtzen duen. Emakume honek hori eta gehiago egiteko gaitasuna baduela uste dut nik”, iritzi dio Agurtzane Intxaurragak, “ekoizle handia da”.

Ekoizlea: Irati Santiago Mujika
Zuzendaria: Em Johnson
Aberne: Janire San Sebastian
Aberneren ama: Agurtzane Intxaurraga
Aberneren aita: Felix Arkarazo. Tartean ibili da Iñaki Beraetxe ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!