Errebotea Villabonan bizirik mantentzeko aldarria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 5a, 02:00

Atzo, igandearekin, amaitu ziren Behar Zana elkartearen 71. urteurreneko ospakizunak. Pilota partidak, xake txapelketa, sagardo dastaketa, buruhandi eta erraldoiak, dultzainaren doinuak edota bazkari eta afaririk ez da falta izan:

[Argazkiak]

Ostiraleko buruhandi eta erraldoien kalejira edota sagardo dastaketaren ondotik, larunbat goizean V. Xake txapelketari hasiera eman zitzaion Behar Zana elkartean bertan. Gipuzkoa osotik –nahiz Nafarroatik ere bakarren bat– etorri ziren jokalariak, 36 guztira. Txapelketa ugari irabazitako jokalariak, oso maila onekoak. Eta halaxekoa suertatu zen larunbateko txapelketa ere, oso maila onekoa.
Hauexek irabazleak:
1.- Patxi Moreno (Hondarribia)
2.- Jose Luis Guijarro (Villabona)
3.- Mikel Ortega (Iruñea)
4.- Erik Juez (Zarautz)

Xake txapelketaren ordu berean, goizeko 10:00etan ekin zioten Behar Zana pilota eskolako gaztetxoek haurren pilota txapelketari Bearzana pilotalekuan. Aurrebenjamin, benjamin eta alebin mailako 90 haur aritu ziren guztira, eskuz, zuten onena ematen. Elkartean elkarrekin bazkaldu ondorenean, pilota eskolako haurren joko garbi, pala nahiz eskuzko txapelketako finalak jokatu ziren pilotalekuan.

Gauean bazkideen afaria izan zen. 90 lagun bildu zen Behar Zana elkartean afaltzera eta ondoren, urtero bezala, danborrada atera zen herriko kaleak alaitzera Incansables txarangarekin batera. Ordu txikiak arte luzatu zen festa ondoren elkartean.

Loatzo musika eskolako Geronimo dultzaina taldeak herria dianarekin girotu zuen goizean. 11:00tako errebote partida bertan behera geratu zen euriaren ondorioz. Gonbidatuen bazkaria izan zen ondoren elkartean bertan. Ehun lagun pasatxo bildu zen bazkaltzera.

Bazkalondoan, Juan Martinez bazkidea, urtetan elkartearen alde lan handia egin duena eta asteburu guztian zehar sukaldeko arduradun izan dena, ohorezko bazkide izendatu zuten. Kiko Merino lehendakariak egurrezko botilloa eman zion, izendapenaren adierazgarri. Javi Rivero edota Juan Joxe Ansak egurrezko makila jaso zuten sukaldean eginiko lanagatik. Aurtengo afari nahiz bazkariko gutizia, bakailao carpaccioa izan da, tomate txikiz eta piper saltsaz lagundua.
Era berean, joan zen urrian zendu zen Jose Inazio Santamaria 'Santa' bazkide eta pilotari ohia gogoan izan zen bazkalondoan eta txalo zaparrada eskaini zitzaion.
Pilota eskolako arduradunetako bat den Iñaki Otaegik ere hartu zuen. Elkartearen oinarria den pilota sustatzen urtean zehar egiten den lana aipatu zuen eta eskerrak eman zizkien hutsik egin gabe, Errebotearen eta pilotaren alde lanean aritzen diren elkarteko kideei. Errebotea guztien artean Villabonan bizirik mantentzeko deia luzatu zuen Otaegik. Atzokoan, Hazparneko pilota elkarteko ordezkaritza etorri zen elkarteko bazkarira eta haiei ere eskerrak eman zizkien gerturatu izanagatik. Hazparneko ordezkarietako batek kantuz eskertu zuen eginiko harrera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!