Jon Gaztañaga futbol kanpusa, Zizurkilgo Danena futbol zelaian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 6a, 02:00

Ekaineko azken astean futbolean trebatzeko aukera bikaina izango da Danena taldearen futbol zelaian. 9 eta 14 urte arteko neska-mutilek zabalik dute izena emateko aukera. www.jongaztanagakanpusa.com webgunean aurki daiteke informazio gehiago, baita izen-ematea egin ere.

Erronka handiak dituzte Aratz Irigaray andoaindarrak eta Beñat Lopetegi lezoarrak. Sport Madness enpresaren frankizia baten ardura hartu berri dute, eta dagoeneko, zenbait ekitaldi antolatzen hasiak dira. Horien artean egongo da Jon Gaztañaga futbol kanpusa. 9 eta 14 urte arteko neska-mutilei zuzendutako ekimena. Ekaineko azken astean elkartuko dira Danena futbol zelaian, futbolean trebatu eta ondo pasatzeko asmoz. Aratz Irigaray andoaindarrak azaldu duenez, “adin bakoitzari egokitutako ariketak egingo dituzte. Izan ere, ez baitira berdinak 9 urte dituen gaztetxo baten beharrak, eta 14 urtekoarenak. Metolodogia ezberdinak ditugu adin tarte bakoitzarekin lantzeko. Haurrek egiten duten kirola kalitatezkoa izan dadin nahi dugu eta horretan saiatuko gara bereziki”. 

 

Gaztañaga, bertan

Jon Gaztañaga  Errealeko jokalariaren izena darama futbol kanpusak, eta ez alferrik. “Bera kanpusean arituko da, haurrekin, futbolean erakusten eta bere esperientziaren berri ematen. Horrez gain, gurekin ere ari da elkarlanean. Babesleak bilatzeko garaian, esaterako, laguntza handia eman digu”, azaldu du Aratzek. Futbolari profesional bat bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea, beraz, Zizurkilen bertan. 

80 neska-mutilentzako tokia izango da Jon Gaztañaga kanpusean. “Entrenatzaile onak arituko dira. Haurrekin lan egiteko prestutasun berezia duen jendea bilatu nahi genuen, eta lortu dugu. Bertan izango da, esaterako, Errealeko futbol eskolako entrenatzaileetako bat”. Euskaraz izango da kanpusa eta horri ere garrantzia berezia eman diote antolatzaileek: “Begirale eta entrenatzaile guztiek dute euskaraz komunikatzeko trebezia. Beharrezkoa iruditzen zitzaigun hori”. 

 

Kirola, gozamena

80 euroko prezioa izango du futbol kanpusak. Prezio horretan, futbolean trebatzeko ariketak egiteaz gain, beste hainbat ekintza ere egingo dute gaztetxoek: “Nutrizio egokiaren inguruko ekitaldi bat izango dugu, esaterako. Horrez gain, ezusteko politen bat ere jasoko dute gaztetxoek”. Haurrek kirola lehia huts gisa ikus ez dezaten da Aratz Irigaray eta Beñat Lopetegiren helburua: “Adin hauetan ondo pasatzea da garrantzitsuena. Futbol profesionalak oso bestelako ereduak eskaintzen badizkigu ere, horixe izango da gure erronka; goza dezatela futbolean jokatzen eta kanpusetik oroimen polita eraman dezatela”. 

 

Izen-emateak

Jongaztanagakanpusa.com web orrian aurki daiteke kanpusaren inguruko informazio guztia. “Bertan egin daiteke izen-ematea. Norbaitek zalantzaren bat izango balu, bertan aurkituko du gurekin kontaktuan jarri eta zalantza horiek argitzeko modua”. 

Zizurkilgo Danena futbol zelaian egingo dute kanpusa. “Prestutasun handia erakutsi digute Danena taldeko kideek. Euren taldeko haurrentzat aukera polita izango dela iruditu zaie, eta euren babes osoa eskaini digute. Era berean, gure filosofiaren bat egiten duen taldea da Danena: gerturatzen zaizkien haur guztiei egiten diete tartea, inor baztertu gabe eta oso giro onean aritzen dira gainera”, azaldu du Aratz Irigaray-ek. 

 

Hockey-a ere bai

Ekainaren 26tik uztailaren 7ra, bestalde, beste kanpus bat ere antolatu dute bi gazteek. Hockey eta multikirol kanpusa izango da, eta Donostian egingo dute. Hockeya sustatzea da helburu nagusia eta Errealeko nesken taldeko bi jolakari izango dituzte irakasle lanetan. Beste kirol batzuk ere egingo dituzte, nolanahi ere: “Besteak beste, kirol tradizionalak ezagutarazi nahi dizkiegu gaztetxoei. Gure kulturaren zati garrantzitsu dira, eta zaindu egin behar ditugu”. 

Izena emateko garaian, aukera bikoitza emango du hockey kanpusak. “Bi astetako kanpusa izanik, aste bakarrean edo bietan izena emateko aukera izango dute. Aste bakarrean izena emanez gero, 75 euro ordaindu beharko dira eta, bi astetarako, 135 euro”. http://www.sport-madness.es/hockey-kanpusa webgunean egin daiteke izen-ematea. 

 

Krosa

Kaletxikiko krosa antolatzeko ardura ere hartu dute Aratz eta Beñatek. “Berrikuntza txiki batzuk sartuko ditugu. Esaterako, ibilbidea luzatzea erabaki dugu. Orain arte 6,5 kilometro bazituen, aurtengo edizioan 10 kilometroko luzera izango du. Jendearen eskaeren artean zegoen hori, eta halaxe egingo dugu. Horrez gain, korrikalari bakoitzak helmugan sartzen deneko argazkia eta bideoa eskuratu ahal izango du”. 

 

Kirol kudeaketa

Sport Madness ekimena da Aratz eta Beñatek frankizian hartu dutena. “Kirol kudeaketa da gure enpresaren funtsa. Kirola sustatzea da helburu nagusia eta horretarako, hainbat jomuga finkatu dugu: entrenatzaileen lan baldintzak hobetzea, bertako kirolak eta kirol gutxituak sustatzea, etab”. Enpresaritza ikasi zuten Aratzek eta Beñatek. Aratz Irigaray lanean ari zen dagoeneko, baina kirol kudeaketan aritzeko aukera suertatu zenean, berehala eman zuten baiezkoa biek ere. 

Etorkizunera begira, ikastetxeetako kirol jarduerak arautzeko pausoak ematea da bi gazteen nahia. “Begiraleen baldintzak hobetzea, metodologia egokia erabiltzea…, gauza asko dago egiteko”. Gainera, kirol instalakuntzak kudeatzeko nahia ere azaldu dute: “Kiroldegiei eman dakiekeen erabilera zehaztu, herrietako kirol jarduerak antolatu…, gauza asko egin dezakegu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!